Lehengo ostiralean mySchoolog ikasle-agenda azaldu nuen. Zehatz-mehatz aipatzen saiatu nintzen eskaintzen dituen aukerak, baita etortzekoak direnak ere (hauen artean ikasleen apunteak partekatzea, mugikorraren bidez ere den-dena kudeatzea eta beste hainbat). Baina ez nuen buruan itzultzea, egia esateko, Aitorren mezu hau jaso nuen arte:
Kaixo guztioi,
Duela aste bat edo, Ahmet-i e-mail bat bidali nion, mySchoolog erdarara itzultzeko asmoz. Atzo bertan, berarekin hitz egin nuen eta itzultzen hasi nintzen. Euskarara ere itzultzeko pentsatu nuen.
Orain, post-a ikusita, mezu hau uzten dizuet. Euskaraz itzultzeko arazorik badaukat, norekin hitz egin dezaket? Nire posta elektronikoa hau da: aimless.destiny@gmail.com
Aitorren proposamenari jarraituz, berarekin harremanetan jarri eta onena Ahmetekin ere hitz egitea izango zela erabaki genuen (Aitor gaztelaniazko itzulpenarekin hasita zegoen jada eta nik euskarazkoa egingo nuen). Gauzak horrela, larunbatean bertan, Ahmetekin hitz egin eta itzulpena egiten hasi nintzen. Hasieratik izugarrizko itxura ona hartu nion. Itzultzeko artxiboaz gain, fitxategia irekitzeko aplikazio bat ere jaso nuen eta baita itzulpena nola egin eta zeinu arraro guztiak azaltzen zituen PDF bat ere. Den-dena oso antolatuta eta oso argi adierazita. Atzo gauean, dena itzulita bueltatu nion Ahmeti eta hara non gaur goizean ikusten dudan gure itzulpenak jada jarriak eta martxan daudela! Dena den, ez da hori gehien harrritu nauena. Jolausen antzera, ni ere aho bete hortz gelditu naiz proiektuko kideen adinak ikusita (nire ikasleren bati eman behar nion itzulpena ). Esaterako, Ahmetek 17 urte ditu eta Aitorrek (euskaratzera animatu gaituenak), 15 !!!
Nondik sortu dira ekimen hauek? Ikastetxeren batek bultzatuta? Hala bada, Turkian adibidez, lehenago hasten dira ikasketa espezializatuekin? Aisialdian egindako zerbait da? Denbora-pasa bat? Eta Aitorren kasuan? Nola ezagutu du aplikazioa? Norbaitek animatu du itzultzera? Horrelako zerbait egiten duen lehenengo aldia da? Pizgarriren bat jasoko du hori egiteagatik (nota igo edo horrelako zerbait)? Ikusten duzuen bezala, egundokoa iruditu zait gazte hauen lana. Hauxe da guk behin eta berriz aldarrikatu duguna, ezta? Ikasle autonomoak, eraikitzaileak, ekintzaileak, partekatzaileak…Irakasle eta hezitzaileok gure ereduaren alderdi asko zalantzan jarri beharko genituzkeela iruditzen zait; izan ere, gaur egun, unibertsitatera bideratzen ditugun ikasle askoren profilak ez baitauka zerikusi handirik deskribatutako horrekin.