Gaur arratsaldean, ETB2ko Pásalo programan albiste interesgarri bat entzun dut: Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolak, azterketak direla medio, bere gelak zabalduko ditu gaueko 12:00ak arte.
Baina albiste hau hona ekartzeko arrazoia ez da neurri horrek suposatzen duena, baizik eta segidan egin duten iruzkina: “Hori bai, Errektoreak adierazi duenez, Internet zerbitzua ez dute izango. Honela saihestuko dira ikasleen “despisteak”.
Sinestezina, ez? Bada, horixe da gure Hezkuntza Sisteman daukaguna. Oraindik ere, Internet “perbertsioarekin” lotzen jarraitzen dute. Zer motako irakaskuntza bultzatzen dute Unibertsitatean? Irakasleak transmititutako ezagutza da balio duen bakarra? Nolako irakasleak prestatzen ari dira, XIX. menderako ala XXI. menderako?
Honelako gauzekin sutan jartzen naiz. Gero, gure ikasleen emaitzak beste lurraldekoekin alderatzen dituztenean (PDF 2,26MB), ohartzen gara benetan non gauden eta zenbat gauza dugun aldatzeko. Hori bai, bitartean, sindikatuek segituko dute aldarrikapen ekonomikoak egiten (egin beharrekoak, zalantzarik gabe), baina benetako hobekuntzak eta kalitatean salto kualitatibo bat ekarriko lituzketen aldaketak ahaztuta.
Horrela doakigu gero!