Irakaslea, baliabide didaktikorik garrantzitsuena

Lawrence Stenhouse-k zioen irakaskuntzaren hobekuntza irakasleak duen “artearen” hobekuntzaren bidez lortzen dela eta ez ikaskuntzaren emaitzak hobetzeko egiten diren ahaleginen bidez. Horretarako, curriculumak ideiak praktikara eramateko aukera ahalbideratu behar zuen, irakaslea bere irakas-jardueraren ikertzaile bat bihurtuz.

Berak eginiko adierazpen horretatik, irakaslearen jokabideak eta curriculum irekia eta malgua izateak duten garrantzia ondoriozta dezakegu.

Baina jarduera pedagogikoen ikertzaile baten adierazpenetatik, esperientziatik bildutako datuetara pasatuz, kontaezinak dira PISA ebaluaziotik eta, batez ere, proba horietan Finlandiak lortzen dituen emaitzetatik, irakasleen jardunak duen garrantzia azpimarratzen duten ebidentziak. Hala ere, mezu honen helburua ebidentzia hauetan sakontzea ez denez, aipamen hutsean utziko dugu esparru hau.

Bestalde, duela gutxi Madrilgo oposaketetan gertatutakoarekin eta aireratu diren datuekin alarma batzuk piztu direnez eta nahasmena besterik sortzen ez duenez, fokua beste esparru batean jarri nahiko nuke. Nire ustez, irakasleok ondo menperatu beharko genituzke curriculumeko gaiak eta ez zait bidezkoa iruditzen irakaslea izan nahi duen batek zabaldu diren gisako akats larriak egitea, baina larritasun handiagokoa iruditzen zait administrazioak gisa horretako azterketak egiten jarraitzea eta duela ehun urteko pentsamolde berdinei eustea. Hori bada, irakasle batek jakin beharko lukeena, zer arraio egiten dugu eskatzen zaigun ikasle konpetentearekin? Irakasle baten eginkizuna ezagutzak “ematera” mugatzea oso larria iruditzen zait niri. Irakaskuntzaren kontzepzio atzerakoi batetik abiatzen direnentzat hori funtsezkoa den bezala, ikuspegi ezberdin bat dugunontzat irakasle bati hori baino askoz ere gehiago eskatu beharko litzaioke; horra hor XXI. mendeko irakasle bati eskatzen zaizkion konpetentziak.

Horregatik, ebidentzia eta errealitate horiek eta beste batzuk abiapuntutzat hartuta, irakasleok gure ikasleen garapenean dugun garrantzia eta gure gain hartzen dugun arduraren aurrean gure jokabidea aztertzen saiatuko naiz.

Beste guneetatik hartutako ideiak, datuak eta bestelako aipamenak jasotzen eta egokitzen saiatu naiz eta eginiko ahaleginaren emaitza da jarraian doakizuena. Ea irakasleok dugun garrantziaz jabetzeko baliagarria den eta, bide batez, Pigmalion Efektuak duen potentzialitatea (onerako edo txarrerako) ulertzeko eta kontzienteki erabiltzeko.

Hasteko, jarraian doazen bideo hauek ikustea eskatu nahi dizuet.

La confianza que los demás tengan sobre nosotros puede darnos alas para alcanzar los objetivos más difíciles. Ésta es la base del efecto Pigmalión, que la psicología encuadra como un principio de actuación a partir de las expectativas ajenas. Las profecías tienden a realizarse cuando existe un fuerte deseo que las impulsa.

Alex Rovira Celma

Martin Luther King erahil zuten ondorengo egunean, Jane Elliot irakasleak “Begi urdinak vs. begi marroiak” izeneko esperimentu ospetsua burutu zuen Iowako herri txiki bateko Lehen Hezkuntzako gela batean. Urte batzuk beranduago, esperimentu hori oso ospetsua egin zen “Zatitutako gela” izeneko dokumentalari esker (ikusi jarraian doan bideoa). Bertan, balizko ikasle txarrenek aurreikuspenen araberako jokabidea dutela eta hartutako aurreiritziengatik nolako tentsioak sortzen diren ikus daitezke. Adibide garbi honek, pertsona batek bere jokabideaz jasotzen duen informazioaren arabera eta ematen zaion trataeraren arabera, nolako eragina duen bere autoestimuan eta jokabidean erakusten digu.

Ellioten esperimentuak intolerantzia jorratzen duen arren, eta ikasleak diskriminazioaren eragin suntsitzaileaz kontzientziatu nahi duen arren, guretzat oso baliagarria da ikasle-irakasle elkarrekintza aztertzeko. Zehatzago esanda, balio digu aurreiritziek eta irakaslearen itxaropenek nola eragiten duten ikaslearen garapen akademikoan eta pertsonalean ikusteko.

Pigmalión efektua gelan

Ikas inguruneetan aplikatutako Pigmalion efektuaz mintzatzen garenean, honetaz ari gara; irakasleak ikasle batekiko dituen espektatibek nola eragin dezaketen irakasleak berak ikasle horrekiko izango duen jarrerarengan eta bere garapen akademikoarengan.

Robert Rosenthal-ek eta Lenore Jacobson-ek eginiko esperimentu aski ezagun batean, ausaz hautatu zituzten Lehen Hezkuntzako ikasle batzuk adimena neurtzeko test batzuk pasatu eta gero. Ikasle horien irakasleei egia esan ordez, ikasle horien adimen handia zela medio, ikasturtean zehar sekulako aurrerapenak egingo zituztela esan zieten. Zortzi hilabete beranduago eginiko testen neurketek eta emaitza akademikoen analisiek, oso garbi utzi zuten ausaz hautatutako ikasle horien errendimendua modu nabarmenean hobetu zela. Psikologian “bera bakarrik betetzen den profezia” ezagutzen den fenomenoa izan zen gelan gertatutakoa, hau da, irakasleek ikasleekiko zituzten espektatibek irakasleak berak espero zituen jokabide edo jarrera batzuk sortarazi zituzten. Baina irakaslearen espektatibek ez dute eragiten jarreretan soilik, izan ere, Ellioten esperimentuan frogatu zen bezala, adimen gaitasunean ere eragin dezake.

Rosenthalek berak lau faktore aipatzen ditu fenomeno hori esplikatzeko:

1.- Ikasle horiekin gertuko giro emozionala sortzen da.

Hau gertatzen da, nagusiki, modu inkontzientean hizkuntz ez berbala erabiltzen delako: keinuak,aurpegi espresioak, ahots tonua, begiradak, irribarreak… Komunikazio ez berbal honek ahozko komunikazioa osatzen du eta ikasleari aukera ematen dio irakasleak igorritako mezu horiek jasotzeko eta erreakzionatzeko.

2) Eduki gehiago jorratzen dira.

Sortutako itxaropen altu horiek irakaslea bultzatzen dute eduki berriak jorratzera eta exijentzia maila handiago ezartzen die itxaropen handiko ikasle horiei. Hau ez da gertatzen, ordea, itxaropen baxuagoko ikasleekin.

3) Gehiago galdetzen zaie.

Irakasleak ikasle hauen erantzunetan konfiantza handiagoa duenez, gehiago eta zailtasun maila handiagoz galdetzen die. Erantzunetan laguntza eskaintzen die alternatibak eskainiz, gutxiago mozten die, erantzunak emateko aukera eta denbora gehiago ematen die.

4) Gehiago goraipatzen dira.

Zenbat eta gehiago sinetsi ikasle batengan, orduan eta goraipamen gehiago emaitza hobea lor dezan. Irakasleak ez badu ikaslearen gaitasunean sinesten, erantzun desegokiak edo osatugabeak onartuko dizkio.

Benetako kasu bat

Klaustro batean ikasleen aspektu akademiko eta pertsonalak azpimarratzen dira (txarrak gehienetan). Helburua da ikasturte berrian ikasle horiek hartuko dituzten irakasleak “orientatzea”. Bada, horixe ikasleak etiketatzeko eta euren etorkizuna baldintzatzeko oso bide eraginkorra da. Izan ere, ez da kontuan hartzen ikasleak aldatzeko eta hobetzeko izan dezakeen aukera edo ahalmena. Hau “Pigmalion negatibo” eta ezertarako balio ez duen jokabide baten adibide garbi bat besterik ez da. Nire lankideekin behin baino gehiagotan gai honetaz mintzatu naiz eta beti eskatzen diet ikasleen inguruko iruzkin ezkor guztiak ez aireatzea.

Robert Pianta eta Bridgett Hamre ikerlariek ikasle eta irakasleen arteko harreman goiztiarren garrantzia eskola garapenean ikertu dute. Ikerketa horietako batean, 179 ume jarraitu zituzten Haur Hezkuntzatik (4-6 urte) DBHraino (12-14 urte) eta lehen urte horietan irakasle eta ikaslearen artean sortutako harremanek ondorengo emaitza akademikoak eta jokabideak aurreikusten zituztela egiaztatu zuten. Horrek, noski, oso garbi erakusten du lehen urte horietan jokabide arazoak erakusten dituzten ikasleenganako interbentzio goiztiarraren garrantzia.

Arrakasta itxaropenak induzitzen

Ikasleak euren historia pertsonalaz eta euren balioaz duten pertzepzioaz baldintzatuta daude, hori dela eta, irakasleak jakin behar du arrakasta itxaropenak induzitzen. Oso garrantzitsuak izaten dira ikasturte baten hasierako faseak. Ikus ditzagun bi adibide ezberdinak:

1. “Ikasturte honetan ikasgai zail bat dugu eta zaila izango da gainditzea. Oinarri sendoak ez dituenak jai dauka”.

2. “Aurten, erronkaz beteriko ikasturtea dugu non zuen ezagutzetatik abiatuz eta ikasiko dituzuenak eskainiz eta aplikatuz, aurrera egingo duzuen”.

Lehen kasuan igorritako mezuarekin, gaitasun handiko ikasleek soilik gaindituko dutela esaten ari gara. Ez diogu hobekuntzari aukerarik ematen, ikasleen ahalegina alferrikakoa izango da… eta ikasle asko desmotibatuko eta deskonektatuko dira.

Bigarren kasuan ikasleek ezagutzak dituztela eta ezagutza horien garrantzia onartzen da. Itxaropen mezua igortzen da eta norberak eginiko ahaleginekin emaitza onak lor daitezkeela ulertzen da.

Lortu nahi diren helburuen komunikazioa funtsezkoa da ikasleak zer eskatuko zaion jakin dezan. Gainera, komenigarria da helburu horiek arlo akademikora ez mugatzea eta aintzat hartzea ikasleen ahaleginak edo bizikidetzarako eginiko ekarpenak bezalako helburuak.

Ikaskuntza prozesu bat da non garuna etengabe aldatzen doan. Prozesu honek duen singulartasuna dela eta, aniztasunaren trataerak malgutasuna eskatzen du eta irakasleak beti zer edo zer itxaron behar du ikaslearengandik.

Ikasleek euren ikas prozesuan parte har dezaten ahalbidetzen duen bidea euren motibazio intrintsekoa hobetzetik igarotzen da. Ikasleak jorratzen duena bere interesekoa bada, prozesua errazagoa da, baina onartu behar dugu beti ezin dugula motibatuta egon lanak egiteko. Kasu horietan, borondatea eta ardura dira heldulekuak, baina horiek ez dira berez sortzen eta landu beharreko gaiak dira. Beste arrazoi bat irakaskuntza eduki akademikoen lanketari ez mugatzeko.

Irakasleak ikaslearen partaidetza sustatu behar du. Ikasleak ikas-prozesuan zuzenean parte hartzen duenean, bere garapena errazten duen sentimendua berea egiten du.

Autoestimua indartuz

Problema edo egoera bati aurre egiteko izan dezakegun gaitasunaren inguruan dugun pertzepzioak eragin zuzena du gure jokabidean. Indartzea lortzen badugu, lortzen dugun motibazioa arrakasta akademikoarekin lotuta joango da, iraunkorra izango da eta irakaslearekiko loturarik gabekoa.

Irakasleak bere ikasleen autokontzeptua hobetzen lagundu behar du, baina hori lortzeko, berea indartu beharko du. Eredu positiboa izan behar du. Pozik eta ase gaudenean, errazagoa da gauzak egitea.

Jarraian, irakasleok aintza hartu behar ditugun faktore batzuk gure ikasleen autoestimua indartzeko:

1) Denok gaitasunak ditugula (baina denok ezberdinak) onartu behar dugu.

2) Jarduerak ikasleen gaitasunei egokitu.

3) Partaidetza sustatu.

4) Eginiko ahaleginak aitortu eta errekonozitu (arrakasta ahaleginari esker dator, ez gaitasunengatik).

5) Akatsa, ikaskuntzaren prozesuaren parte bat dela erakutsi.

6) Ikaslearen indarguneetan zentratu eta ez bere ahulezietan.

7) Perspektiba eta estilo baikorra inplementatu.

Lorpen espektatibak eskaintzen ez badira eta ikasleak bere arrakasta akademikoa bere kontrolpean ez dauden faktoreei (kanpokoak nahiz barnekoak) lotzen badu, “ikasitako indefentsioa” (ikusi ondorengo bideoa) eragin dezakegu, batez ere autoestimua baxua bada. Egoera honek ia erabateko gogogabetasuna eta pasibotasun iraunkorra eragin ditzake. Kasualitatez, eskola eremuan ikaskuntzarekin zerikusia duten eta hartzen diren erabaki gehienak ikasleen kontrolpetik at daude.

Irakaslea: eskolako ikaskuntzaren protagonista handia

Imitazioa ikasteko era oso potentea da eta modu naturalean ematen dena umeen artean. Horregatik, irakaslea eredu bat izan behar da ikasleek jokabide egokiak ikas ditzatela behaketaren bidez. Adibide gisa, jarraian doan bideoan eredu txar baten eragina umeen jokabidean ikus daiteke.

Denok dakigu emozioek esparru kognitiboan duten eragina. Bada, ikerketa ugari dira esaten dutenak ikaskuntza optimizatzeko gure animoa positiboa izatea ezinbestekoa dela. Hala ere, denok dakigu egungo eskola ereduan, batez ere, ikasleek egiten ez dakitena izaten ohi da gehien azpimarratzen dena eta goraipamenak, gure ustez, ikasle onak direnentzat gordetzen dira. Honela, ez da harritzekoa ikasle askoren motibazio eza.

Bestalde, garai hauetan, ezinbestekoa irakasleon etengabeko formazioa gure lana behar bezala menperatzeko. Horrela izan ezean, nekez lortuko dugu gure lanarekin gozatzea eta transmititu behar dugun pasioa gure ikasleak motibatzeko. Gu ere ikasleak izan ginen eta egiaztatu genuen irakasle ona zela bere ikasgaiarekiko pasioa transmititzen zekiena eta gurekiko maitasuna erakusten zuena. Hau da, gure esparru arrazionala eta emozionala sintoniaz aktibatzen zituena.

Horregatik, arrazoi ezberdinengatik bada ere, bat nator Manfred Spitzer-ek teknofoboak bota zuen esaldi honekin: “Irakaslea, baliabide didaktikorik garrantzitsuena da!

Irakasleon lanbideak satisfazio handiak dakartza, baita ardura oso handia ere. Belaunaldi berrien etorkizuna jokoan dago eta espektatiba positiboak behar ditugu.

Erabilitako iturriak:

Argitaratzailea

Mikel Etxarri

Lehen Hezkuntzako irakaslea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.