aNieto2k asko gustatzen zaidan bloga da. Batez ere, WordPress eta web diseinua ditu hizpide. Tarteka, beste motatako artikulu interesgarriak argitaratzen ditu ere. Horixe da gaur hona ekartzen dudana. Bertan, gure agregatzaileetatik jarioak ezabatzeko 34 arrazoi nagusienak aipatzen dira. Lehenengo bostak hauexek dira:
- Artikulu gehiegi jasotzea
- Gutxitan eguneratzea edukia
- Jario partzialak, alegia, bidalketa osoak jasotzen ez dituzten jarioak izatea
- Blogaren enfokean aldaketak gertatzea
- Askotan errepikatzen diren bidalketak izatea
Esan bezala zerrenda zabalagoa da. Ni behintzat, lehenengo hiruekin zeharo identifikatuta sentitzen naiz. Duela bi urte, saltsa honetan hasi ginenean, Alt1040, Genbeta, Planeta Educativo… blogetara harpidetuta egon nintzen. Lehen egun haietan “informazioa biltzea” nuen helburu nagusia, jakin nahi nuen, ikasi nahi nuen, ezin nuen ezer utzi irakurri gabe. Orduak eta orduak pasatzen nituen agregatzailearen aurrean. “Sobreinformatuta” ote nengoen? Gehiegizkoa ote zen hori guztia?
Duela hilabete batzuk erabaki bat hartu behar izan nuen: informazioa bildu bai, baina modu “sosteniblean” izatea nahi nuen. Gaur ditudan jarioak espezializatuagoak dira, gai konkretuak jorratzen dituzte eta gainera, momentuko nire interesen arabera, aldatu egiten ditut. Oreka bat bilatu dut.
Halere, oraindik batere gustukoa ez dudana “kapatutako” albisteak jasotzea da. Hemen doakizue, beste behin, nire aldarrikapena: jario osoak mesedez!
Eta zuek, zergatik ezabatzen dituzue jarioak zuen agregatzaileetatik?