Badira, honez gero, egun dezente irakaskuntzarekin zuzenean erlazionaturiko bidalketa bat argitaratzen ez dugula leku honetan. Garaia da, beraz, irakasleontzat bereziki interesgarriak izan daitezkeen albisteen berri emateko.
Nora Aznar-en “Escuela y TIC” blogean arbel digitalaren erabileraren inguruko artikulu interesgarri bat irakurri berri dut. Artikulu honetan arbel digitalaren definizio zehatza emateaz gain (ez dakit irakasleok garbi dugun zein den arbel digital eta arbel interaktiboaren arteko desberdintasuna) web interesgarri baten helbide bat ematen du. Bere izena La Pizarra Digital da eta bertan baliabide honen inguruko informazio ugari aurki dezakezue: arbel digitalaren erabileraren inguruan egindako ikerketa azaltzen dirak, proiektu desberdinen berri ematen da eta dokumentazio eta baliabide ugari eskaintzen dira.
Askotan, irakasleon artean komentatzen dugu ez dela nahikoa izaten gure ikastetxeak baliabide materialez hornitzea, baizik eta, askotan gure irakasleei oinarrizko prestakuntza teknikoa eskaini behar diegula, baliabideen aplikazio errealen ereduak eman behar dizkiegula horrelako tresnekin trebatzen joateko. Hori da, hain zuzen, ere webgune honetan topa dezakezuena.
Etxe desberdinetako arbel digitalen zerrenda bat ere konsulta daiteke orriaren amaieran. Hauen artean ezagunenak SMART eta 3M etxeetakoak direla iruditzen zait. Etxe desberdinetako modeloak aztertu ondoren, Interwrite etxeak aurrekoek eskaintzen ez duten, eta benetan gustatu zaidan, produktu bat saltzen du. Arbel interaktiboaz gain aukera ematen du bluetooth konexioaren bitartez honekin harremanetan jartzen diren arbel txikiak erabiltzeko. Ikasleek arbeltxo hauek erabiliz (wmv bideoa) aukera dute beraien mahaietatik mugitu gabe, arbel nagusian azaltzen zaienarekin interakzionatzeko.Ideia interesgarria benetan.
Bukatzeko, aipatu behar da produktu hauen prezioak asko merketu direla azken urteotan. Agian garaia da horrelako arbel bat gure ikastolara ekartzeko. Ondo pentsatu beharko dugu.