Badakizue, azkenaldi honetan, IKTerook aldi batetik bestera gabiltzala gure proiektuak aurkezten eta, gaurkoan ere halaxe izan da. Irungo Berritzegunetik jaso genuen gonbitea aurrera eramaten ari garen proiektuetako bat 2006ko Berriztapen Jardunaldietan aurkezteko, DBHO 2ko euskarako bloga, hain zuzen ere. Gustura onartu genuen erronka eta Donostiako Miramar jauregirantz abiatu gara gaur goizean.
Proiektu interesgarriak aurkeztu dira bertan; horien artean, Ortuellako gure kide blogariena. Zorionak egiten ari zareten lanagatik!
Niri euskaljakintza aurkeztea egokitu zait. Blogak irakaskuntzarako tresna baliagarriak izan daitezkeela azpimarratzen saiatu naiz eta blogaren bidez aurrera eraman ditudan hainbat lanketa azaldu dut (DBHkoekin lankidetza; material berrien ekoizpena esamoldeak, sinonimoak, hiztegi batua, morfosintaxia eta abar lantzeko; istorio elkarreragileen sortze-lana…). Halaber, nire ikasleen gaiarekiko jarrera aldaketa eta prestutasuna aipatu ditut. Ohiko aurkezpen horietako bat ere prestatua eraman dut baina, azkenean, zuzenean bloga erakustea egokiagoa iruditu zait.
Esperientzia guztiz interesgarriak bizitzen ari gara IKTerook blogintzan hasi ginenetik eta, esan behar, asko ikasten ari garela. Irakasleok publiko zehatz batera ohituta gaude (gure ikasleak) eta hortik ateratzea eta jendaurrean hitz egitea ez da beti xamurra izaten (urduritasuna, azken orduko konexioarekin eragozpenak…). Horregatik, beti eskertzen da aldamenean norbait izatea, batik bat, azken orduko urduritasun horiek leuntzeko… Mila esker, magic!