Aste honetan, Donostiako Ikastolen Etxean, mintegi interesgarri batean parte hartu dut. Bertan, Belgikatik etorritako Xavier Roegiers eta Alexia Peyser adituen laguntza eta ekarpena izan dugu parte hartu dugun ikastolek eskaintzen dituzten zerbitzu guztietako arduradunok eta ikastoletako beste eragile batzuk.
Mintegi honen helburua, ostiralean esaten nuen bezala, gure geroaz hausnartzea eta irakaskuntzan aurreikusten diren aldaketa sakonen aurrean gure bidearen ildo nagusiak zehaztea zen. Horretarako, ikastolok eskaintzen ditugun zerbitzu ezberdinetako (bertsolaritza, ikasmaterialak, eleaniztasuna, Xiba, IKT…) arduradunak, zuzendari batzuk eta ikastoletako beste arduradun batzuk bildu ginen “Integrazioaren pedagogia” delakoaren proposamenak entzun, landu eta gurera egokitzeko, beste gauzen artean.
Zinez, oso egun interesgarriak bertan bizi izan ditudanak. Oso garrantzitsuak diren gaiak mahai gainean jarri eta eztabaidatzeko aukera izan dugu: ikasle eta irakaslearen profil orokorra eta espezifikoa, ikasmaterialen izaera, ikastolen antolakuntza… Nolanahi ere, eztabaida honek hasi besterik egin ez duenez, ez naiz gehiegi luzatuko dagoeneko aztertzen ari garen gaietan, nire iritziz, jorratu beharko genituzkeen beste gaiak edo faltan botatzen ditudan gaiak proposatzea izango da mezu honen helburua.
Beharbada, baten batek esango du ezin direla munduko arazo guztiak mintegi batean jorratu eta arrazoia dauka, baina gure etorkizunerako horren garrantzitsuak diren erabakiak hartzeko garaian gauden honetan, derrigorrezko erabaki batzuen inguruko hausnarketa sakonagoa burutzeko ahalegin berezi bat egin beharko genukeela iruditzen zait. Horregatik, jarraian aipatuko ditudan gaiak, burutzen ari garen hausnarketa horretan sartzea da nire proposamena.
- Ikastoletako eragile guztien partaidetza: gisa honetako erabakien aurrean, ez al litzateke komenigarria izango guztion partaidetza bultzatzea eta bermatzea? Oraindik ez al gara jabetu Inteligentzia Kolektiboaren garrantziaz? Zergatik ez dugu wiki publiko bat abian jartzen lan hau (beste lan guztiekin gauza bera proposatuko nuke) aurrera eramateko?
- Korronte pedagogiko ezberdinak aztertu: “Pedagogia de la Integración” delako hori ez al dugu beste korronteekin kontrastatu behar? Esaterako, guztion etorkizunerako horren garrantzitsua den “Sarean lan egitea” ezin dugu eztabaidatik at utzi. Konektibismoa, Edupunk… bezalako teoriak ere aztertu beharko genituzkeela iruditzen zait.
- XXI. mendeko ikastolon hezkuntza proiektua: gauza batzuk nahiko garbi dauden bitartean, beste asko, nire ustez, mahai gainean jarri beharko genituzke, hala nola; teknologia irekia, eduki irekiak eta ezagutza irekia izango dira gure ardatz edo copyright-ek jarraituko du gure ikurra izaten? Zein izango da gure ikasmaterialen izaera, eginkizuna eta erabilera? Gure ikasgelen diseinuak betikoa izaten jarraitu behar al du edo gela irekien kontzeptua zabaltzen hasiko gara? Gure baliabide propioak sortzen jarraitu behar al dugu edo “mashup”-en kultura gureganatu eta dagoeneko oso ongi funtzionatzen dutenak euskaratu, egokitu, zabaldu… eta erabiltzen hasiko gara?
- XXI. mendeko ikastolen eredu instituzionala: “Ikastolak orain eta gero” izeneko dokumentua eztabaidatzen ari gara betiko eskemetan oinarrituta. Aurreikusten ari den erakunde horretan, non daude “Enpresa irekia“, “Crowdsourcing” edo “Enpresa 2.0” bezalako ideien zantzuak? Horretaz ez al dugu eztabaidatu behar? XXI. menderako, XIX. mendeko hierarkizatutako egiturei eutsi behar al diegu?
- Euskal Curriculuma: ikaragarrizko lana egin da bere ekoizpen prozesuan eta geurea egin dugu, baina aurreikusi al dugu mekanismoren bat egokitzapenak, eguneraketak edo aldaketak egiteko? Hori egin ezean, beldur naiz, Espainiako Konstituzioarekin gertatzen den bezala, ez ote zaigun “totem sakratu eta ukiezina” bihurtuko. Dagoeneko, aldaketa proposamen batzuen aurrean, argudio gisa, “Euskal Curriculuma” entzun izan dut eta horrek sekulako beldurra ematen dit.
Gaur bertan, El Caparazón-en irakurritakoak (zenbat ikasten dut blog horrekin!) gure funtzionamenduan egin beharreko hausnarketaren beharra berretsi besterik ez dit egin.
La gestión del conocimiento que se realiza correctamente no tiene por objeto extraer y almacenar sabiduría: Su objetivo es facilitar el intercambio de conocimientos y la colaboración entre los miembros de un grupo determinado, ya sea empleados, directivos o investigadores.
En lugar de obligar a la gente a adaptarse a las normas del sistema, un buen sistema de KM debe centrarse en las necesidades, las preferencias y la estructura de los conocimientos a la que la gente sea afín.
En lugar de “el conocimiento es poder”, la cultura organizativa del futuro, por tanto, debería decir “compartir es poder”.
…
En el mundo wiki no deben existir las jerarquías. Deben crearse entornos abiertos al caos.
¿Quien controla el caos? La sabiduría de las multitudes, la inteligencia colectiva. Lo diría Linus Torvalds en una frase célebre: “Si están disponibles los suficientes ojos, todos los errores son superficiales “.
Nik uste dut bide onetik goazela. Baina ahalegin berezi hau orain egiten ez badugu, epe motzean, beste bat handiagoa egin beharrean egongo garela aurreikusten dut. Horregatik, nire iritziz, abagune historiko honetan, ezin diogu errealitate berri horri bizkar eman, damutu nahi ez badugu, behintzat.