Copy&paste vs mashup: adibide interesgarriak

mashup

Pasa den astean plagioak detektatzeko sistemei buruzko informazioaz aritu nintzen. Zorionez, sareko edukiak kopipasteatzea ez da ikasleen artean hain orokortuta dagoen zerbait eta gehienetan irakasleok bidaltzen diegun ariketaren planteamendu okerrean egoten da arazoaren muina. Ikasleak burutu behar duen lanean, zeregin nagusia informazioa bilatu eta “ezdakitzenbatorriko” txosten bat prestatzea izaten denean, kopipasteatzea tentazio handiegia izaten da, batez ere, entregatu beharreko lana irakasle eta ikaslearen arteko kontu batean geratzen denean (informazio hori webean zintzilikatu behar denean, erreparo gehiago ematen diela esango nuke).

Artikulu horren iruzkinetako batean Magicek, gure ikasleak “kopipasteatze”-aren kulturatik “mashup”-en kulturarantz gidatu behar ditugula zihoen. Eta orokorrean berarekin ados nagoen arren, nik ñabarduratxo bat gehiago erantsiko nioke berak dioenari; “mashup” batek justifikazioa dauka emaitzak eduki bakoitzak bere aldetik eskaintzen duen informazioari zerbait eransten badio, zerbait gehiago eskaintzen badu. Informazio iturri desberdinetatik eduki zatiak hartu eta denak gune jakin batean elkartzeak, berez, ez dio balio erantsirik eskaintzen jatorrizko informazioari; informazioa eskuratzeko erraztasun handiagoa izango dugu, kontsultak azkarrago egin ahal izango ditugu… besterik ez.

Mashup“en kultura geroz eta garrantzia gehiago hartzen ari den fenomeno bat da. Musika munduan aspalditik ezagutzen den fenomenoa da (hip-hop eta musika elektronikoan aspalditik ari dira abesti berriak ekoizten teknika honetan oinarrituta), bideogintzan ere poliki-poliki hedatuz doan mugimendu bat ageri da eta web aplikazio eta informazio digitalaren esparruan, duela gutxitik hona “mashup”en adibide interesgarriak ezagutu ditugu. Azken hauen garapenean garrantzia berezia izan dute bi eragile nagusiek: alde batetik, sarean ipinitako eduki libreen hazkundea eta, bestetik, hainbat web aplikazioen APIen zabalkuntza. Nire harridurarako, oso gutxik jabetu dira oraindik elementu hauen konbinazioak irakaskuntzan eduki dezaketen baliagarritasunaz. Tamalez, eduki itxien eta jabetza pribatua duten aplikazioen ekoizpen lanetan dihardute erakunde eta argitaletxe askok oraindik. “Mirame pero no me toques” (”mirame pero no me reutilices” esan beharko nuke agian) filosofiari jarraituz, edukien berrerabilpena galarazten duten produktu hauek, kontsulta soilerako erabil daitezkeen material sinpleak bihurtzen dira. Garai bateko entziklopedia erraldoiek euren edukiak poliki-poliki denon esku ipintzen ari diren bitartean, batzuei oraindik kostatzen zaie, gauzak aldatzen ari direla jabetzea.

Dena den, gatozen harira. Artikulu honen asmoa, eduki libreak eta web aplikazioak konbinatuz, XXI. mendeko irakaskuntza eredu berri batean, erabil daitezkeen “mashup” batzuen adibideak ematea da. Esan beharra dago “mashup” hauek sortzea ez dela gauza sinplea, teknikoki hainbat tresna ondo menperatzea eskatzen du. Baina horrelako jarduerak orokortzen joateko, denbora besterik ez da behar. Ziur nago, epe laburrean geroz eta errazagoak izango direla irakasleok esku artean izango ditugun mota hauetako tresnak, geroz eta errazagoa egingo zaigula elementu hauek konbinatuz jarduera berriak diseinatzea. Azken finean, denbora kontua besterik ez da.

  1. Flying through the Crusaders: jarduera honen bitartez Erdi Aroko Gurutzadek egindako ibilbideak hegan jarraitu ahal izango ditugu Google Earth erabiliz, etapa bakoitzean egindako distantzien balioak automatikoki lortuko direlarik. Jarduera honetan Wikipediatik ateratako mapa bat erabiltzen da abiapuntu bezala. Google Maps, Google Earth eta Google Spreadsheet (edota Calc) erabiliz ekoizten da jarduera osoa. Emaitza benetaan interesgarria da. Jarduera hau gure tesuingurura ekartzea ez litzateke zaila izan beharko; nahikoa litzateke Gurutzaden ibilbideen ordez antzeko beste informazio batetik abiatzea.
  2. Largest United Kingdom settlements by population: jarduera honetan Wikipedian dagoen Erresuma Batuko biztanle gehien duten hirien taula erabiltzen da erreferentzi bezala. Google Spreadsheet, Yahoo Pipes! (ikaragarria tresna honekin egin daitekeena), Yahoo Maps (Google Maps ere erabil daiteke) eta Google Earth erabiliz, Erresuma batuko hiri nagusiak bisita daitezke hauen populazioa automatikoki azaltzen delarik puntu bakoitzaren deskribapenean. Eta antzeko zer edo zer egingo bagenu Goierriko herriekin?
  3. Gone Google: Google tresnak konbinatuz aurrekoen antzeko zortzi adibide desberdina. Jarduera bakoitzak bere podcast propioa dauka prozedura azalduz eta pdf batean, jarduera egiteko prozedurak azaltzen dira. Aurrekoak baino adibide sinpleagoak diren arren, imajinazio piskatekin zenbat gauza interesgarri ekoiztu daitezkeen ulertzeko nahikoak dira.

Amaitzeko, nahiz eta aurreko “mashup”-en filosofiatik zerbait urrundu, hementxe uzten dizuet Geografiako klaseetan erabil daitekeen beste baliabide interesgarri bi:

  • IBGE·Paises@: munduko estatu guztien inguruko informazio sakon eta zabala topatuko duzue Brasilen egindako gune honetan. Populazioa, indikatzaile sozialak, ekonomia, komunikazio eta ingurugiroarekin zerikusia duen informazioa dago bertan kontsultagai.
  • SHOW/WORLD: munduko oinarrizko mapa batetik abiatuz, estatuen tamaina automatikoki aldatzen du aukeratutako arlo konkretu batean estatu bakoitzak adierazten dituen balioen arabera. Oso leku berezi eta interesgarria. Mapa mota bakoitza nahi dugun webgunean “enbotatzeko” beharrezkoa den kodea eskaintzen du gainera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.