Edukien sindikazioa eta Bloglines

feedirakurgailuak

Azken egun hauetan ikastolako irakasle bulegoetan zehar bueltatxo batzuk eman ditut eta isil-isilik, hitzik esan gabe, irakasleok ordenadore aurrean ditugun lan ohiturak aztertzen aritu naiz. Lehen inpresio batean esango nuke irakasleok bulegoan ordenadoreari ematen diogun erabilera, batez ere, honetan laburtzen dela: eguneroko posta elektronikoaren kontsulta, material propioaren ekoizpena eta, batez ere, informazio bilaketa. Etapa eta irakasle ezberdinen artean desberdintasunak egon arren, atentzioa eman zidan irakasleek, bilatzen ari diren informazioarekin jo arte, zenbat denbora behar izaten zuten. Askok Googlera jo, hitz klabeak idatzi eta lortutako helbide zerrendan banaka-banaka klik eginez, Googlek bueltatutako helbideetan zerbait interesgarria bilatzeari ekiten diote. Bilaketa baten aurrean, minutuak eta minutuak pasatu dituen irakaslea ere ikusi izan dut.

Honen inguruan irakasleekin hitz eginez, jarrera desberdin asko ikusten ditut: alde batetik, material propioa sortzerakoan, informazio bila internetera jotzen dutenean, denbora galtzearen sentsazioa dutenak topatu ditut eta, bestalde, bestelako tresna hobeagoak ezagutu ezean Googlekin jarraitzen dutenak nahiz eta bilaketei ateratako etekina ez izan espero zitekeena.

Ikasleen kasuan, berriz, aurkako joera ikusten dut. Ikastolatik bidalitako etxerako lanak gauzatzeko internetera informazioa bila jo behar dutenean , lehentasun nagusiena ahalik eta denbora gutxien igarotzea da. Hori dela eta, Googlek emandako emaitzetan batere erreparatu gabe, lortutako bizpahiru esteketako informazioa pilatu (edota, guri gertatu zaigun bezala, orri osoa zuzenean Babelfish-ekin itzuli eta zuzenean irakasleari pasatu) eta, inongo kriteriorik gabe, askotan irakurri ere egin ez duten lantxoa prestatzen dute.

Garbi daukat, kasu batean zein bestean, bilaketa eraginkorragoak egiteko Googlen erabileraren inguruko ohar batzuk ikasle eta irakasleei zabaltzea komenigarria izango litzatekeela. Halere, ezin da ukatu gaur egungo webean eman den aldaketa nagusiena informazioaren hedatzearena izan dela: askotan esan dugu web 2.0 delakoak “informazioaren demokratizazioa” ekarri duela eta gaur egun sekulan baino ezagutza gehiago dagoela sarean konpartitzeko. Kontua da, garai bateko “atari tematikoak” informazio gune erraldoi eta zentralizatuak ziren bezala, gaurko World Wide Webean mikroinformazioa da nagusi eta hau sarean erabat sakabanatuta agertzen da. Hori dela eta, modu eraginkorrean informazioa bilatu, antolatu eta kudeatu nahi badugu beharrezkoak dira Google bezalako tresnaz gain, bestelako baliabide berriak ere.

Tresna hauek blogen munduan gabiltzanontzat oso ezagunak diren arren, oraindik arrotzak suertatzen dira irakasle eta ikasle gehienentzat. Konkretuki edukien sindikazio, “social bookmarking”-a eta blog bilatzaileetaz ari naiz, gure artean hain ezagunak diren Bloglines, Del.icio.us eta Technorati bezalako tresnetaz, alegia. Geroz eta garbiagoa daukat gure irakasle eta ikasleek tresna hauen erabileraren inguruko oinarrizko gaitasunak lortu behar dituztela informazio esanguratsua modu erraz eta azkarrean lortu nahi bada.

IKTerook egon garen hitzaldi eta bilera guztietan garbi uzten dugu beti gure esperientzia: tresna hauek erabiltzen hasi ginenetik gure ikasgaietarako behar dugun informazioa era errazago batean lortzeaz gain, tresna hauekin jaso dugun autoformazioak ez du preziorik. Orain arteko ibilbide labur honetan pozik gaude internetek eskaini digun formazioarekin. Ezin genuen imaginatu duela urtebete hain epe laburrean Bloglines, Del.icio.us eta Technorati bezalako tresnekin hainbeste ikasiko genuenik. Beraz, gure esperientzia hain positiboa izan bada, zergatik ez beste irakasle eta ikasle guztiei zabaldu?.

Hori da, hain zuzen, artikulu hau idaztera bultzatu nauena: aurrean aipatutako tresna horien erabileraren inguruko oinarrizko nozioak zabaldu nahiko nituzke, beti ere, erabiltzaile arrunt baten ikuspegitik, maila tekniko altuko datuak alde batera utziz. Ondorengo jarraibidea irakurrita, zerbitzu hauen oinarrizko erabilera azaldu nahi dut. Beti aipatzen dugu tresna hauen berezitasunetako bat (dohainekoak izateaz gain, noski) oso erabilterrazak direla baina badakigu horrelakoetan beti izaten ditugula hainbat errezelo edo bildur probatzen hasterakoan. Ea hemen eskaintzen dizuegun laguntzatxoarekin gai zareten, ikasle eta irakasleok, zerbitzu hauek erabiltzen hasteko.

Lehen zatian edukien sindikazio eta feed irakurgailuen inguruko informazio orokorra irakurri ahal izango duzue eta amaieran, flashean egindako tutorial txiki bat ikusi ahal izango duzue. Zuen ekarpenetara irekiak gaude

Gaur Bloglines izango da gure protagonista nagusia eta ondorengo asteetan besteekin jarraituko dut

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.