Gaur betetzen da urtebete gure blogak bere ibilbidea hasi zuenetik. Aspalditik buruan genuen ideia honek 2005eko apirilaren 11an hartu zuen forma, hilabete luze baten ostean jo ta ke lanean aritu ondoren. Gaur goizean, gure bloga martxan jarri genuenean genituen helburuei begirada bat botatzen aritu naiz. Harrituta geratu naiz konturatzean zeinen baikor (inuxente, agian?) hasi ginen lanean.
- IKTak eta ikaskuntza-irakaskuntza aprendizaiaren arteko uztarketan erreferentea izatea
- Teknologia berrien ezagutza ikastolako estamentu guztietara zabaltzea
- WWWean euskararen erabilerari bultzadatxo bat ematea
Ezjakintasunak horrelakoak ekartzen ditu askotan. Saltsa honetan urtebete egin ondoren ezagutu ditugunak orduan ezaugutuz gero, ziur nago helburu apalagoak ipiniko genizkiola gure ahaleginari. Lotsagabe xamar hasi ginen euskal blogosfera honetan. Lotsagabe bai, baian era berean lanean fin eta, atzera begiratuz, finkatu genituen helburuetatik gertu ibili garela esan go nuke.
Erreferentea izatearena handikeri bat izan daiteke agian, ez dakit. Baina zin dagizuet hasiera hasieratik ahalegindu garela irakaskuntza eta IKTak uztartzen dituzten proiektu berriak gauzatzen, bide berriak urratzen, metodologia eta baliabide berriak probatzen… Hor dituzue bestela seik eta magicek (bat eta bi) gauzatu dituzten proiektuak, jolausek eta bere ikasleek aurrera eraman dituztenak. Hauen guztien inguruko informazio sakona eman genizuen Writelyn hiruok idatzi genuen dokumentu honetan. Baina hauek gure IKT talde osoaren lanaren zati bat besterik ez dute suposatzen, agian deigarriena, kanpotik ikusten den horietakoa delako. Baina nik uste dut gure lorpenik handiena, ikastola barruan dugun antolaketa gauzatzea izan dela. Talde lanaren aldeko apustua egin genuen eta honek bere fruituak eman ditu zalantzarik gabe; zuek, irakurleok, oraindik ez dituzue ezagutzen baina Mertxek, Ainhitzek, Miriamek, Jon Mikelek eta Nereak egiten duten esfortzua egunero IKTen esparruan txalotzekoa da. Ea aurten konbentzitzen ditudan beraien esperientziak gure blogean kontatzeko!
Bigarren helburuari dagokionez, esan beharra dago aurrerapausuak ematen ari garela. Aurtengo ikasturtearen hasieran, irakasleen artean IKTen erabilera bultzatzeko, identifikatuta genituen bost jarrerei buelta ematea jarri genuen helburu bezala. Onartu behar dizuet ez dela erraza izan baina, gure esperientziek izan duten oihartzunari esker, poliki poliki jarrera hauek aldatzen doazela egiaztatu dugu: ikastolako euskara batzordeak interes handia aurkeztu du blogen inguruan, Batxilergoko hainbat irakasleek, datorren urteari begira, beraien unitate didaktikoetan zehaztutako hainbat helburu lortzeko ere, blogak erabiliko dituzte… Zalantzarik gabe bide onetik goazela adierazten du honek.
Eta, azkenik, euskarak sarean duen presentzia indartzearen aldeko konpromisoa ere garbi utzi nahi izan dugu. Euskal blogosferan azkenaldi honetan eman den hedapenaren partaide sentitzen gara, eta, neurri batean, euskal eskola komunitatean tresna hauen bultzatzaile aktiboenetakoak izan garela ere iruditzen zait. Honekin batera, gure maila teknikoa beste mudukoa ez izan arren, hainbat aplikazio euskaratzen ere ahalegindu gara. Aplikazio hauek denak hezkuntzan aplikazio interesgarriak dituztenak dira, hala nola, PHPWebquest, phpMyFAQ, Webquestions 2.0 edota ATnotes
Honetaz ez dut ezer aipatu inoiz blog honetan baina uste dut garaia heldu dela, denon aurrean aitortzeko urte honetan nire kideek lan izugarria egin dutela, ordu mordo bat sartu dituztela lanean, gauza berriak probatzen, aplikazioak instalatzen, HTML, CSS, Ajax… ikasten, klaseak teknikoki prestatzen, etengabeko prestakuntza prozesu batean murgilduta… beti ere, hasieran finkatu genuen filosofiatik baztertu gabe: gure esperientziak partekatzea, gure ekarpenak publikoak eginez, norbaitentzat baliagarriak izango direlakoan. Zoritxarrez gaurko gizartean musu truk lan egitea, bueltan onura ekonomikorik egon gabe, ez da oso zabalduta dagoen jarrera bat. Baina, esan beharra dago gure irakurleen aldetik jasotako feedbacka, errekonozimendua eta errespetoa erabat asetu gaituela eta aurrera jarraitzeko beharrezkoa dugun indarra ematen digula. Beraz, hortxe, blogaren beste aldean, zuen laguntza eskaini diguzuen guztioi mila esker. Adi! IKTero saltserook 2.0ren bila goaz eta!