Bi baten prezioan: blogwikiak eta elkarlanerako proposamen bat.

IKT arlo honetan, siestara joan eta esnatzen zarenerako, dozena erdi zerbitzu berri dituzu zain zure jario bilgunean. Horretaz ez dago zalantzarik. Niri, behintzat, nekez ematen dit denbora berrikuntza guztien trena harrapatzeko; dena den, aitortu beharrean nago, blog edo wiki hitzak irakurri orduko, radarra martxan jartzen zaidala. Ez bakarrik radarra, begiak eta orduak ere horrelakoen atzetik joaten zaizkit askotan, eta ondo hornituta egon arren, beti egiten diet toki baliabide berri hauei.

Jakinak dira blogak irakaskuntzari ekar dakizkiokeen onurak, asko hitz egin dugu horren inguruan. Atzo bertan, magic eta biok aurkezpen batean horri buruz luze aritzeko aukera izan genuen (azalpena emateko magicek prestatutako mapa kontzeptuala, Gabriela Tejada irakasle argentinarraren mapan oinarrituta). Wikiei buruz ere mintzatu ginen (hementxe duzue nik erabili nuena, aurrekoan oinarrituta). Bi tresnen arteko ezberdintasun nagusienak aipatzeko, aldiz, aurkezpen hau erabili genuen (blog vs wiki). Nire ustez, wikiak oraindik nahiko ezezagunak dira. Askok izan dugu horien berri edo probatu dugu bakarren bat, baina guk uste baino gutxiago erabiltzen direla esango nuke nik, batik bat, gure inguru honetan. Lastima, wikiek eskaintzen dituzten aukerak mugagabeak baitira! Are gehiago, elkarlana, lankidetza, talde lana, parte-hartzea eta kolaborazioa bultzatzeko baliabide aproposenak izan daitezkeelakoan nago. Bada, bakoitza bere aldetik (bloga eta wikia) erreminta ahaltsua bada, imajinatu biak batera! Azkenaldi honetan, hainbatetan egin dut topo blogean bertan wikiak integratzen dituzten eskaintzekin. Orain arte, nik dakidala, blogekin aritzen zirenek wiki bat irekitzen zutenean, euren blogetan esteka jartzen zuten eta listo. Edublog eta Netcipia bezalakoekin, ordea, posible da bi baliabideak uztartzea.

NetcipiaNetcipiak gune edo “space” orokor bat jartzen du gure eskura. Gune orokor horretan nahi adina azpigune sor ditzakegu eta horietako azpigune bakoitzean blog bat eta wiki bat (nahi adina orrirekin). Guztiz baliotsua irakasleontzat! Gure jardun osoarentzat “space” orokor bat sor dezakegu eta, ondoren, gai bakoitzarentzat, blog eta wiki bat eta guztia administrazio gune bakar batetik kudeatu. Interesgarria, ezta? Oraingoz, ingelesez dago bakarrik baina, irakurri dudanagatik, laster emango dute itzultzeko aukera. Agian, animatuko naiz… Bitartean, nik sortutako adibidea ikusi nahi baduzue (erabateko beta da), klikatu hemen.

edublog2Ezagutu dudan beste aukera Edublog.org da. Gune honetan blog bat sortzen baduzu (wordpressen oinarritutakoa da, honek dituen alde on guztiekin), administrazio gunean sartuta, blog horretan integratzeko wiki bat sor dezakezu. Wikia wikispaces-en kokatuta dago, beraz, konbinazio ezin hobea osatzen da bien artean (wordpressen oinarritutako bloga + wikispacesen kokaturiko wikia). Eta nola gauzatzen da bien arteko lotura? Bada, blogean bertan wikiaren lotura azaltzeaz gain, wikian egindako azken aldaketak ere bistara daitezke. Integrazioa erabatekoa da hemen ikus dezakezuen bezala. Honelako konbinazioak gero eta gehiago emango diren susmoa dut; izan ere, batak ez baitu bestea kentzen. Aitzitik, batak bestea ederki osatzen du!

Amaitzeko, eta arestian aipatutako lankidetzaren haritik tira eginez, proposamen batekin natorkizue. Gure ikastola ez da oso handia eta bakarrik nago euskara irakasle lanetan batxilergo osoan. Ez dut, beraz, maila hauetan partekatzeko abagunerik. Beraz, proposamen hau DBHO 2. mailan euskara irakasten duzuenoi luzatu nahi dizuet. Proposamena oso mugatua da, jakitun naiz . Maila horretako irakasleak Euskal Herri osoan dezente bagara ere, norbaitek irakurriko du blog hau? Eta horietatik egongo da bakarren bat elkarlanerako prest? Azken esteka jarraituz gero ikusiko zenuten bezala, 3. hiruhilekoan euskarako hautaproba (selektibitateko azterketa) prestatzeko blogwiki bat abian jarri berri dut. Hastapenak baino ez dira. Material gutxi dago oraindik bertan kokatua (hautaprobei buruzko informazio orokorra, euskarako azterketari buruzkoa, beste urte batzuetako euskarako azterketak eta gutxi gehiago). Dena den, azterketan eskatzen den atal bakoitzeko (ulermena, gaia atera, laburpena egin, moldatu esaldiak eta idazlana) orri bat sortu dut eta wikia erabat irekia ipini dut, edonork editatzeko moduan, alegia. Norbaitek parte hartu nahi badu, orri jakin hori editatu eta nahi duena idaztea besterik ez du. Ni, neure aldetik, edukiez hornitzen joango banaiz ere, izugarri eskertuko nuke norbaiten aportazioren bat (ulermena lantzeko ariketaren bat, laburpena lantzeko azalpenen bat, esteka interesgarriren bat…) Askoz ere aberatsagoa geldituko litzateke prestaketa, ikuspuntu eta eduki ezberdinak bilduko bagenitu eta, bistan da, denok irabaziko genukeela trukearekin. Bestalde, ez nuke nahi arazo teknikoak oztopo bihurtzerik; beraz, norbaitek parte hartu nahi badu, jarri nirekin harremanetan. Eta hauxe izan da guztia. Norbait animatzen da?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.