Gaur, Sergio Montororen idatzi bat La pastilla Rojan irakurri dudanean, harrituta gelditu naiz izenburuarekin: “Poner PCs aumenta el fracaso escolar”
Hori ikusita, berehala hasi naiz artikulua irakurtzen eta, nire iritziz, izenburua edukiarekin bat ez datorren arren, ideia batek nire arreta piztu du:
Yo creo que esto es causado por intentar solucionar con tecnología un problema que no es tecnológico. No estoy para nada en contra de poner más PCs en las escuelas. Mi argumento es que la piedra angular del sistema educativo es el profesor y en España los profesores están mal pagados, desmotivados y a menudo desconectados del mundo de la empresa.
Erabat ados!
Gaur bertan, IKTerook izan dugun bileran gisa honetako hausnarketa egin dugu. Gure Hezkuntza Sistemak antzinatasuna besterik ez du saritzen. Zenbat irakasle dago motibaziorik gabe mila proiektuetan ikaragarrizko ahaleginak egin eta gero beraien lan eskerga ez delako inondik inora errekonozitzen? Zenbat dira “militante” izatetik “funtzionario” (hitzaren esanahi ezkorrenean) izatera pasa direnak? Zenbat ahalegin Euskararen erabilera sustatzeko? Zenbat ahalegin metodologia berritzaileak inplementatzeko?… Eta gero, zer? Ezer ez. Inongo saririk ez, inongo abantailarik ez, inongo errekonozimendurik ere ez.
Horrela ulertzekoa da irakasle askoren motibazio eza. Okerrena, ikastetxeek ez dutela behar adinako ahalmenik edota baliabiderik politika alternatiboak aurrera eramateko. Trienioak dira hezkuntzan kontatzen dutenak, gainontzeko guztia alde batera gelditzen da eta Administrazioek ez dute ezertxo ere egiten egoera hori aldatzeko
Askotan esan dugu ez dela nahikoa ordenagailu berri eta ahaltsuak izatea, beharrezkoa dela irakasleen konpromisoa formazioa eskuratzeko, metodologia berriak inplementatzeko (teknologia berriak edo beste baliabideak erabiliz), irakasleon prestigioa berreskuratzeko eta egungo egoerari buelta emateko. Baina Administrazioak honi guztiari bizkar ematen dion bitartean, nekez lortuko da irakaskuntzaren egoera aldatzea eta datozkigun erronka berriei behar bezala erantzutea.
Hori bai, beti topatuko ditugu erromantizismoz beteriko ale batzuk Kixoteren antzera haize erroten aurka borrokan, baina erromantizismotik ezin da bizi.