Podcastingeatzen!

Ezin naiz kexatu. Ikasle bixi-bixiak dauzkat aurten, txisparekin. Bizpahiru aholku eman eta munduko autonomia handienarekin lanean jartzen diren horietakoak dira nire batxilergoko ikasleak (bai lehenengo mailakoak baita bigarren mailakoak ere).

Hori da Sorgintxo eta Felixukarekin gertatu zaidana. Hamazazpi urteko (edo hamasei?) bi neskato hauek atzetik izan ditut azken hilabete hauetan. Gure ikastolako irakaslea den Anariri elkarrizketa bat egin nahiean ibili dira denbora luzez. Atzetik neuzkan egun bat bai eta bestean ere bai; “noiz, non, nola… “, beraien blogean elkarrizketa eskegi nahi zuten baina etzekiten nola. Ni, bestalde, bolada txarra pasatzen ari nintzen, lanez gainezka. Baina, nola ukatuko nien bada nire ikasle hauei hainbesteko ilusioarekin egin nahi zuten elkarrizketa hori?. Ezin nien ezezkorik esan!

Konturatu nintzenerako elkarrizketa prestatu, Anarirekin irrati gelan bildu eta elkarrizketa mp3-an grabatuta zeukaten. Demontre! A ze arrankea!!!

– Jokin, jakintzazu elkarrizketa grabatu dugula. Ahal duzunean, gure blogean nola zintzilikatu esplikatuko diguzu, ezta?

– Bai, bai… lasai, ahal bezain pronto pasako dizuet zuen blogean erantsi beharreko kode zatia.

Ene bada!. Azken egun hauetan ez dut besterik egin, blog batean audio puska bat nola ipini daitekeen aztertzen aritu naiz burubelarri. Eta azkenean,……tatxan!!!!! Hemen duzue gure lehen podcasting-a!!!! Behean agertzen den barratxoan “play” botoitxoan klik egin eta nire bi ikasleek Anariri egindako elkarrizketa entzun ahal izango duzue (hurrengorako grabazioak kalitate hobeagoa izaten ahaleginduko gara).

PD: Sorgintxo gure taldetxotik joan zinenetik hutsune haundi bat daukagu gure gelan. Muxu haundi bat zuretzako!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.