Gaurko saioa komunikazioari eskainita dago eta goizeko saioaren laburpentxo bat zuzen-zuzenean egiteko asmoz etorri naiz. Baluarten dagoen Wifi konexio bikainari esker hori egin ahal izango dut.
Lehen hitzaldian, Uri Ruiz Bikandiri oso gauza interesgarriak entzun dizkiogu. “Ondo komunikatzea eta ondo pentsatzea, txanponaren aurki biak” izeneko solasaldian esandako guztiaren artean hau azpimarratuko nuke nik:
- Adinean aurrera egin ahala, gure ikasleei geroz eta denbora gutxiago eskaintzen diegu euren ideiak adierazteko edota eskola lanaren inguruan hitz egiteko.
- Horren arrazoia, egiten dugun “transmisiozko” irakaskuntzan aurkituko genuke seguruenik.
- Esperientziaz dakigu askoz hobeto ikasten dugula barrez, esperimentatuz, eztabaidatuz… Gehiago ikasten dugula ideiak idatziz edo beste norbaiti hori ahoz azalduz.
- Oinarrizko komunikazioa baino askoz gehiago behar da gai akademikoak adierazteko.
- Diskurtso “zientifikoari” lehen hurbilketa egin behar zaio eta horretan ez du balio gauzak hala moduz adierazteak.
- Zehaztasuna eta arlo bakoitzari dagokion hiztegia landu beharra dago.
- Horretarako, ezinbestean, aukerak sortu beharko dizkiegu koherentziaz eta zehaztasunez adieraztera irits daitezen.
- Ahozko komunikazioa indartu beharra dago, beti ere, arestian aipaturiko premisak aintzat hartuz.
Segidan, Angela Magaz izan da eszenatokira igo dena gazteleraz prestaturiko “Actitudes y habilidades de comunicaciĆ³n con las familias” izeneko hitzaldia.
Oso hitzaldi entretenigarria suertatzen ari da eta adibidez beterikoa. Irakaselok, batzuetan, urduri jartzen gaituen egoera horren aurrean nola jokatu beharko genukeen azaldu digu, baina bien ikuspegitik enfokatuta. Hau da, gurasoen ikuspegitik nahiz irakasleon ikuspegitik komunikazio egoera hauetan gertatzen ohi diren gauzak eta batzuek zein besteek nola bizi duten hori.
Era askotako aholku eta jarraibide eman digu, baina denak ezin hemen bildu (azkarregi doa niretzat). Dena den, nik batean laburtuko nuke: ENPATIA.
Irakasleok jakin behar dugu gurasoen lekuan jartzen eta euren kezka edo arazoari irtenbide bat ematen ahalegindu. Hori bai, sistematizatu beharko genituzke gurasoekin ditugun harreman horiek: idatzitako gutun batez bilera deitu, gaia, partaideak, iraupena… zehaztuta jarri, akta moduko bat jaso eta bilera horren ondorengo erabakiak, urratsak… gurasoei adierazi (ikus dezatela airean ez dela gelditzen). Horrek konfiantza giroa sortzen laguntzen baitu.
Azkenik, gurasoen txanda iritsi da eta ikastolak nola ikusten dituzten, zergatik gure eredua, euren eginkizuna… azaldu digute oso era erakargarrian.
Galderen txandara pasatu gara eta eztabaida interesgarria sortu den arren, moztu egin behar izan dute denboraz oso gaizki doaz eta.
Orain bazkaltzera joateko ordua iritsi zaigu eta jarraian gure txanda izango denez, ez dut, gaurkoz, gehiago idatziko. Areto handi hau edozein urduri jartzeko modukoa da eta ni horrelaxe nago une honetan. Ea mokadu bat janda lasaitzen naizen. Bihar kontatuko dizuet nola joan den dena.
Eguneraketa: Arratsaldeko saioa amaitu da eta gure aurkezpena pasatu da. Arnasa hartu dut.
Ikastolen IKT arduraduna den Josune Gerekaren aurkezpen labur baten ondoren, nire txanda heldu da. Gaiari heltzeko aukera ezberdinak aurreikusita neuzkan eta, hasteko unean, zalantzak izan ditut. Urduritasuna nabaritu zait. Azkenean, ez naiz apenas sartu ildo filosofikotik. Hau da, gure ikastolan IKTei ematen diegun erabileraren atzean dagoen planteamendu pedagogikoa ia erabat alboratu dut eta erabilera hutsean gehiago zentratu naiz.
Bide hori hartzera bultzatu nauten arrazoien artean aipatzekoa da gure ingurukoek esandakoa eta ez luzatzeko errepikatu didaten mezua (azkenean, gehiegi luzatu naiz). Hala ere, nik uste dut irakasle batzuei beldurra sartzeko baliagarria izan dela. Izan ere, gure ikasleekin erabiltzen ditugun baliabideak guztiz ezezagunak egin zaizkie. Nik uste dut interesgarria egin zaiela tresna horiek duten ahalmena eta Euskal Curriculumak planteatzen dituen konpetentzia orokorrak lortzeko eskaini dezaketena. Ea beldurra gainditu eta animatzen diren.
Jarraian, Emilio Etxabek Andoaingo Larramendi Ikastolan Txanelako CDak erabiliz egiten duten lana azaldu digu. Gehien harritu nauena izan da eskaintzen dioten denbora (3 bat ordu astean) eta maila guztietan, sistematikoki, nola erabiltzen dituzten bai informatikako gela (LHkoentzat gela propioa dute) bai gela arruntetan bertan dituzten ordenagailuak (gela guztietan bizpahiru dituzte).
Amaitzeko, Josune Gerekak Ikastolen Elkarteak dituen asmoak eta planteatuta dituen erronkak Lehen Hezkuntzarako. Ideia interesgarriak, baina ikusi beharko dugu aurrera eramateko gai ote garen. Azaldutako guztiaren artean bi asmo aipatuko nituzke, bereziki:
- IKT konpetentziak LHn zehaztu
- Gune bat sortu IKT baliabideak txertatu gure Unitate Didaktikoetan eta gune bat zabaldu guztion esku jartzeko eta guztion ekarpenak eta esperientziak partekatzeko.
Ea hemendik aurrera ikastola guztietako Lehen Hezkuntzan ere IKTen erabilera zabaltzeko balio duen.