EHUko eta iKide taldekoa den Ainhoa Ezeizak idatzi zidan atzo esanez izerdi asko bota eta gero zabalik dagoela I. Moodle Esperientzien Elkartrukerako Jardunaldiak 2007: MoodleMoot Euskadi jardunaldietarako deia. Azterketak zuzendu eta zuzendu nabil eta oraintxe hartu dut tartea deialdi interesgarri honen berri emateko. Beraz, gatozen harira.
Jardunaldi hauen xede nagusia Moodle darabilten eragileei elkartzeko, esperientziak elkartrukatzeko eta Moodle-ren erabilerei buruz eta egin daitezkeen garapenei buruz eztabaidatzeko aukera eskaintzea da. Dakizuen bezala, Moodle plataformaren erabilera asko hedatzen ari da azkenaldi honetan Euskal Herrian (unibertsitate, ikastetxe eta euskaltegien munduan, batik bat) eta aukera ezin hobea izan daiteke horretan ari garenok bizi ditugun esperientziak, topatzen ditugun zailtasunak eta ikusten dizkiogun onura nahiz zirriztuak partekatzeko.
Aurtengo topaketa ekainaren 27 eta 28an izango da eta gai hauek jorratu nahi dira:
- Moodle esperientziak Unibertsitatean: esperientzien elkartrukea irakasleen artean
- Moodle esperientziak Unibertsitatetik kanpo:
- Baliagarritasun berriak: Moodle-n erabiltzeko baliagarritasun berrien garapena, proiektuen aurkezpena
- Moodle-ren garapen eta ezarpenerako erakundeen estrategiak: esperientziak eta etorkizunerako gakoak
- Lehen eta Bigarren Hezkuntza
- Lanbide Heziketa eta enpresa
- Hizkuntzen irakaskuntza, euskararen irakaskuntza bereziki
- Unibertsitatetik kanpoko beste esperientzia batzuk
Jardunaldietan zehar gonbidatuen hitzaldiak, komunikazioak eta tailerrak izango dira. Komunikazioak irekiak dira, hau da, edonork eska dezake parte hartzea. Horretarako, zuen komunikazioa bidali behar duzue eta, hautatua bada, jardunaldietan aurkeztu ahal izango duzue. Bidaltzeko epemuga maiatzaren 31 izango da eta ISBNdun CD-ROM batean argitaratuko dira bidalitako komunikazioak.
Ez dira guretzat data komenigarrienak (bilerak, plangintzak, ikasturte amaiera…) baina gure ahalegin guztiak egingo ditugu bertan egoteko. Bide batez, beste guztioi ere parte hartzera animatu nahi zaituztegu.
Informazio osoa:
Honen berri eman duten beste guneak:
Zorte on eta eutsi goiari, Ainhoa!