Gogor aritu dira lanean azken urte honetan Matt & Company. WordPress-en garatzaile nagusia eta bere taldea ez dira lo geratu honek izan duen arrakastaren ondoren eta beta fasean zituzten hainbat produktuen bertsio ofizialak kaleratu dituzte azken egun hauetan.
Duela gutxi bbpress, foroak sortu eta kudeatzeko aplikazioaren 0.72 bertsioa ipini dute kalean. WordPress bezala, oso erraz instalatzen den aplikazioa da. Gainera, lehenengoarekin sorturiko erabiltzaile datu-basea konpartitzeko aukera ereb eskaintzen du, hau da, blogea jadanik izena emanda duten erabiltzaileek fororako sarbide zuzena lortzen dute. Nik, dagoeneko, instalatu dut eta laister hasiko naiz nire ikasleekin erabiltzen.
Aplikazio berriekin jarraituz, gaur bertan kaleratu dute WordPress MU 1.0 bertsio ofiziala. Aplikazio honekin multierabiltzailedun multiblogak sor daitezke datu-base bakar batean oinarrituz. Duela hilabete batzuk aproba batzuk egin nituen, bai WordPress MU-en beta bertsioarekin eta baita honen antzekoa den Lyceum aplikazioekin ere, baina berehala utzi nuen alde batera, gure intranetean hauekin kudeaturiko blog sistema bat sortu eta kudeatzeko asmoa: arazo gehiegi, bata ala bestearekin, blogak abian ipintzeko. 1.0 bertsio ofizial honetan, badirudi asko sinplifikatu dela instalazio prozesua. Ez dakit, probatu beharko dut ea egia den eta esango dizuet.
WordPress MU-en garapenean, garrantzia berezia izan du dohaineko blogak sortzeko WordPress.com atariak. Azpian WordPress MU bat instalatuta duen gune honen arrakastaren ondorioz, MU bertsioa izugarri hobetu dute, era berean, WordPress.com zerbitzuari hobekuntza ugari gehitu dizkiotelarik. Nire uste apalean, WordPress.com une honetan blogak dohain sortzeko dagoen plataformarik erabilterrazena, sendoena eta seguruena da. Une honetan blogaren ia interfaze osoa euskaraz konfigura daiteke (oso baliagarriak horretarako widget bitarteko pertsonalizazio sistema) eta , oker ez banago, dagoeneko euskaraz kudea daiteke admin gune osoa.