Cyberbullying

Aspalditik ari gara hitz egiten foro honetan IKTen erabileraren onuretaz irakaskuntza prozesuetan. Baina teknologia berrien erabilerak, oro har, eta komunikazio sistema berrien presentziak bereziki, orain dela urte batzuk ezagutzen ez genituen arazo berrien aurrean ipintzen gaituzte.

Aspaldi honetan hain ezaguna egin den bullying-ari buruz hitz egitera natorkizue oraingoan. Eskoletan ematen den eraso mota honetan, kasu gehienetan ikasleak aurrez-aurre daudenean gertatzen dira, hau da, erasotzailea/ak bere biktimari egiten dion jazarpena gune fisiko eta denbora une berean gertatzen da. Nik uste dut hau dela irakasleok kasu gehienetan identifikatzen duguna bullying bezala. Baina, gaur artikulu interesgarri hau irakurri ondoren, konturatu naiz teknologia berriei esker eraso moten espektroa askoz zabalagoa eta, era berean, hauen ondorioak askoz larriagoak ere izan daitezkeela. Hau dela eta, informazioa bilatzen hasi naiz eta aurkitutakoak atentzioa berezia behar duela garbi daukat.

Teknologia berrien erabileraren ondorioz (batez ere, telefono mugikor eta interneten oinarritutakoak), ikasle/irakasleei iseka egiteko edota iraintzeko jarraitutako bide desberdinak cyberbulling izenaz ezagutzen dira. Termino berri honen atzean jokabide mota oso desberdinak egon daitezke. Hauetako batzuk jarraian aipatzen dizkizuet:

  • Telebullying: izen honen bitartez telefono mugikorrarekin gauzatutako erasoak izendatzen dira. Badirudi, SMS bitartez mehatxu eta irainak bidaltzea, oso gaztetik praktikatzen den ohitura bat dela. Dezentetan gertatzen ari omen da ere, irakasle bat gelan apropos zirikatu ondoren, bere erreakzioa telefono mugikorraren bitartez grabatzea eta ondoren interneten zintzilikatzea edonork ikusteko moduan.
  • Insullblog: blogek dituzten ezaugarriei arretaz begiratzen badiegu (oso erraza da bloga sortzea, gainera publikazio sistema azkarra eta, neurri batean, anonimotasuna gordetzea nahiko erraza) ez da harritzekoa ikasle batzuk beraien erasoak bide honetatik gauzatzea; bere ikaskide edota irakasleetaz barre egiteko sistema aproposa dira blogak.
  • Griefer: Halo 2, The Sims Online, Everquest… eta horrelako bideojoko berriek, une berean jokalari desberdinen arteko partidak online jokatzeko aukera eskaintzen dute. Horrelako jokoetan jokabide deserosoak aurkezten dituztenei Griefer deitzen zaie: jokoan dauden beste kideetaz barre eginez, beste jokalarien sarrerak blokeatuz… erasotzen dituzte beste kideak.

Estatu Batuetan, jada, arazo hauek uste baino arruntagoak bihurtu dira. EE.BBtan 1500 ikasleen artean egindako inkesta baten ondorioak garbi adierazten dute arazoaren neurria: galdetutako ikasleen %42ak edozein motatako eraso elektronikoa jaso zutela onartu zuten, %32an mehatxuak jaso dituzte internet bidez eta %21ak e-maila edota SMS bitartez. Egoera honi aurre egiteko cyberbullying-ari “Stop Bullying Now!” programaren barruan arreta berezia eskaini diote.

Nire ustez, cyberbulling-ak ezaugarri bereziak ditu, erasoa larriagoa bihurtu dezaketenak: denbora-espazio testuingurua galdu egiten da (erasoa nonahi eta noiznahi gauza daiteke), honen ondorioz erasoen frekuentzia izugarri handitu daiteke eta bide berri hauetatik biktimarentzat erasotzailearen identifikazioa egitea zailagoa egiten da, zalantzarik gabe.

Ez da nire asmoa horrelako bidalketekin alarma soziala piztea, ezta gutxiagorik ere. Nik uste dut, azkenaldiko gertakarien ondoren, oso garbi daukagula zein izan behar den jarraitu beharreko protokoloa horrelako egoeren aurrean; tentu handiz jokatuz, egoerak ondo aztertuz, eta batez ere, ondo pentsatutako neurriak hartuz. Beraz, eraso mota berri honen inguruan adi egon beharko gara. Kontua da, cyberbullying-aren aurrean IKTen inguruan mugitzen garen irakasleon ardura, agian, berezia izan behar dela iruditzen zait niri, azken finean, gure ikasleek erabiltzen dituzten bitartekoak irakasle askorentzat oraindik nahiko arrotzak dira eta teknikoki maneiatzea zaila egiten zaie oraindik.

Bestalde, ikusten dizkiet nik horrelako eraso mota berriei beste eragozpen gehigarri bat ere: zoritxarrez bullying-a ez da gaurko arazo puntuala, eraso fisikoak (batez ere) eta psikikoak, aspaldiko kontuak dira eta, ondorioz, aurreko esperientziek balio izan digute gaur egun irtenbideak nahiko aguda diseinatzeko. Baina cyberbullying-a gaur egungo arazo propioa dugu, teknologia berrien garapenarekin gertatu dena. Ez dauzkagu aurreko erreferentziarik, beraz, azti ibili beharko gara eta zuhur jokatu beharko dugu horrelakoen aurrean.

Bukatzeko hemen uzten dizuedan inkestatxo honetan, norberak cyberbullying-a jasan ote duen edo ez identifikatzeko galdeketa bat egiten da. Inkesta berak izan dezakeen praktikotasun edo interesagatik baino gehiago, bertan egiten diren egoera desberdinen deskribapenarengatik ipintzen dizuet lotura hau, horrelako erasoen kasuistika desberdinetaz ohartarazteko.

Informazioa gehiago: STOP Cyberbullying

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.