Aurreko batean, izugarri gustuko dudan Google Calendar-i buruz idatzi nuen. Harrezkero, IKTerook ohiko tresna bihurtu dugu gure jardunean. Urrutira jo gabe, duela aste pare bat magicen gonbidapena jaso nuen Google bidez, larunbatean ospatu genuen ikastolaren egunerako. Mezuan, gonbidapen itxurako laukitxo batean, ekitaldiaren gorabehera guztiak azaltzen ziren: non, noiz, zer, tokiaren mapa eta esteka bat ekintzaren orri nagusia bistaratzeko. Behin hara joanda, luzatutako gonbidapenari baiezkoa/ezezkoa emateko aukera izateaz gain, iruzkinak gehitu eta gonbidapena jende gehiagori zabaltzeko parada ere izan nuen. Gustatu zitzaidan, bai, eta berehala sartu nintzen nire Google Calendar-ean. Gonbidapenak bidaltzea benetan erraza dela jabetu nintzen (zeregin berri bat sartzen duzunean, eskuinean add guests aukera erabili, besterik gabe!). Nik baiezkoa esan nuenez, larunbata aurretik mezu pare bat jaso nituen hara joateko hitz eman nuela gogoraraziz. Pentsatu nuen honi buruz idaztea baina atzera bota nintzen erabiltzaileek ezagutuko zutela pentsatuz. Dena den, Google Calendar-ekin lotutako beste zerbitzu baten berri izan dudanean, biak batera azaltzea otu zait.
Bigarren hau gure blogean egutegi hauetako bat ipintzea da. Zertarako? Bada, adibidez, taldean egin beharreko zerbaiten egutegia zuzenean jarraitzeko (lana, kirola…). Ez dakit, bururatzen zaizuen guztia…
Hona hemen zure blogean Google-eko egutegi publiko bat txertatzeko eman beharreko urratsak:
- Hautatu zure Google Calendar-eko egutegi zehatz bat (badakizue egutegi bat baino gehiago kudeatzeko aukera ematen duela) eta eskuinean duen hiruki txikian klikatu (5 aukerako menu bat zabalduko da).
- Share this calendar jartzen duen aukeran klikatu (gure blogean egutegia ipini nahi badugu, lehendabizi egutegia publiko bihurtu behar dugu). Markatu bigarren aukera: Share all information on this calendar with everyone
- Leihatila horretan bertan hautatu Calendar Details (goiko aldean, ezkerrean) eta, ondoren, Calendar Address-eko HTML sakatu(laukitxo urdina).
- Bi aukera:
- Alde batetik, esteka bat ematen digu (gure egutegiaren URLa, edonon txertatzeko)
- Bestetik, Configuration tool bidea jarraituz, gure egutegiaren HTML kodea sortzen du gure webgune edo blogean ipintzeko. Eta horixe da guztia!
Amaitzeko, honi guztiari botoia gehitzea aholkatuko nizuke. Bera klikatuz, edonori zure egutegi publiko hori berean txertatzeko aukera ematen baitiozu. Botoi honen kodea lortzeko, besterik gabe, bigarren urratsean azaldu dugun share this calendar delakora joan. Hantxe topatuko duzue kodea.
Baina onena azaldutako guztia ikustea izango da; horretarako, klikatu hementxe.
Informazio gehiago:
- Google Calendar en nuestro blog/web: Genbeta.
- Google Calendar en tu blog: ñblog
Interesgarria Safari erabiltzen duzuenontzat:
Google Calendar ya soporta Safari: Bitelia.