Zorionak!!!
Orain dela bi urte Maite triste zebilen. Bere ikasgaiarekin ez zuen asmatzen eta ikasleekin lortu nahi zituen helburu batzuetatik urrun gelditzen zela ikusita, bere egonezina nabaria zen.
– Ezin dut horrela jarraitu!, aldatu beharra daukat, baina zer egin dezaket?… -errepikatzen zuen etengabe-.
Jolaus eta biok blog bat martxan jartzera animatu genuen eta bere ohiko 500000 galdera erantzun eta gero, lehen urratsak ematen hasi zen. Uda osoa pasatu zuen bere proiektua diseinatzen, edukiak sortzen, baliabideak txertatzen… eta irailerako dena pronto zuen. Baina zailena gelditzen zitzaion, hau da, gelan sartu eta ohiko metodologia aparkatuta utzi eta bide berriari ekin.
Eta hortxe bete-betean asmatu zuen. Planteamendua goitik-behera irauli eta mugarik gabeko ausardiaz jokatu zuen. Hori bai, lan horretan, iazko ikasle taldearen laguntza azpimarragarria izan zen, gauzak erraztu zituztelarik. Gauza bera esan beharko genuke aurtengo taldeari buruz, izan ere, iazkoen lekukoa hartu eta lanari gogoz eutsi baitiote.
Bi urteko ibilbide honetan, Euskaljakintza ezaguna egin da euskal blogosferan eta, batez ere, euskal hezkuntzaren munduan. Horren ondorioz, kontaezinak dira Maitek eskaini behar izan dituen hitzaldiak, ikastaroak… Hauei guztiei bere formaziorako egin dituenak gehitzen badizkiegu, IKT eta Batxiko bulegoetan bere argazkia jartzearen arrazoia ulertuko duzue.
Beno, bada, hori gutxi balitz, oraingo honetan ez dakit zer egin beharko dugun. Izan ere, aurrekoan esan nuen bezala, estatu mailako I Espiral Sarien finalisten artean sailkatu eta gero, “Blogs de aula” atalean TXAPELDUNA gelditu da.
Ikaragarria!!! eta merezita, bai horixe!!!
Saritutako blogen artean ez dago beste blog euskaldunik eta Euskaraz eginiko blog bat gisa honetako sari bat irabaztea ez da makala eta meritu guztia Maiterena eta bere ikasleena da. Bejondeiela!!!