Olentzero jauna zin dagizut aurtengoan txintxo portatu naizela. Nire ikasleekin inoiz baino eskuzabalagoa izan naiz eta nire lankideekin sekula baino baketsuago aritu naiz . Beraz, nire uste apalean jarraian eskatuko dizkizudan opariak merezi ditut. Hona hemen nire eskaera:
- Nire semearentzat ondorengo puzzle zoragarria eskatu nahi dizut. Enekok oso gustukoak ditu eraikuntzak, laberintoak eta puxtarriak eta, nire uste apalean, joku honek aurrean aipaturiko ezaugarri guztiak biltzen ditu. Jostailua eskuratzeko Europa osoa arakatu dut eta gertuen aurkitutako jostailu denda Bartzelonan dago. Arren erregutzen dizut nire seme maietari opari hau ekar diezaiozun.
- Nire emaztearentzat, berriz, estrategia joko hau mundiala izango litzateke. Estratega aparta dut emaztea (pazientzia handikoa eta negoziatzaile bikaina, estratega handienak bezala). Pasa den urtean jasotakoaren ondoren (IE-en irekitzea gomendatzen da) zerbait konplexuagoa eskatzen dizut aurtengorako. (letra ttipian zera eskatu nahi nizuke: nire emazteari oparituiozu jokoa baina ekarridazu niri jokoaren trukorik hobenak, ez baitut aukerarik izaten partida bat ere irabazteko)
- Eta azkenik, niretzako aspaldian bila nenbilen tramankulutxo hau. Asko dira nire etxean hautsa pilatzen ari diren binilo diskak, gehienak 80. hamarkadakoak; Iggy Pop, Peter Gabriel, The Clash, Big Audio Dynamite, The Cars, New Order… Aspaldidanik nabil ez dakidala zer egin disko hauekin. USB konexiodun disko-jogailu honekin, nire diskoteka guztia digitalizatzea “txupauta” daukat (hardwarearekin batera Audacity-ren kopia bat eskaintzen dute). Ikastolako diskoteka hornitzeko aukera ezin hobea daukagu inbentu honekin (bide batez, gure irakurleetako baten batek ez badaki zer egin bere binilo zaharrekin, lasai asko opa ditzake gure ikastolari. Ongi etorriak izango dira zuen opariak!).
Olentzero jauna, eskutitz ofizialik idazteko aukerarik eduki ez dudanez, hemen duzu nire eskarien zerrenda.
Besterik gabe, zure oparien zain geratzen naiz.
Jolaus
PD: etxean tximiniarik eduki ezean, irekita utziko dizugu etxeko Wi-Fia. Nire Skype kontura deitu eta irekiko dizut jardineko leihoa. Mila esker.