Gaur, Iruñeako Baluarten, Ikastolen Elkarteak antolaturiko XIV. Jardunaldi Pedagogikoak hasi dira. Aurten, Jardunaldi hauen ardatza Lehen Hezkuntza da.
Gaurko saioetan izan naizenez, ahaleginduko naiz laburpentxo bat egiten. Ea asmatzen dudan.
Hasierako ekitaldira pittin beranduago iritsi banaiz ere, nahikoa izan da Tontxu Campos Sailburuak esandakoa entzuteko. Ohiko mezuen artean, europar markoari buruz eta esperientziak partekatzeari buruz esandakoa azpimarratuko nituzke. Konpetentzien inguruko lanketa (Euskal Curriculumak hori bultzatzen du) ez da gauza berria, baina eguneroko lanean betetzen ote dugun nire errezeloak ditut. Bestalde, esperientzi bikainak partekatzeko beharraz aritu da eta beharrezkotzat jotzen du horretarako foro bat sortzea. Bada, sortu ezazu, pentsatu dut neure artean, zuk horretarako eta gehiagorako ahalmena daukazu eta. Gu parte hatzeko prest geundeke.
Atariko ekitaldiaren ondotik, lehen saioa Xabier Garagorriri egokitu zaio eta ohiko maixutasunez aritu da Konpetentzietan oinarritutako irakaskuntzaz. Euskal Curriculuma erreferentea izanik, beste administrazioek proposatzen dutenarekin alderatu du. Hortxe garbi ikusten da ildo beretsua daramatela guztiek, beraz, aukera historiko baten aurrean egon gaitezke. Nolanahi ere, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela esan du eta horretarako beharrezkotzat jotzen du guraso eta irakasleon formazioa.
Jarraian, David Duran (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa) izan da hitza hartu duena. Oso azalpen zehatza eta adibidez horniturik. Berdinen arteko tutoretza: desberdintasuna ikasbide izan da bere solasaldiaren gaia eta gauza asko azpimarratuko nituzkeen arren, bere esaldi bat aipatuko dut hemen:
Irakastea ikasteko oso era eraginkorra da. Eman diezaiegun gure ikasleei eta euren gurasoei aukera hori.
Azpimarragarria ere, Eskoziako ikasleek eta Kataluniako ikasleen artean aurrera daramaten Interneten bidezko tutorizazioa hizkuntzak lantzeko. Elkarri laguntzen diote gaztelera eta ingelesa ikasteko prozesuan.
Atsedenalditxoaren ostean, talde lanaren txanda iritsi da eta hitzaldietan agertutako gaiei buruzko galderak prestatu dira. Jarraian, bozeramaileek galderak egin dituzte eta oso emankorra izan da tarte hau zalantzak argitzeko.
Otordurako tarte bat hartu eta berehala hasi da bigarren zatia. Hemen, protagonista nagusia Ikastolok diseinatutako eta ekoiztutako Txanela Proiektua izan da. Benetan, proiektu bikaina. Lastima webgune propioa oraindik ez izatea.
Sarreraren ostean, Fultxok, Bianako Erentzun Ikastolako irakaslea eta IKTero saltseroak, bere ikasleekin Wikiekin egiten dituen esperientziak azaldu eta IKTek gure eguneroko jardunean eskaintzen dizkiguten aukerak modu bikain batez erakutsi dizkigu. Gainera, bere umore puntua bazkalosteko saioan eskertu da.
Bukatzeko, Orereta eta Zarautzko ikastolako ordezkariek Txanelaren inguruan aurrera eraman dituzten beste esperientziak aurkeztu eta azaldu digute.
Biharko saiora ez dut joaterik izango, baina ostegunean hantxe izango naiz. Komunikazio arloa izango da jorratuko den gaia eta konpetentzia horretan IKTen erabilera txertatuta dagoenez, gure ikuspegia emateko aukera izango dugu. Izan ere, arratsaldeko saioan gure ikastolako esperientzia eta ikuspegia azalduko baitugu. Ea gaurko azalpenak bezain argia egiten dugun.