Laster beteko da urtebete proiektu flipante (barkatu atrebentzia!) hau martxan jarri genuenetik. Gertu dugu, beraz, balorazioa egiteko unea. Ez naiz gehiegi enroilatuko honekin orain. IKTeroekin hasi ginenean gure helburu nagusia Jakintza ikastolaren errealitatea plazaratzea izan zen, gure esperientziak, gure informazio iturriak, gure kabala filosofikoak… denekin konpartituz. Herri txiki bateko ikastola bateko irakasleon ilusio eta gogoak transmititu nahi genizkizuen, gure ikasleekin IKTak erabiliz, izandako esperientzien berri zuekin konpartituz. Bide honetan, gauza mordo bat gertatu zaizkigu, inondik inora espero ez genituenak eta, bene-benetan esaten dizuet, erabat asetuta utzi gaituenak.
Nire helburu pertsonalen artean gure taldekide guztien esperientziak bertan azaltzea izanik onartu behar dut kosta egin zaidala nire IKTero talde osoa saltsa honetan sartzea. Halere, zin dagizuet hemen idazten dugunok bezain trebeak eta langileak direla baina beraien esperientzien berri ematea oraindik kosta egin zaie. Ez dira gu bezain lotsagabeak!!!
Paraleloan, berriz, lortu nahi genuen beste helburuetako bat gurea egin dugu: inguruko ikastoletako dinamizatzaile eta irakasleak horrelako tresna batek eskaintzen dituen abantailetaz ohartaraztea, alegia. Zirikatze lan honen ondorioz, gure irakurleei berri inportante bat eman beharrean aurkitzen naiz: garai bateko futbolisten kromo albumetan gertatzen zen bezala, guk ere “Ultimos Fichajes” delakoentzat lekua ere utzi dugu. Gaurtik aurrera ofizialki gure blogean beste hainbat ikastoletako irakasle eta dinamizatzaileek gurekin batera arituko dira IKTeroetan. Horietako batzuk, jada, ezagunak izango dituzue gure artikuluen iruzkinetan hainbatetan parte hartu dutelako. Beste batzuk saltsa honetan estrainatu gabekoak dira; poliki-poliki ezagutuko dituzue.
Ea gurekin izango duten elkarlanaren ondorioz beraien ikastoletan antzeko ekimenak garatzera animatzen diren. Ziur nago denon onurako izango dela!
Beraz, ongi etorriak denori eta, one, two, three…..let’s blog!!!!