Aurreko batean adierazi nuen Pandora izugarri gustatzen zitzaidala. Egia esan, beti dut eskura musika entzuteko gune hau, Firefox-eko nire barra pertsonalizatuan klik batera, hain zuzen ere. Irrati-kanal ezberdinak sortuak ditut bertan eta umorea edo lanaren baitan, bata edo bestea entzuten dut. Dena erraz, eskuragarri eta modu erosoan.
Dena den, oraintxe bertan Bitelian irakurri dut Pandoraren web orrira sartu gabe, Pandora Desktop Player ordenagailuan instalatu eta eskaintzen duen musikaz gozatu ahal izateko aukera eskaini berri dutela. Berehala jaitsi dut nire ordenagailura eta martxan jarri dut dohaineko zerbitzu hau. Bi aukerak alderatzen baditugu (sarekoa eta ordenagailukoa), ez dugu ezberdinatasun handirik aurkituko(irrati-kanal berriak sor ditzakezu, gustuko ez dituzun abestiak pasatu, atsegin dituzunak zure kutunetan gorde…), baina zerbait aipatzekotan, publizitatearen eraso eza eta irekitzen den leihatilaren neurria (txikiagoa azken honetan) aipatuko nuke.
Aipagarria da, halaber, Mac OS X erabiltzen duzuenok aplikazio hau erabili ahal izateko, Pandoraman deituriko dohaneko musika-erreproduzitzailea duzuela eskuragarri.
Ez dago gehiago esan beharrik: niri Pandora pila bat gustatzen zait! Ezagutu nuenean, ordea, hutsune pare bat zituen: ez zen dohainekoa eta bertako musika ezin zen grabatu. Badirudi, egun, bi gabezia horiek gaindituta daudela eta erabat doan izateaz gain, entzuten den musika grabatzeko aukera ere hortxe dagoela. Azken hau ez det egiaztatu (biharko utziko dut) baina honen inguruko informazio gehiago nahi baduzue, hementxe klikatu. Hori bai, probatzen baduzue, idatzi eta gorabeherak kontatu.