Ikastolatik kanpoko ikaskuntza: Erizaintza Fakultatea eta Basque Culinary Center-era bisita

Proiektuen inguruan lan egiterakoan, niretzat garrantzitsua da ikasleak egiten ari direnari zentzua bilatzea. Eta askotan, gelako lau pareten barruan gertatzen dena, hain zuzen ere, lau pareta horien artean gertatzen delako, deskafeinatu samar geratzen da alderdi horretatik. Alegia, ikasleak egoera errealen aurrean jartzea ez da hain “erreala” euren jarduna ohiko espazioan eta ohiko protagonistekin burutu behar dutenean. Proiektuak gizarteratzea ezinbestekoa ikusten dut hauek izan dezaketen artifizialtasun puntu hori saihestu nahi bada.

Beraz, ikasleak kalera ateratzea, aliatuen laguntza bilatzea eta adituen aholkuak jarraitzea ezinbestekoa dela iruditzen zait, proiektuak autentikoak izan daitezen. Egun daukagun eskola antolaketa zurrunarekin (bai ordutegian, bai irakasleen banaketan baita espazioen erabileran ere) ez da erraza izaten kontu hori. Dena den, orain arte burutu ditugun hainbat proiektutan hori bilatzen ahalegindu naiz. Azokaren infografia egin genuenean, ikasle batzuk nirekin etorri ziren udaletxera gure asmoaren berri ematera eta ondoren, kalera atera ziren azokara etortzen ziren bezeroen datuak biltzera. Baina baliteke Bertigarden proiektua izatea aurrean aipatutako helburu horiek intentzio gehiagorekin bilatu eta lortu zirenekoa, batez ere, mentoring-arekin lotutakoak.

Iazko Goierriko Lanbide Eskolan izandako esperientzia aberatsaren ondoren, aurten ere ikasleak antzeko egoeren aurrean ipintzea nahi nuen. Azken proiektua oso aproposa ikusten nuen horretarako, beraz, aukera posibleak baloratzen hasi nintzen. Behin proiektuaren ataza zehaztu ondoren, hau jarduera zehatzetan banatu genuen. Hauetako bakoitzerako, helburuak zehaztu genituen, taldekatzeak eta zereginak banatu genituen, beharrezko informazioa nondik lortu eta teknologia nola erabiliko genuen aztertu genuen eta, azkenik, jarduera bakoitzarentzat epemugak zehaztu genituen. Azpian daukazue guztia irudi batean jasota (gorriz ebaluazio tresnak)

Jardueren zehaztapena

Ikasleek elikadura osasuntsuaren eta nutrizioaren inguruko bost saioko telesail bat prestatu behar dute. Telesailaren ardatza aipatutako gai horiek izango dira eta bertan azaldutakoa aurretik jorratutako edukien barneratze maila neurtzeko froga bezala kontsideratuko da. Proiektuaren abiapuntuak zerikusia zuen osasunarekin, osasuntsu egoteko baldintzekin eta, oro har, elikadurak osasunarekin gordetzen duen erlazioarekin. Konkretuki ikasleen lana azpiko bost galdera hauen inguruan joan beharko litzateke:

  • Zer esan nahi du osasuna izatea? Zer da osasuntsu egotea?
  • Zer harremana dago pertsona baten elikadura eta bere osasunaren artean?
  • Nola ezagutu daiteke pertsona baten egoera nutrizionala zein den?
  • Noiz agertzen da nutrizioarekin lotutako osasun arazo bat?
  • Nola konpondu daitezke osasun arazo desberdinak dieta egoki bat erabiliz?

Hau guztia egiten ari ginenerako, banekien nire ikasle baten ahizpa erizaintza ikasten ari zela Donostian. Karen-ek (halaxe du izena Oihaneren ahizpak) aurretik landuta zuen fakultatean gu lantzera gindoazen edukia eta pentsatu nuen, bera ni baino askoz ere egokiagoa izan zitekeela ikasleek behar zuten informazio hori emateko. Bide batez, ikastaro honek Karenentzat kredituren bat edo beste suposatzen bazuen, are eta hobeto oraindik.

Esan eta egin. Karenekin otsailaren 1erako geratu ginen, ostirala, arratsaldeko 15:00etan. Sinesgaitza egiten bazaizue ere, bisita klase ordutik kanpo eta asteburuaren atarian izanda ere, talde osoak eman zuen izena Donostiara joateko. Goiza aprobetxatu asmoz, Amaia nire lankideak, Basque Culinary Center (BCC) fakultatea bisitatzea ideia ona izan zitekeela komentatu zidan. Egia esan, jorratzen ari ginen gaiarekin erlazioa gordetzen zuen eta gainera, taldean nituen ikasle sukaldari batzuei banekien ilusioa egingo ziela BCCa bisitatzea. Tamalez, bisita egiteko nire eskaerak ez zuen erantzuna garaiz jaso eta goizeko zatiarentzako alternatiba bat bilatu beharra izan genuen. San Telmo Museora (STM) joan ginen Badu, Bada erakusketa ikusi eta jarraian, erakusketa iraunkorra bisitatzera. Ezusteko atsegina izan zen STMko bisita. Bai niri eta baita nire ikasleei ere, asko gustatu zitzaizkigun bi erakusketak, baina, batez ere, Badu, Bada. Bi ordu t’erdi egon ginen STMik irten gabe, hasieran bisita 60-90 minutukoa izango zela pentsatzen bagenuen ere.

Nautikoko eskaileretan bazkaldu eta Urgull bisitatu ondoren, Erizantza Fakultatera joan ginen. Han genuen Karen gure zain. Bisita bi zatitan banatu zituen Karenek; lehen zatian mamiari helduko genion eta, jarraian, fakultatea ezagutu bisitatuko genuke. Lehen zatiarentzako Karenek ondorengo aurkezpen dotorea prestatu zigun:

Azalpenak ematen zituen bitartean, ikasleek euren notak hartzen aritu ziren. Aurkezpenarekin batera, Karenek fotokopia batzuk banatu zizkigun, anamnesia egiteko jarraibideekin, obesitatearen maila zehazteko datu antropometriko desberdinekin eta ereduzko odol eta usuri analitika desberdin birekin. Datu horiek guztiak gehi ikasleek aurkezpenean bildutakoekin, nahikoa eta soberan eduki genuen lehenengo jarduerarako zehaztutako helburu eta zereginei erantzuna emateko.

Sorpresa txiki bat zuen gordeta Karenek, aurkezpenaren ondorengorako. Beraiek praktikak egiten dituzten gela batera eraman gintuen. Gelaren antolaketa edozein ospitalean dagoenaren berdina da. Bertan geundela, injekzio bat ipurdian jartzeko teknika erakutsi zigun. Horretarako benetako ipurdi bat zirudien ipurdi-simulagailu bat erabili zuen. Teknika erakutsi ondoren, hortxe ibili ginen guztiok orratza ipurdian nola zulatzen zen praktikatzen. Barre batzuk bota genituen sasi-ipurdiari ziztadak ematen eta, esango nuke, bokazioren bat edo beste ere, piztu zela ostiral arratsalde hartan 😉

Fakultatea bisitatu ondoren, Karenekin batera bueltatu ginen guztiok etxera. Egun bikaina izan zen otsailaren 1ekoa. Azpian dauzkazue egun horretako argazkiak.

Kontua da, Basque Culinary Center-a bisitatzeko asmoa bertan behera utzita genuenean, hara non gure eskaerak erantzuna jasotzen duen. Honen arabera, aukera genuen BCCa bisitatzeko nahi genuenean. Ikasleei komentatu nien eta aho batez erabaki zuten ezin zirela geratu sukaldaritza fakultatea bisitatu gabe. Alex Beitia, BCCko zuzendari akademikoarekin harremanetan jarri ginen, eta pasa den ostiral goizerako hitzartu genuen gure bisita.

Goizeko hamaiketarako BCCan ginen. Berehala agertu zen Alex. Agurtu ondoren, berak ekarritako bata zuriak jantzi genituen eta jarraian bisitari ekin genion. Lehenik eta behin areto gelara joan ginen. Bertan Alexek fakultatearen jatorria, izaera eta helburuen inguruko aurkezpen bat egin zigun. Graduko ikasketak konpetentzietan oinarritutako hezkuntza ereduan oinarritzen direla ere azaldu zigun. Jakitea bezain garrantzitsua kontsideratzen dute BCCn egiten jakitea eta izaten jakitea. Eta hori guztia, talde-lanaren bitartez bilatu eta bultzatzen dutela esan zigun. Poztu nintzen nire ikasleek bere ahotik entzutea niri hainbestetan entzun dizkidaten kontu berdinak. Oso inportantea izan zen ikasleek jabetzea, unibertsitatean ere balio handia ematen zaiola elkarlanari. Irudipena daukat hitz bitan azaldu zituen ideia horiek, nik hainbestetan errepikatu diedana baina askoz ere eraginkorragoak izan zirela.

Aurkezpenarekin amaitu ondoren, fakultatea bisitatu genuen. Lehenengo eta bigarren mailako ikasleak (promozio bakarrak, orain arte) lanean ikusi genituen, hamarreko taldeetan bilduta, batzuk haragia prestatzen, beste batzuk barazkiekin, edo postreak prestatzen ere. Bigarren mailakoak fakultateko sukalde nagusian eta jangelan ikusi genituen, eguneko menuari azkeneko ukituak ematen. Pasabide eta solairu desberdinetan, irakasle askorekin topatu ginen (batzuk ezagunak, telebistan askotan ateratakoak). Mota guztietako gelak eta sukaldeak erakutsi zizkigun Alexek. Egia esan, bisitaren amaierarako uste dut guztiori jarri zitzaigula sukaldaritzako goi-mailako ikasketak egiteko gogoa. 😉

Bisitarekin amaitu genuenean, Alex agurtu eta etxera bueltatu ginen. Azpian dituzue bisitaren argazkiak:

Iaz bezala, aurten ere, esperientzia eder bi izan dira. Jasotako ikaskuntza ez da bakarrik eduki curricularretara mugatu. Fakultate berri bi ezagutu ditugu, unibertsitate giroa ere nolakoa den ikusi dugu eta, gorago esaten nuen moduan, uste dut nire ikasleetako batzuen bokazio ezkutuak azaleratzeko ere balio izan dutela irteera biak. Ea hala den!

Amaitzeko eskerrak eman nahi dizkiet Karen eta Alex-i, beraien jarrera atsegin eta goxoarengatik eta, bide batez, emandako informazio guztiarengatik. Benetan oso emankorrak izan dira egindako bi bisitak. Eskerrik asko Karen eta Alex!

Argitaratzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.