Sustatu

Gaur, arratsaldeko 6:30ean Arrasateko Klaustroan izango gara. Sustaturen 5. urteurrena ospatzeko antolaturiko jaia aukera paregabea baita Euskal Blogosferako aurpegi zahar batzuk berriro ikusteko eta ezagunak egiten zaizkigun izen batzuei aurpegiak jartzeko.

Baina ez da hori bertara joateko daukagun arrazoi nagusia, guretzat, Sustatu blog bat baino gehiago izan baita. Euskaraz idatzitako informazioa aurkitzeko aukera bakarrenetakoa izan da denbora luzez, eztabaidarako ia aukera bakarra, gauzak egiteko estilo berria, egunerokotasuna fokatzeko era berri bat… Horregatik guztiagatik eta beste gauza askorengatik, Sustatu Euskal Blogosferaren erreferente garbia izan da eta, nola ez, guretzat erreferente bat izateaz gain, laguntza eskaintzeko beti prest egon den talde jator bat.

Lasai, ez dizuet xaboia eman nahi. Ez dezala inork pentsa iPod bategatik makurtzen ari garenik, ezta pentsatu ere. Nik Benitoren Baldorba edo Klaus Nomiren kantak entzuteko, nahiago ohiko tresnak eta bafleak. Ez dut uste, baina, nire taldekideek gauza bera esango dutenik. smile

Egia esan behar baldin badut, gaurko hitzaldiak ongi egongo dira, baina itxaropen handiagoak ditut ondorengo “aperitive”an (egongo da, ezta?), batez ere nire bi kideengatik. Hauek, horrelakoetan, duten sakea agerian uzten baitute.

Bukatzeko, ospakizuna behar bezala igarotzea eta hartu-emanak sendotzeko aukera ez galtzea opa nahi diet bertara joango diren guztiei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.