Empressr: online aurkezpenak (III)

aurkezpena

Aurreko batean, ikasleekin hainbat lanketa egiteko (gela aurrean ikasleek multimedia aurkezpenak egiteko, hain zuzen ere) PowerPoint motako tresna baten bila nenbilela idatzi nuen. Zein ezaugarri izan beharko luke guretzat nahikoa izateko? Bada, garrantzitsuena PowerPointek eskaintzen dituen oinarrizko aukerak izatea litzateke (hainbat txantiloi, kolore eta letra tamaina aukeran, estekak eta multimedia artxiboak txertatzeko posibilitatea, erabilterraza…) ohiko aurkezpen bat egiteko tresna ahaltsu bat, azken finean, eta hori guztia sarean (web 2.0) eta kolaboraziorako prest. Ez dakit asko eskatzea den baina guri horrelako zerbait oso ondo etorriko litzaiguke!

Zeregin horretarako bi aplikazio baino ez nituen ezagutzen (Thumbstacks eta Zoho), jolausek Empressr izeneko beste baten helbidea bidali zidan arte. Egun hauetan, alta eman eta saltseatzen ibili naiz. Ikasleekin erabiltzeko aukera polita izan daitekeela iruditzen zait (nik eskatzen nuen guztia, behintzat, betetzen du…)

Zer da Empressr?

Empressr Ajax/Flash-en oinarritutako web 2.0 aplikazio bat da. Aplikazio honen bitartez, online aurkezpenak sor, parteka eta gorde daitezke. Ondorengo ezaugarri interesgarriak ditu:

  • Bideo, audio eta flash aurkezpenak txerta daitezke (Flash jakin gabe, noski!)
  • Grafiko eta taulekin lan egin daiteke
  • 100 letra mota, clip art irudi animatu ugari eta atzealderako irudi mordo bat ditu aukeran.
  • Maiz erabiltzen diren baliabideak (irudiak, bideoak…) liburutegi pertsonalean gorde daitezke.
  • Aurkezpenak sortu eta sarean gorde daitezke.
  • Interneteko konexioa dagoen edozein tokitatik sar zaitezke zure aurkezpenetara (ez daukazu pendrive-arekin bueltaka ibili beharrik).
  • Aurkezpena gordetzerakoan, URL helbide bat sortzen da. Beraz, segundo pare bateko gauza izan daiteke nahi duzunarekin zure ekoizpenak partekatzea.
  • Eta, jakina, hau guztia dohain!

Oraingoz, ez du inportatzeko/esportatzeko aukerarik eskaintzen baina hemendik gutxira hori eta beste hainbat erantsiko dizkiotela agintzen dute eta hori guztiz interesgarria litzateke, ezbairik gabe. Alta eman gabe proba daiteke; halere, ekoizpena ezin da gorde.

Aplikazioa erabilterraza eta intuitiboa da. Dena den, erabilera zuzenean ikustea saltseatzen ibiltzea baino eraginkorragoa dela pentsatzen duten horietakoa bazara, alta eman eta aurkezpen berri bat hasi. Bertan help izeneko botoiari eman eta lau bideotutorial labur eta guztiz praktiko topatuko dituzu (testua/buletak/taulak; lerroak/formak; irudiak/bideoak eta diagrama/grafikoak). Denak ikusteko 10 minutu baino ez dira behar eta benetan merezi duela pentsatzen dut.

Powerpoint ordezkatzeko oraindik asko gelditzen da baina badirudi bide onetik goazela. Urrutira jo gabe, lehengo egunean, nire lagun Teketenekin aurretik aipatutako bi aplikazioei buruz hitz egiten ari nintzela (Gorka ere nire modura dabil honelako zerbaiten bila), bai Zohok eta bai Thumbstacks-ek aurrera pauso garrantzitsuak eman dituztela kontatu zidan. Nik uste, dena den, hirugarren honek aukera gehiago eskaintzen dituela. Ea zer deritzozun, Gorka!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.