Ez zaizue benetan zaila egiten ohiko hitz eta esamoldeetatik atera eta zuen idatziak hitz berriez apaintzea? Nire ikasleei, behintzat, bai! Idazketan trebatzea ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait, ez da formula matematiko bat aplikatuz ondo ateratzen den ariketa eta, nire uste apalean, horrexegatik ikasleen lehentasunen artean kokatzea kosta egiten da. Orokorrean denok, eta nire ikasleak ez dira salbuespena, nahiago izaten ditugu gure indarra berehalako emaitza positiboak lor ditzakegun ekintzetan fokatzea eta ez ditugu horrenbeste lantzen epe luzera onurak ekar dakizkiguketen jarduerak!
Aspaldi honetan konturatuta nago ikasle askoren funtzionatzeko eraz eta oso zaila egiten zait jokabide horretan eragitea. Demagun esamoldeak lantzen ari garela eta gustura aritu direla lanketa horrekin eta, hori gutxi balitz, esamolde batzuk ere barneratu dituztela. Hurrengo egunean, testu bat idazteko eskatu eta ehuneko handi batean horietako bakarren bat sartuko du bere ekoizpenean zalantzarik gabe. Primeran! Baina ez da hor amaitzen kontua. Handik denbora batera, beste zerbaitekin ari zarela, beste idazlan bat izkiriatzeko eskatu eta zer faltako da? Esamoldeak, ziur!
Gauza bera gertatu zitzaidan lehengo egunean. Hautaprobetarako jarduera bat prestatzen ari ginela (bi esaldi lokailuen bidez uztartu), puntuazioarekin gora eta behera ibili ginen denek ondo ulertu arte dena den, hala ere eta mota honetako lokailuak nola idazten diren puntuazio aldetik. Ondoren, iazko azterketa bat egiteko eskatu nien. Bada, guztiz kuriosoa izan zen gertatutakoa! Aipatutako jardueran, lokailuak idazterakoan, ederki asko idatzi zituzten (puntu eta koma aurretik, koma ondoren…) baina ondorengo idazlanean lokailuak berriz ere gaizki! Zer egin daiteke horren aurrean? Pixka bat haserretu bai, baina gero? Nola lortzen da, esaterako, sinonimo zerrenda luze batetik ikasitako bakar batzuk euren idatzietan sarraraztea? Azken galdera honentzako erantzunik ez badut ere, lehenengoa (sinonimoak ikastearena) atseginago bihurtzeko ideiak ez zaizkit falta eta, horregatik, aurretik egindako ariketa sortari beste bat erantsi diot: EGAko azterketetan ateratako sinonimoak lantzeko GURUTZEGRAMAK.
Gauzak horrela, euskaljakintzako atal hau honela gelditzen da (oraingoz):
- 1-8: Testuinguruaren laguntzaz sinonimoa eman (flash). Adibide bat ikusi.
- 9-18: Ezkerreko zutabeko sinonimoak eskuinekoekin lotu (flash). Adibide bat ikusi.
- 19-23: Sinonimo-gurutzegramak (berria): 1, 2, 3, 4 eta 5.
– Gurutzegramak elkarri lotuta daude; beraz, nahi izanez gero, denak jarraian egin daitezke.
Honekin nahikoa ez dela argi dago, baina sinonimoen zerrenda barneratzen saiatzeko modu erakargarria izan daiteke (betiko zerrenda amaigabea buruz ikastea baino atseginagoa, behinik behin). Zin dagizuet ariketa hauekin zerbait ikas daitekeela; nik, behintzat, horietako batzuk barruratu, nireganatu eta barrendu ditut! Orain, eguneroko jardunean, praktikara eramatea baino ez zait falta.