Aurreko astean sei eta biok Ikastolen Etxea izeneko egoitzan izan ginen blogak eta wikiak gure ikastoletan nola eta zertarako erabili azaldu nahian. Saio horren helburu nagusia, ikastoletako IKT dinamizatzaileei gure esperientziaren berri ematea zen eta, aldi berean, lortu nahi dugun helburuaren arabera bata zein bestearen egokitasuna azaltzea. Gure aurretik, aste pare bat lehenago, gutxi gorabehera, Jolaus izan zen Internet berriari buruz hitz egiten (Web 2.0 terminoarekin nazkatuta omen dago).
Saioak Ikastolen Elkarteak diseinatzen duen Formazio Planaren barnean kokatuta daude eta, zehatzago esanda, IKT dinamizatzaileentzat antolatutako Berrikuntza Saioetan. Saio hauek, ikastola ezberdinetan burutzen ari diren jarduera berritzaileak partekatzea dute helburu eta ohore da guretzat gisa honetako ekimenetan parte hartze zuzena izatea. Aspalditik ibili gara horrelakoak aldarrikatzen eta konbentzituta gaude, jasoko den emaitza edozein izanik ere, filosofia egokia dela.
Sarritan gertatzen zaigun bezala, saio horretara eraman nituen ideien artean batzuk azaldu gabe gelditu zitzaizkidan eta hemen plazaratu nahiko nituzke. Honen inguruan ere, gauzatxo bat esan nahiko nuke, izan ere, aurkezpena ez genuen egin ohiko euskarria erabiliz, baizik eta Cmap erabiliz eraikitako kontzeptu mapak erabili nituen. Horrek ikuspegi grafiko egokiagoa eskaintzen du, baina haria galtzeko arrisku handiagoa du, eta horretarako berezko joera dudanez, gertatu behar zena gertatu zitzaidan: gauza batzuetan gehiegi luzatu eta beste batzuk jorratu gabe utzi nituen.
Oso garbi utzi nahi nituen ideiak honako hauek ziren:
- Oso garbi izan behar dugu zein den gure helburua
- Teknologiarekin loturiko helburuak ez ezik, gainontzeko helburu asko lortzeko ere oso lagungarriak izan daitezke IKTak
- Tresna hauek ez dira ikasle “helduekin” erabiltzeko soilik, maila guztietan erabili daitezke helburuak lortzen laguntzeko
Funtsean, hauek ziren transmititu nahi nituen hiru ideia nagusiak. Orain, ideia horiek argumentatzen ahaleginduko naiz. Ea oraingoan ez naizen desbideratzen.
Lehenengo ideiaren oinarria oso logikoa irudituko zaizuen arren, ez da kasualitatea hortxe agertzea, izan ere, oso ohikoa baita hezkuntzaren munduan ahaztea gure xedea zein den: ikaskuntza-irakaskuntza prozesua. Hau da, IKTak erabili erabiltzeagatik edo irakasleon “luzimendurako” ez du ezer berezirik eskaintzen, norberaren egoa asetzea ez bada. Beti lotu beharko dugu IKTen erabilera helburu jakin bati edo batzuei.
Bigarren ideiarekin burutik kendu nahi nien oso hedatuta dagoen pentsamendu bat: IKTak “perse” helburu bakarra direla. Hau da, IKTak lantzerakoan, IKTen erabileran trebatzea dela helbururik garrantzitsuena. Nik baieztapen hori egiten dutenei gure ikastolako ikasleekin lortzen ari garena erakusten diet: elkarlanean aurrera eramaten ditugun proiektuak, ikasleen iritziak, gizartean eragiteko bultzatzen ditugun jarduerak… Oso garbi daukat Curriculumak proposatzen dituen konpetentzia guztietan eragin dezaketela oso modu eraginkorrean.
Bukatzeko, beste aurreiritzi batekin amaitu nahi nuen. Batetik irakasle “teknikoen” esku utzi behar dela lanketa hori eta, bestetik, ikasle helduekin bakarrik egin daitezkeela horrelako gauzak. Lehenengoaren ezeztapena oso erraz daukagu, gu baikara adibiderik garbiena. Bigarrena, oso zaila egiten zaigu, baina, zorionez, geroz eta adibide gehiago topa daitezke horri aurre egiteko, geroz eta irakasle gehiago dira Haur hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleekin horrelako esperientziak aurrera eramaten saiatzen direnak.
Baina hiru ideia sinple hauek ez ziren aipatu gabe gelditu zirenak, baizik eta hiru ideia hauek abiapuntutzat hartuta, irakasleok azaldu behar dugun jarrera edo jokabidea:
- Ikerketa: ikasteko bide asko dago sarean eta ezinbestekoa dugu bide hori urratzea.
- Irudimena: arazoak ditugunean, irudimena izan daiteke irtenbide bat bilatzeko tresnarik eraginkorrena. Ohiko tresnei ezohiko erabilera ematen pentsatu.
- Programazioa: gure eguneroko jardunean IKTak txertatu ahal izateko, aldez aurretik planifikatu eta prestatu beharko ditugu gure jarduerak.
- Jarraipena: proiektu berriak aurrera eramatean, askotan ez dakigu nola joango diren edo nola bukatuko diren. Horregatik, jarraipen estua eskatzen dute.
Ez dut uste ezer berririk esan nienik, baina pozik geldituko nintzateke bakar bati iritsi bazitzaion luzatu nahi nien mezua. Ez dut gehiago espero.