Asteazkenean UEUk unibertsitatea.net ataria aurkeztu zuen Zientziaren Kutxaguneko planetarioan. Egun batzuk lehenago, antolatzaileen aldetik gonbidapena jaso genuen ekitaldian hitz batzuk esateko eta gure txoko honetatik gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu euskal unibertsitatearen unibertsoan sartzen uzteagatik.
Gu ez gara unibertsitate esparrukoak baina bai sentitzen dugu gure harremana zuzen-zuzenekoa beharko lukeela izan alor guztietan. Izan ere, guk elikatuko baititugu jakintzaz eta jakin-minez gerora unibertsitarioak izango diren ikasleak. Eta horrek, ezbairik gabe, adierazi nahi du bidea bera dela guztiontzat nahiz eta ibilibidearen fase ezberdinetan topatu. Beraz, elkarrekin partekatzeko ideia, egitasmo eta beste hainbat proiektu dezente izan ditzakegu eta aurkeztu genuen webgunea izan daiteke horren adibide garbi bat.
Unibertsitatea.net-ek baditu, gutxienez, bi puntu gurekin lotura zuzen-zuzena dutenak: teknologia eta orientazioa. Guretzat teknologia berrien erabilera nahiz orientazio zerbitzua zein baino zein garrantzitsuagoa da eta hori azken bi urteetan teknologia berrien esparruan gure ikastolan izan dugun mugimenduan isla daiteke. Lehendik ere, beste toki askotan bezala, gure arteko komunikaziorako, lanerako, gure apunteak izateko, eta abar erabiltzen genituen, noski, baina azken bi urte hauetan buruetan lehentxeagotik genuen erronka hiruri heldu nahi izan diegu, teknologia berriak zuzenean ikasleen mesederako erabili, web 2.0ren filosofia hedatu eta euskararen presentzia sarean zabaltzeari, hain zuzen ere. Denon eskura, dohain dauden tresna hauek gure geletara eraman nahi genituen azken finean.
Zeintzuk izan dira orain arte teknologia berrien erabileragatik jasotako onurak?
- Baliabide erabilerrazak, malguak eta ahaltsuak direnez, alfabetatze teknologiko azkarra ahalbidetzen dute.
- Jakintzaren kudeaketa aldatzeko aukera ematen dute (erabiltzaile eta irakurle pasiboa izatetik jakintzaren sortzaile izatera).
- Elkarlana eta partaidetza sustatzen laguntzen dute.
- Autonomia bultzatzen dute.
- Ezagutza denon artean eraikitzeko aukera ematen dute.
- Irakaslearen ohiko “rola” aldatzeko parada eskaintzen dute (denok denongandik ikasten dugu)
- Klaseak aktiboagoak eta dinamikoagoak izateko bidea ematen dute
Dena den, nik esparru zehatz batean izandako aldaketa azpimarratu nahiko nuke, ikasle-ikase eta ikasle-irakasle arteko harremanean emandako urratsa, alegia. Harreman hauek ez dira klase orduetara mugatzen. eta ikasleen motibazioa, jakin-mina eta balorazioa nabarmenki igo dela esan daiteke.
Jaio berria den orientazioa.net guneak aukera hauek guztiak ematen ditu. Modu eraginkor batean kudeatzen bada eta harrera ona badu, potentzialitate handiko tresna da. Batxilergoko tutore naizen heinean, eta, ni bezala pentsatzen dut beste ikastetxe guztietako irakasle-orientatzaile eta tutore guztiak, beti gabiltza ikasketa unibertsitarioen informazio eguneratuaren bila. Esan behar, gure orientazioko ordu dezente ere ordenagailu gelan ematen ditugula gune honek eskaintzen hasita dagoen informazio horren bila. Zalantzarik ez dago, beraz, gune hau erabiliko dugula hemendik aurrera eta ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatuko garela.
Bertatik bi atal azpimarratuko nituzke: ZER IKASI NON IKASI eta ORIENTAZIO ZERBITZUA. Unibertsitatera sartzear dauden ikasleek euskarazko zein ikasketak topa ditzaketen eta haiei buruzko zehaztasunak webgune bakar batean biltzea guri oso baliagarri gerta dakiguke. Gainera, bilaketa horiek modu erraz eta ezberdinetan egin badaitezke (jakintza arloa, zikloa, lurraldea, eta abarren baitan), are gehiago!
Hori interesgarria izanik ere, oraindik azpimarragarriagoa iruditzen zait informazioa partekatzeko ematen duen aukera: lanak, kezkak, zalantzak eta, batik bat, otsailetik aurrera abian jarriko den orientazio pertsonalizatua. Ikasleek zuzeneko informazioa jasotzea eta elkarreragitea garrantzitsua da oso, askotan propagandarako triptiko eta paperetan ez baita ematen eurak behar duten informazio guztia. Zuzeneko hartu-eman hori, nire ustez, aberatsagoa izan daiteke bai gure ikuspuntutik (informazio eta ahoku bila joaten garenon ikuspuntutik) baita unibertsitatekoen ikuspuntutik ere, elkarreragite horrek eraldatzeko eta hobetzeko bidea ere eman baitezake…
Honako hauek dira jada martxan dauden zerbitzuak eta hemendik gutxira martxan jarriko dituztenak (Berriatik aterata):
Jada eskura
- Ziztu bizian: Unibertsitateko albisteak, argazkiak eta blogak. Asteko kontuekin buletin bat zabalduko dute, eta jasotzeko, harpidetu egin daiteke.
- Zer ikasi, non ikasi: Euskaraz egin daitezkeen ikasketei, unibertsitateei eta unibertsitateen arloan lan egiten duten erakundeei buruzko informazioa.
- Otarrea: Unibertsitate arloko lanak, txostenak, apunteak eta bestelako agiriak partekatzeko gunea.
2007-aren hasieratik
- Erreminten kutxa: Interneten euskaraz ikasteko eta ikertzeko dauden baliabideen bilduma.
- Ikaslearen txokoa: Etxea, egoitza… aurkitzeko, gauzak saltzeko, erosteko edo lana aurkitzeko txokoa.
- Behatokia: Unibertsitate ikasketei buruzko informazioa eskainiko da, estatistiken eta txostenen bitartez.
2007ko otsailetik
- Aholkularitza zerbitzua: Unibertsitatean sartu nahi duten ikasleei, unibertsitateko ikasleei eta unibertsitateko ikasketak amaitzear diren ikasleei aholkularitza eskaintzeko gunea, foroen eta adituen iritzien bitartez.
Mila esker berriz ere honelako ekitaldi batean gure ikuspuntua azaltzeko aukera eskaintzeagatik. Zorterik onena opa dizuegu ibilbide berri honetan, zuen arrakasta gu guztiona izango baita!