Orain arte, indarrean izan ditugun ikaskuntza teoria nagusiak (konduktismo, kognitibismo eta konstruktibismo) aro teknologikoaren aurreko garaietan sortu ziren. Azken hogei urteotan, teknologia berriek gure eguneroko bizimoduan, gure komunikazioan eta, nola ez, gure ikasteko eran eragin dute. Garbi dago, beraz, ikaskuntza beharrek eta ikaskuntza prozesuak eta printzipioak deskribatzen dituzten teoriek errealitate berri hori islatu beharko dutela.
Duela ez urte asko, ikasketak bizi osorako izaten ziren. Informazioaren garapena nahiko mantso zebilen. Ezagutzaren bizi iraupena handia zen eta hamarkadetan neurtzen ohi zen. Gaur egun, ordea, hori goitik-behera aldatu da: ezagutzaren garapena ikaragarria eta honen bizi iraupen murritzak ikaskuntza irakaskuntza prozesuetan aldaketa sakonak eragin behar ditu. Hori dela eta, egungo joera nagusietan honako aspektu hauek nabarmenduko nituzke:
- Gure ikasleek, euren bizitzan, arlo ezberdinetan lan egin beharko dute eta, askotan, zerikusia izango ez dituzten zereginetan.
- Araututako formazioak esparru mugatua du eta ez-formalak geroz eta indar gehiago hartu du. Ikaskuntza ingurune eta forma ezberdinetan gauzatzen da (sare pertsonalen bitartez, praktiketako komunitateen bitartez, lan eginkizunak betez…)
- Ikaskuntza etengabeko prozesu bat bilakatu da. Askotan, lana eta ikaskuntza ezin da bereizi.
- Teknologiek gure burmuina eraldatu dute. Erabiltzen ditugun tresnek gure pentsamolde definitu eta moldekatzen dute.
- Ikaskuntza teori nagusiek erabili dituzten prozesu asko (batez ere informazioaren prozesatze kognitiboari dagozkionak) teknologiaren bitartez egin daitezke.
- Nola eta zer jakin, ezagutza non dagoen jakitearekin osatzen ari da.
Testuinguru honetan kokatu behar dugu Konektibismoaren teoria berri hau. Konektibismoaren zutabeak oso azkar aldatzen diren gure erabakien printzipioen ulermenean oinarritzen dira. Hau da, etengabe ari gara informazio berria jasotzen; garrantzia duena zein den identifikatzen eta aurretik hartutako erabakietan oinarritzen den ingurunea eraldatzeko ahalmena duena zein den bereizteko gaitasuna kritikoa da.
Konektibismoaren printzipioak honako hauek dira:
- Ikaskuntza eta ezagutza iritzi aniztasunaren baitan dago.
- Ikaskuntza prozesu bat da non informazio iturri espezializatuak edo nodoak konektatzen diren.
- Ikaskuntza gizakiak ez diren gailuetan eman daiteke.
- Gehiago jakiteko gaitasuna edo ahalmena, une jakin batean dakiguna baino garrantzitsuagoa da.
- Konexioak elikatu eta mantendu behar dira etengabeko ikaskuntza erraztearren.
- Esparru, ideia eta kontzeptuen arteko konexioak ikusteko gaitasuna konpetentzia klabea da.
- Eguneraketa (ezagutza zehatza eta eguneratua) ikaskuntza jarduera konektibista guztien xedea da.
- Erabakiak hartzea, berez, ikaskuntza prozesu bat da. Zer ikasi eta jasotzen den informazioaren esanahia etengabe aldatzen ari den errealitatearen ikuspegitik aztertzen da.
Konektibismoaren abiapuntua gizabanakoa da. Norberaren ezagutza sare batez osaturik dago zeinek erakundeak eta instituzioak elikatzen dituen. Hauek, era berean, sarea elikatzen dute, ezagutza berria eskainiz partaide guztiei. Ezagutzaren ziklo honek (pertsonaletik sarera eta saretik instituziora) sortutako konexioen bitartez, jendea eguneratuta egotea ahalbideratzen du.
Beno, gaurkoz, nahikoa da teoria berri honen inguruan, baina ez pentsa hau guztia nik asmatu dudanik (gaitasun hori nahiko nuke nik niretzat), George Siemens da 2004ko abenduan teoria hau kaleratu zuena. Bere teoriaren inguruan gune bat martxan du. Eta Knowingknowledge webgunean duela hilabete gutxi batzuk argitaratu duen liburua aurki dezakegu. Liburua PDF formatuan (8MB) hemen topa dezakezue. Hala ere, informazio guztia ingelesez dagoenez, Diego E. Leal Fonsecak hasierako dokumentuaren gaztelerazko itzulpen bat egin du eta hemendik jaitsi dezakezue.
Hau idaztearen arrazoia teoria honen berri ematea izan da eta, ahal bada, gai honen inguruko eztabaida piztea. Nik uste dut, abiapuntu bezala, zertzelada hauek nahikoa izan daitezkeela, baina ziur nago gai honen inguruan askotan hitz egitea tokatuko zaigula.