Aurrekoan, ikasleekin ortografia lantzeko asmoz, euskaljakintzakook 20 ariketako sorta prestatu genuela azaldu nuen. Idazteko une hartan, esperientzia oraindik zintzilik zegoen; izan ere, ikasleekin praktikara eramateko astirik ez bainuen izan. Azken egun hauetan, ordea, lanari azkena eman diogu eta, esan beharrean nago, saioa erabat interesgarria suertatu dela.
Hasteko, ikasle guztiei 20 ariketak egiteko eskatu nien. Bitxia izan zen ikustea bikote batek beste bati ariketa erraza edo zaila jarri izana leporatzea, hitzen bat edo beste jarri zuenak ere ez zuela ezagutzen botatzea, ariketetan azaltzen ziren herriak bazirenik ere ez zekitela aitortzea… Hitz batez, niri gustatzen zaidan legez, saltsa egon zen ariketak egiten ari ziren bitartean. Ikasle bakoitzari 20 ariketa horietatik gaizki egindako hitzen zerrenda osatzeko eskatu nion. Zintzo helarazi zizkidaten zerrenda guztiak eta 25 ikasleen akatsekin taula bat osatzea izan zen hurrengo pausoa. Asmatu duzuen bezala, hitz horietako asko errepikatu egiten ziren zerrenda joan zerrenda etorri. Baietz igarri zein izan zen gehien erratutako hitza? Bada, berdinketa eman zen leiho eta herdoil hitzen artean. Lehenengoa, irakasle guztiok dakigu klasiko bat dela, urtero-urtero eta erremediorik gabe errepikatzen den horietakoa: leiho. Beraz, ezusteko handirik ez horraino. Bigarrena, aldiz, ez nuen espero. Herdoil, herdoildu eta horietatik eratorritakoen zailtasun bereziaz ohartu gabe nengoen orain arte. Hemendik aurrera, nire ohiko akatsen glosategian sartuko dut (azken urteetan ikasleen idazlanetan topatu ditudan akats ohikoenekin Moodle-en glosategi bat prestatu nuen, bisitari gisa sartu ikusi nahi baduzue).
Guztira 25 ikasle direla kontuan izanik, 4 aldiz edo gehiago errepikatu direnak baino ez ditut sartu aurtengo akatsen zerrenda orokorrean. Herrien izenak ere zerrendatik kanpo utzi ditut. Beraz, honela gelditu da akatsen errepikapenen behin-betiko sailkapena:
- 12 aldiz : leiho, herdoil
- 10 ” : horditu (mozkortu)
- 9 ” : haatik (alabaina, hala ere), okela
- 8 ” : hurko
- 7 ” : auhen (negar-zotin), alabaina, erbeste, esamesa, ospe
- 6 ” : alferkeria, behatoki, aztura (ohitura), burdina, erietxe, hagaxka (varilla), ildo, izanez gero, mihise, oihal, pitzarazi (piztu aditzaren arazlea), sorrarazi, urrun
- 5 ” : anhidrido, biderketa, hagitz (oso), harkaitz, harpe (haitzulo, haizpe, kobazulo), herren, oihandar (basotar, basati)
- 4 ” : arrautza, arroz, ausardia, baihintzen, egia, existitu
Ikus daitekeenez eta logikoa den bezala, h-a izan da arazo sortzaile nagusiena; dena den, -a itsatsiak ere nahiko lan eman die (egi ala egia?)
Amaitzeko, alde batetik, ariketa bat prestatu dut denentzat akats orokor hauek lant ditzaten eta bestetik, neurrira egindako beste 25 ariketa (bana ikasle bakoitzarentzat). Orokorra hementxe uzten dizuet, besteak oraindik ez ditut publikoak egingo kontrol gisa erabiltzeko asmoa baitaukat. Oraingo honetan, leiho hitza ondo idazten ikasten ez badute, norbaitek esan diezadala mesedez zer egin, niri ez zait ezer gehiago bururatzen eta!
Ariketa egiteko, klikatu irudi gainean: