20o5eko apirilaren 11an jarri genuen martxan IKTeroak izeneko egitasmo hau. Gaixotasun-baja luze baten ondoren blogari hasiera eman behar geniola erabaki genuen eta horrelaxe egin genuen.
Interneteko mundu honetan zenbat den “asko” edo “gutxi” jakitea ez da erraza izaten baina nik esango nuke, une honetan, IKTeoak heldutasunera iritsi dela. Gaztaro zirarragarria bizi izan genuen: web 2.0 delakoaren eztanda gertutik ezagutu genuen. Etengabe ezagutzen genituen tresna berriak, ideia berriak… eta hauetako batzuekin esperimentatzeko aukera ere izan genuen. Denborarekin garai hura oso emankorra izan zela konturatzen naiz, bai ikasitako guztiarengatik baita gure blog honetan argitaratu genituen artikulu kopuruarengatik.
Gaur egoera desberdina dela iruditzen zait. Alde batetik, sortzen diren tresna berriak baloratzeko gaitasuna irabazi dugu: zeintzuk izan daitezke lanerako tresna egokiak eta zeintzuk ez (tira, onartzen dut; ez naiz batere Twitterzalea). Bestalde, gure lehen egitasmo eta bakarra izan zen bloga. Gaur, berriz, mila saltsatan sartuta gabiltza eta denetara behar bezala heltzeko denbora gehiegirik ez (bai, egia da, onartzen dizuet nekatu samar nabilela azkenaldi honetan).
Eta bitartean inguruan zer? Aldakuntza handiak ikusi ditut. Teknologia berrien erabilera irakasleriaren egunerokotasunean errealitate bat bihurtzen ari dela iruditzen zait. Abuztuan bi urte egingo dituen artikulu honetan, abiapuntu batzuk zehaztu genituen eta, denborarekin, orduan esandakoa errealitate bihurtzen ari dela ikus daiteke. Garbi dago asko dagoela oraindik egiteko baina teknologia berriak ez direla konplexuak, irakaskuntzan partekatzeak ekar ditzakeen onurak (batez ere, gurea bezalako komunitate txiki batean)… poliki-poliki zabaltzen ari diren ideiak direla iruditzen zait.
Halere, eta Sareko Argia saria jaso genuen egunean esan nuen bezala, faltan botatzen dut komunitate ispiritua. Faltan botatzen ditut hausnarketa sakonak (aurrean ditugun erronkei aurre egiteko ideiak, proposamenak…), faltan botatzen ditut eztabaidak (nork ezagutzen ditu hiruzpalau iruzkin baino gehiago dituen irakaskuntzari buruzko artikulurik?), faltan botatzen ditut komunitatearen mesedean sorturiko proiektuak (HeziTop bezalakoak, adibidez), faltan botatzen dut… Euskal Herriko hezkuntza sistemarekiko identifikazioa eta atxikimendua. Zoritxarrez, interneten ere, oraindik hezkuntza sistema zatikatua bizi dugula iruditzen zait. Sare publikoak alde batetik, ikastolok bestetik, kristau eskolak euren aldetik, Lanbide Heziketakoek ere berdin… Nork ezagutzen ditu irakaskuntza mundutik bertatik, komunitatearen mesedean (komunitatea esaten dudanean, komunitate osoaz ari naiz, berezitasunik gabe) aurrera eramandako proiektuak? HeziTop-en atzean dagoen filosofia bultzatzen duen besterik ba ote dago? Mila aldiz esandako gauzak direla badakit eta, agian, norbaitek inozokeriak direla pentsa dezake, ez dakit. Internet, gaur egun bizi dugun fragmentazio hau gainditzeko tresna paregabea dela sinesten dut; gurea baino handiagoak diren beste komunitateetan aspaldi jabetu ziren honetaz, euren mesedrako, noski.
Tira, besterik ez. Ea gogo eta indarra nahikoak gelditzen zaizkigun, aurrekoak bezalako beste bi urte gehiago betetzeko. Eskerrik asko jarraitzen gaituzuen guztioi