Betidanik, ikerketa eta horren ondorioz ezagutzen ditugun berrikuntzak zientzialari batzuen lanaren ondorioa direla pentsatu ohi dugu. Eta, hein handi batean, halaxe da. Zientzialari hauen lanari esker, era guztietako asmakuntzak eta hobekuntzak ezagutu ditugu. Hala ere, ezezagunagoa da lan horren atzetik dagoen guztia. Ez naiz ni izango prozedura zientifikoaren xehetasunak hemen azalduko dituena, baina bitxikeri batean erreparatu nahiko nuke.
Asmakizun batzuen atzean umeen irudimena ezkutatzen da. Bai, gezurra dirudien arren, halaxe da. Sinesgaitza egiten zaigun arren, gauzak bitan pentsatuz gero, ohartuko gara honek bere logika baduela. Umeek irudimena borborka dute, kutsatu gabeko ikuspegi batez fokatzen dituzte planteatzen zaizkien egoerak edota arazoak, euren pentsaera askoz ere libreagoa da, ez dago aurreiritziz josia, libreagoak dira, “kutxatik” kanpo daude eta bertatik hitz egiten dute… Horregatik, euren erantzunek eta helduon erantzunek ez dute zerikusirik, desberdinak izaten dira, oso. Guretzat garrantzirik ez duenak, beraientzat berebiziko garrantzia izan dezake.
Beraz, aukera paregabea daukagu ideia berriak sortzeko. Eta egia da, umeei erantzukina ematen zaienean, erantzun bikainak eman ohi dituzte. Ikastetxeetan lehengaia daukagu eta ez genuke barkamenik izango etekinik ateratzen asmatuko ez bagenu. Gure ikastolan gisa honetako esperientzia bizikidetzaren inguruan burutu genuen iaz eta eginiko balorazioa ezin da positiboagoa izan. Orain, esperientzia hori beste esparruetara zabaltzea, zergatik ez?
Dagoeneko, herri batzuetan, informazio iturri hau erabiltzen ari dira euren jolasguneak eta parkeak diseinatzeko garaian. Baina udalak ez dira estrategia hau erabiltzen duten bakarrak, oso adierazgarria da ikustea multinazional batzuek ere gauza bera egiten dutela euren erronkeei aurre egiteko, umeak baitira ideia zeharo berritzaileak proposatzeko gaitasunik handiena dutenak. Hauxe da BrainStore bezalako enpresa batzuen kasua.