Ereindako hazia

Duela bi hilabete eta erdi, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleekin Ordizia izeneko blogarekin lanean hasi ginen. Hasieratik goraipatu dut ikasle hauen jarrera, eginiko ahalegina, lana… Askotan, lan neketsuenekin ere, jarrera ezin hobea azaltzen dute, nire lana neurri handi batean erraztuz. Egia esan, geroz eta lan gutxiago ematen didate.

10-11 urteko ikasle hauek, Informatika eta Multimedia Tailerrak ikasgaiak lantzerakoan, garatzen ari diren autonomia, jakin-mina, elkarlanerako ahalmena… ikaragarria izaten ari da. Ez hori bakarrik,aurreko bidalketa honetan, aipatu nuenez, ikasle batzuk bere kaxa hasita daude del.icio.us bezalako zerbitzuak erabiltzen (nork esango zuen duela hiru hilabete, 10-11 urteko ikasleek hori egingo zutela?). Bada, hori ez da guztia. Dagoeneko, Bloglines-en kontua ireki eta euren feed-ak jasotzen hasita daude batzuk. Pentsa dezakezuen bezala, horren berri izan dudanean gaur, zur eta lur gelditu naiz!. Izan ere, horren inguruan aipamen txiki bat egin besterik ez, eta euren jakin-minaz bultzatuta, inoren laguntza jaso gabe, iritsi dira hori egitera. Ez al zaizue harrigarria iruditzen? Niri, behintzat, bai.

Hau guztia pozik eta harro egoteko arrazoi nahikoa izanik, ez da izan gaur ikasle hauengandik jaso dudan albiste pozgarri bakarra. Izan ere, gaur jakin baitut 6. mailako ikasle batek bere bloga martxan jarri duela. Ikastolan piztutako jakingogoz etxera joan eta aitari blog propioa sortu nahi zuela esan omen zion, saiakuntzak egin ahal izateko, esperimentatzeko… Bere aitak informatikaz oso gutxi zekiela eta ezin izango ziola asko lagundu erantzun zionean, gure ikaslearen ilusioa nagusitu zen eta amore eman beharrean, familia osoa inplikatu zuen egitasmo horretan. 6 urteko arrebaren izena hartu eta Blogsomen (berak ezagutzen duen zerbitzuan) Bihurrikeriak izeneko bloga argitaratu zuen.

Euren lehen bidalketan dioten bezala, bihurrikerien berri eman eta elkarrekin une dibertigarriak pasatzea nahi dute.

Blog honetan, gertatu diren bihurrikerien berri emango dizuegu, bai guk eginak, edo beste edozeinenak. Zuen aldetik, ideia onak baldin badituzue bidal ditzakezue.

Gaur bizi izan ditudan une goxo hauengatik bakarrik, egin dugun lanak merezi izan duela esan dezaket eta erein dugun hazia fruituak ematen hasita dagoela nahiz eta horrelako uneak egunero ematen ez diren. Egia esan,honelakoak ere bizi izan ditut DBHko ikasleekin. Bizitzaren gazi-gozoak…

Bukatzeko, 11-12 urteko DBH 1eko ikasle batzuek ere aurki euren bloga abian jarriko dutela aurreratu nahi dizuet, honek dakarren guztiarekin: ardurak eta erantzukizuna hartzea… Ezin ukatu, ikasle aktibo, autonomo eta ikusberak garatzeko bide ezin egokiagoa dela!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.