Pasa den ostegunetik abian da, jada ofizialki, 2005-2006 ikasturtea. Irakasle lanetan hasi nintzenetik ikasturte bakoitzak ezaugarri bereziak, erronka propioak izan ditu. Egia esan ezin dizuet esan nire lana, orain arte, monotonoa izan denik, ezta gutxiagorik ere!. Eta horixe da, hain zuzen ere, pilak pizten dizkidana: Jakintza ikastolan bizi izan ditudan ikasturte guztiak bereziak izan dira eta hasi berria den hau ere ez da salbuespena. Baina norbaitek esan dit aurtengoak baduela zerbait desberdina…
- Onartu behar dut, Ordiziko ikastolako irakaslea naizenetik, gure ikastolak ahalegin handiak egin dituela azpiegitura mailan punta-puntako ikastetxe batean bihur dadin. Urteroko aurrekontuetan agertu izan dira diru zati handiak gure azpiegiturak hobetzeko konpromezuari erantzunez. Baina aurten ahalegin hori paregabea izan da benetan: patioko estalkia, areto-gela berria, komunetan izan diren hobekuntzak, margotze lanak… eta IKTeei dagokienez, zer esanik ez!: aurten bi infogela berri prestatu dira.
Lehenengoa eskolaurrean. 2 urtetik hasi eta 5 urte bitarteko ikasleek IKTeen erabileran lehen urratsak ematen hasteko gela berri bat antolatu dugu. Ilusio handiz sortutako gela da, arrazoi birengatik batez ere: alde batetik, honen bitartez Ikastolen Elkarteak sortu duen materialaren erabilpen indibiduala bultzatu ahal izango dugulako (gure haurtxo bakoitzak Tttantto, Txirritx eta Xangorekin jolastu eta ikasiko duela bermatzen dugu gela honekin) eta, bestetik, IKT planean zehaztu ditugun helburuak lortzeko bidea ipintzen dugulako. Azken hauen artean ondorengoak egongo lirateke; haur bakoitzak ordenadorea pizten eta itzaltzen ikastea, xaguaren eskuin eta ezker botoiak desberdintzea, aplikazio bat abiaraztea, etabar. Une honetan 2 urtetik 18 urte bitarterarte gure ikasleek IKTetan lortu behar dituzten helburuen planifikazioa egiten ari gara. Bukatu bezain pronto weblog honetan zintzilikatuko dugu dokumentu hori edonork kontsultatu ahal izateko.
Bigarren infogela Altamiran antolatu dugu. Punta-puntako 23 ordenadore berriz hornitutako gela da (iaztik martxan genuen ere ezaugarri berdineko beste gela bat). Kontutan izanik gure ikasleek eskura dituztela bideo eta argazki kamera digitalak, bideo-kapturadorak, eskanerrak…ekipo berri hauekin bideoa jaso eta editatzeko, argazkiak erretokatzeko, ekoiztutako materiala internet bitartez igotzeko… aukera izango dute. Aurten egin diren hobekuntzekin ordenadoreko 10 ikasle baino gutxiagoko ratioa betetzen dugu. Gure ikastolak egin duen esforzua etekin ezin hobea izan duela iruditzen zait.
- Azpiegitura mailan egindako aldaketa guzti hauek ez dute balio errealik ez badute suposatzen aldaketa bat eguneroko metodologian. Aldaketa hau gauzatu ahal izateko bi faktore ezinbestekoak direla iruditzen zait: bata, material berritzailea izatea izango litzateke eta bigarrena irakaslegoaren konpromezua. Lehenengo puntuari dagokionez esan beharra dago Ikastolen Elkarteak ahalegin handiak egin dituela azken urte hauetan teknologia berrien erabilpenean oinarritutako materialak ekoizten. Nire uste apalean material interesgarrienak eskolaurrerako eta LHrako sortu dira, Urtxintxa eta Txanela proiektu bezala ezagutzen ditugunak, hain zuzen ere . Urte batzuk dira material hauek gure ikastolan erabiltzen ditugula eta ea arestian aipatutako azpiegitura aldaketek erraztu eta hobetzen duten gure irakaskuntzaren kalitatea!. Halere, faltan botatzen ditut tresna berriak Bigarren Hezkuntzan. Eta horra non, aurten lehenengoz, erronka horri serio heltzen diogun IKTerook. Teknologia berrien ezagutzari dagokionez, azken urte hau emankorra izan da benetan eta, horrelaxe, irakasle talde batek IKTak gure eguneroko metodologian txertatzeko ausardia izan dugu. Eskaintza zabala da benetan. Gure LH 5 eta 6. mailako ikasleek beraien weblog propioa izango dute, DBH 1eko ikasleek bezala. DBHO 1. mailako ikasleek eGelaren inguruan lanketa berezia egingo dute eta DBHO 2ko ikasleek, teknoilogia berriak medio direla, hizkuntzako gaia eta fisikako gaia jorratzeko aukera izango dute.
…Murumendiko sorginak esan dit aurtengo ikasturtean uzta ederra bilduko dugula IKTerook. Ea asmatzen duen!