Bigarren hiruhilekoan ikasleekin aurrera eraman eta euren artean oso arrakastatsu gertatu den lanketa baten berri eman nahi dizuet oraingoan: ISTORIO ELKARRERAGILEAK.
Sareak baliabide ugari eskaintzen du elkarlana sustatzeko eta nik horietako bat erabili dut, Writely, ondorengo jarduera aurrera eramateko. Aurreko batean azaldu nuen bezala, testu editore bat da, baina ez nolanahikoa. Alta eman, dokumentu bat sortu eta nahi dituzun pertsonak (50era arte) gonbida ditzakezu dokumentu horretan parte hartzera. Hau da, bakoitzak bere ordenagailutik dokumentua ireki eta bertan nahi dituen aldaketak, moldaketak, zuzenketak eta ekarpenak egin ditzake. Denak batera lan egiteko aukera ematen du, baita erabiltzaile baimendu bakoitzak nahi duen unean aritzeko ere. Kolaboraziorako baliabide aparta da.
Baina has gaitezen hasieratik. Ez dut ezer asmatuko esaten badut idazketan trebatzeko ezinbestekoa dela idaztea . Eta aurrera eramateko hain sinplea diruen baieztapena neketsua gerta daiteke ikasle zein irakaslearentzat atsegin pixka batez egiten ez bada. Nire ikasleen adinarekin (17-18 urte) idaztearen kontu honen inguruko aurreiritzia eta jarrera aldaraztea ia ezinezkoa da: atsegin duenak atsegin du eta gustatzen ez zaionari, gehienetan, ez zaio batere gustatzen (edo gorroto du). Gauzak horrela eta idazteko zaletasun hori nolabait piztu nahian, eurentzat erakargarri gerta zitekeen egitasmo bat abian jarri nuen: bakoitzak bere istorioa idatzi beharrean, gela bakoitzeko (bi gela ditugu) istorio bana ekoiztuko genuen.
Nire lehenengo urratsa, lehen aipatutako writelyren bidez, bi dokumentu sortzea izan zen. Hurrengoa, baimenak banatzea: 2Ako ikasleak horietako dokumentu bateko kolaboratzaile bihurtu nituen, hau da, bakarrik hori ikus eta edita zezaketen eta 2Bkoekin beste horrenbeste egin nuen. Bietan Arantxa Iturbe idazlearen kontakizun baten hasiera idatzi nuen, Liburuzaina da giltza (pdf) eta, ondoren, egutegi bat eta hainbat baldintza ezarri nituen:
- Ikasle batetik bestera bi eguneko epea eman nuen (aurreko guztia irakurri eta jarraipen egokia emateko denbora izateko). Esan behar da, gainera, den-denek errespetatu zutela egutegia (euren arteko egun aldaketa adostuak onartu nituen).
- Bakoitzaren ekarpena 10-20 lerro bitartekoa izango zen.
- Aurrez idatzitakoarekin kohesioa (istorioaren haria, narratzailea, ikuspuntua…) mantentzea ezinbestekotzat jo nuen.
- Ortografia arauak errespetatu beharko zituzten, noski.
- Ikasitako guztia (sinonimoak, esamoldeak, egiturak…) praktikan jartzeko aukera polita izan zitekeela gogorarazi nien; azken finean, horiek guztiak baitira ekoizpen aberats baten seinale.
- Zuzendutakoa gorriz jarriko nuen eta dokumentuarekin lanean arituko ginen denbora osoan zehar, akats horiek hor egongo ziren ikusgai (denok denon akatsetatik ikasi ahal izateko).
A zer nolako esperientzia interesgarria! Euren arteko elkarrizketak entzun behar lanketak iraun zuen bitartean! Bata besteari azalpenak eskatzen: ea zer adierazi nahi zuen honelako edo bestelako adierazpenak, protagonistaren jarrera zer dela eta aldatu zen, zergatik gertakizun hau edo beste… Denetik!
Harreman literarioa ahalbidetzeaz gain, bestelako jarrerak sustatzeko ere guztiz baliagarria izan delako irudipena dut: talde bateko kide sentitzea, elkarreragitea, integrazioa, konplizitatea…Eta, hori gutxi balitz, ikasleak, gauetan eta etxetik, kontakizunaren azken gorabeherak jarraitzen zituzten! (Writelyk nor ari den idazten, nork idatzi duen, aldaketak nork sartu dituen eta hamaika gauza gehiago ikusteko aukera ematen du). Benetan pozgarria!
Jakin-min horrek orain arte iraun du nire ikasleentzat; izan ere, gauza bat edo bestea dela, gaur arte ez baititut gure ekoizpenak argitaratu. Honek esan nahi du euren kontaketaren amaiera eta beste gelak idatzi duena ez dutela ezagutzen. Gaur izango dute horretarako aukera…
Zaila da mota honetako lanketa bat hitz gutxitan laburtzea. Helburu nagusia, idazle grina piztea, ez da egun batetik bestera lortzen. Hori garbi dago. Baina zalantzarik gabe, jarrera indibidualistak gero eta gehiago azaleratzen diren gizarte honetan, ikasleen arteko elkarlana zein talde-kontzientziazioa (bakarkako jarrerak saihestuz) sustatzeko baliagarri gerta dakiguke. Edo, horretarako bidean, pauso txiki bat emateko, behinik behin.
Amaitzeko, bi gauzatxo besterik ez. Ikustekoa da bi istorioek zein hari ezberdin jarraitu dituzten: batak, zoritxarreko protagonista baten gorabeherak (autoak harrapatu…) kontatzen dizkigun bitartean; besteak, Euskal Herriko liburutegi batetik Finlandiaraino garamatza!
Istorioak osorik irakurtzeko, klikatu ondorengoetan: