Microsoft Shared Computer Toolkit

Microsoft Shared Computer ToolkitNahiz eta albiste honen berri gaur izan esan beharra daukat sorpresa handia jaso dudala konturatu naizenean del.icio.us-en toolkit honen berri jada pasa den urtearen ekainetik aurki zitekeela. Nahiz eta erdarazko bertsioa duela gutxi kaleratu, badirudi aplikazio honen ingelesezko bertsioa aspalditik zegoela eskuragarri. Beraz, ziurrenik zuetako askok Microsoft-ek eskaintzen duen dohaineko tresna multzo honen berri izango duzue jada. Halere hona hemen hiruzpalau ezaugarri interesgarri.

Aplikazio sorta honen bitartez ordenagailuak erabiltzaile askorekin partekatu behar den lekuetan (hala nola, ikastola, liburutegi, ziberkafe… ), hauek era egokian konfiguratu, babestu eta mantendu daitezke bestelakorik gabe. Microsoft Shared Computer Toolkit Windows Xp duten ekipoetan erabiltzeko optimizatuta dago soilik eta hemendik jaitsi dezakezue. Hori bai, artxiboa deskargatu ahal izateko lehenik eta behin Windows-eko lizentzia ofizialaren jabe zaretela egiaztatzen du. Horretarako “Windows Genuine Advantage” delako plugina instalatu beharko duzue eta, ondoren, duzuen lizentzia ofiziala dela egiaztatuko du. Hala bada aplikazioa arazorik gabe deskargatu ahal izango duzue; bestela imaginazioari eman beharko diozue :mrgreen:

Toolkit honen abantaila nagusienak ondorengoak dira:

  • Windows-peko diskoen babeslea: Windows-eko partizioan erabiltzaileek egiten dituzten aldaketen jarraipena egiten du; birusak, spyware edota sistemako artxiboetan egindako aldaketak monitorizatzen ditu. Ordenagailua berrabiarazterakoan, aldaketa hauek ezabatzen dira eta diskoa bere jatorrizko egoerara bueltatzen da. Halere, sistemaren edota antibirus korporatiboaren eguneratzeak mantentzeko konfigura daiteke ere. Beste edozein karpetan ere aldaketak mantendu nahi badira tresnak horretarako ere aukera ematen du.
  • Erabiltzaileen baimenen murrizketa: erregistroa ikutu gabe edota talde direktibarik zehaztu gabe, erabiltzaileen baimen lokalak murrizteko aukera ere ematen du. Hauen artean:
    – Erabiltzaile kategoria bakoitzeko idazmahai pertsonalizatua (bat HHko ikasleentzat, beste bat LHkoentzat eta beste bat DBH-DBHOkoentzat, adibidez)
    – Sistemaren hainbat gune delikatuetarako sarbidea debekatzen du, hala nola, kontrol panela edota erregistroaren editorea.
    – Datu unitate baterako sarbidea galaraztea
    – Aurretik instalatu ez den softwarea erabiltzeko aukera ezabatzen du.
    – Ikasle bakoitzak saioa abiarazten duen bakoitzean bere profilaren eguneraketa blokeatzen du.
    – Aukera ematen du ere ikasle bakoitzaren saioari tenporizadore bat atxikitzeko; aurretik finkatutako denbora muga pasaz gero saioa automatikoki ixten da.
  • Profilen administratzailea: Baldin eta C unitatea datuen aldaketekiko babestuta badago erabiltzaile kontu bat sortu daiteke D unitatean adibidez. Horrela irakasle baten profila gune honetan gorde daiteke, berak C unitatean egindako aldaketa guztiak ezabatu gabe mantendu daitezkeelarik.
  • Irisgarritasuna: Windows-ek eskaintzen dituen abantaila guztiak erabiltzeko aukera ematen du: teklatua pantailan jar daiteke, letra tamaina handiak… arazorik gabe erabil daitezke.
  • Komando lerroko tresnak: eginkizun zehatzagoak garatzeko aukera ematen du, hala nola, programa jakin bat abiaraz daiteke ekipoarekin batera, administratzaile kontuak desagertaraz daitezke ongo-etorriko pantailatik…

Bukatzeko adierazi behar da Windows Server-eko Active Directory-rekin uztartzeko aukera ere ematen duela.

Duela urte batzuk gure ikastolan Custodius txartelak erabili genituen garaiak gogoratu dizkit. Oso esperientzia ona izan nuen txartel hauekin (aurrean aipatutako eginkizun berdinak burutzen zituen baina hardwarean oinarriturik); halere ekipoak Windows Xp-era eguneratu genituen eta ondorioz txartel guztiak kutxatxo batean gorde behar izan genituen. Produktua primerakoa izan arren ezin esan gauza bera enpresari buruz. “Publicidad engaƱosa” egiteaz gain bezeroekiko atentzioa oso eskasa izan zela adierazi beharrean nago. Jaso dezatela lerro hauetatik nire gaitzespenik handiena.

Beraz, ikastetxe batetako sare administrari lana burutzen baduzu, jakinda zenbat burukomin izaten ditugun gure ikasleen arduragabekeriengatik, infogeletan Microsoft Shared Computer Toolkit instalatzea gomandagarria izango zaizula iruditzen zait. Guk ikasturte amaieran, ekipoen eguneraketa egitea tokatzen zaigunean, probatuko dugu. Esango dizuegu nola joan diren gure esperimentuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.