Azaroak 18, ostirala, zalantzarik gabe egun berezia, buruan mila sentipen eta emozio, horien artean poza eta nekea. Ikastolako atea zeharkatu eta etxerantz nindoala, ordura arte ikusteko aukerarik izan ez nuen arratsaren goria benetan ederra. Irri eta algara DBH2ko ikasle talde bat zetorren estali berri dugun patiotik ikastolako aterantz eskola kiroleko entrenamendua bukatuta. Elkarrekin topo egin genuenean, jakin min handiz izenburuko galdera egin zidaten. Egia al da? Lortu al dugu urrezko Q-a? Asko poztu ninduen galderan dagoen dugu aditzak. Hizketan luze jardun genuen ikastolako atarian ikasle koadrila jator eta alaiarekin.
Ustez solasaldia amaitu eta pausoa ematearekin batera, ihes egin nuen bezperako egunera, ostegunera. Azaroaren 17an Bilbon, Euskadiko Irakaskuntzako Kooperatiben Batzarra ospatu genuen. Pedro Miguel Etxenike zientzialari ospetsuak hitzaldi zoragarria eskaini zigun “Zientzia eta sormena irakaskuntzan” izenburuarekin. Hori bai kalitatea!. Oso gutxitan jaso ditut honelako erregaliak, bere jakinduria, komunikatzeko gaitasuna eta umorea maisuki konbinatzen ditu Isabako maisu handiak. Ba al dakizue zer esan zuen besteak beste? Cambridge edo Harvard-eko unibertsitatean egin berri duten ikerketa batek dioenez gizakiok asko jota, 20 minutuz manten dezakegula arreta hitzaldi edo saio baten aurrean. Hortik aurrera deskonektatu egiten dugula eta era guztietako fantasietara ihes egiten dugula…, beraz irakaskuntzan gabiltzanok badugu zer aldatua eta hobetua. Nik ere bai, ezin egin sermoi luze eta aspergarririk.
Esan bezala, Etxenikek kalitate handiko hitzaldia eskaini zigun, eta aipatu zigun XX. mendea zoragarria izan zela zientziaren garapenari dagokionez. Baina esan zigun frakaso handia izan zela gizartearen kohesio eta elkartasunari dagokionez. Balioak… irakaskuntzan hainbat aldiz aipatu baina behar den kalitatez jantzi ez ditugunak.
Bilbotik Ordiziara itzuliz, ostiral arratsaldean sentimenduak tropelka, alde batetik helburu garrantzitsu baten lorpena, lortu dugu! lortu dugu! urrezko Q-aren dizdira sumatzen da. Baina errealitateak berehala dio urrearen dizdira baina anitzez ederragoa eta beroagoa dela umiltasunaren dizdira. Alegia, hezur, mamizkoak garela eta erori altxa jardungo dugula ikusi eta ikasi, hobetu eta hobetu nahian eguneroko lanean. Hezur mamizkoak eta azala etorri zait burura. Etxenikek esan bezala, uste dut nik ere deskonektatu dudala. Derrepentean azalak kezkatu nau, heldutasunarekin geroz eta zimur eta azal gehiago!
Baina goazen gauza serioetaz hitz egitera, ahalegin izugarria dago gaurko egunaren atzean, urteetakoa, kasik 8 urte daramatzagu ibilbide honetan. Norbaitek esango balu, aho beroaldi batean, marketing hutsa dela kalitatearena, oso, oso, oso oker dabilela esango diogu Jakintzaren ikuspegitik edo hemen burutu dugun prozesuaren ikuspegitik.
Geurea maratoia dela esaten genuen, karrera luzea. Zalantzarik gabe esan dezaket ondo prestatuta gaudela irakaskuntzaren maratoirako, mitxelin gutxi ikusten dudala Jakintzan, konformismo gutxi dago hemen. Aitzitik sormena, berrikuntza eta hobekuntza eguneroko ikur dira gurean. Ez al da hori kalitatea?.
DBH2ko ikasle alai eta jatorrak ikastolako atean galdetzen zuten, urrezko Q-a bai eta guretzat zer? Galderen artean beraien erantzun batzuk ere entzun nituen… Aurten ordenagailu berriak dauzkagu. Halako gaia aurten beste era batean ematen dugu…Oso gustura nabil Jakintzan, irakasleak oso jatorrak dira… Ziur nago hori eta askoz gauza gehiago nabarituko dituztela Jakintzako ikasleak. Izan ere kalitatea ez bada mamira iristen, alegia gela barruan egiten den lanketara, ezer gutxi balio du.
Burutazio horiekin eta ilunabarraren koloreek zerua sekula baino dotoreago margotzen zutelarik, etxerantz nindoala, buruan nituen Jakintzako gurasoak, oraingoak eta lehengoak, irakasleak, oraingoak eta lehengoak, ikasleak, oraingoak eta ikasle ohiak nola ez! Halako batean DBH2ko ikasle koadrila artetik Aupa Jakintza! entzun nuen. Begirada beraiengana itzuli eta pozik eta zoriontsu zeuden denak, baita ere tartean zen etorkin berria, orain dela 2 egun eskolarizatua. Kalitatea da etorkina ere honela sentitzea pentsatu nuen nirekiko. Horiek horrela ikusita zoriontsu sentitu nintzen ni ere eta ozen aldarrikatu nuen Aupa Jakintza!!!