Ebaluazioa aipatzen den bakoitzean, burura datorkiguna ikasleen ebaluazioa izaten da, baina gaurko honetan ez diogu ebaluazio horri jaramonik egingo, ikastetxeen ebaluazioari baizik.
Finlandian, ikastetxeen ebaluazioa ez da borondatez egiten den jarduera bat, ikastetxe guztiek derrigortuta daude eta, gainera, ebaluazio horien datuak publikoak dira. Ebaluazioa ez da planteatzen ikastetxeen lehia bultzatzeko, jarduera horren xedea hobekuntza bultzatu, aldaketa sustatu, immobilismoa saihestea… da.
Ebaluazio saio horiek ikastetxe bakoitzak antolatu behar ditu, nahiz eta kanpo ebaluazioak ere derrigorrezkoak diren. Aztertzen diren eremuak oso zabalak dira eta ez dira emaitza akademikoetara mugatzen, alderdi pedagogiko guztiei garrantzia handia ematen zaie, baita ikastetxearen baliabideak eta hauen erabilera eta mantenua aztergai daude ere. Era berean, ikastetxearen antolakuntza, komunitateko kideen arteko harremanak, gestio emaitzak… baloratzen dira.
Komunitateko kide guztiek euren ekarpena egiten dute, horretarako sarean eskura jartzen zaizkien galdetegiak erabiltzen dituztelarik. Partaidetza, oro har, oso altua da (%70aren ingurukoa).
Honek agerian uzten du finlandiarrek hezkuntza ulertzeko duten era, hau da, erabiltzaileen onurako eskaintzen den zerbitzu publiko bezala ulertzen dute. Ikasleak eta euren familiak egiten diren ahalegin guztien jomuga dira eta hauen beharrak eta espektatibak ez dira ulertzen ikastetxeei presioa sartzen duten eskakizun gisa, sistema aktibatzeko eta indartzeko aukera bezala, baizik. Etengabeko hobekuntzaren kultura barneratuta dute eta erabiltzaileengandik jasotako feedback-a hobekuntzarako eta berrikuntzarako aukera paregabe bezala erabiltzen dute.
Gure sisteman, oso ikastetxe gutxi dira gisa horretako ebaluazioak burutzen dituztenak eta, are gutxiago, bere emaitzak publikoak egiten dituztenak. Oraindik ere, asko dira kalitatea neoliberalismoarekin lotzen dutenak eta ez dira ohartzen, egiten dituzten proposamenetan, EFQM ereduak proposatzen duena errepikatu besterik ez dutela egiten. Nik uste dut eredua ez dutela ongi ezagutzen eta autokritikarako adorea falta zaiela. Gisa honetako eredu batek konpromiso handiak eskatzen ditu ikastetxeko partaide guztien aldetik eta oso gutxi dira erantzukizuna hartzeko prest daudenak. Gehienentzat, askoz erosoagoa egiten zaie horri uko egin eta hartzen diren erabakiak “goitik inposatutakoak” bezala identifikatzea eta kritikatzea.
Nire ikastolan izan dugun esperientzia oso bestelakoa izan da. Gehienok, konpromisoak hartu genituen eta izugarria izan da emandako aldaketa. Egitura bertikala alboratu eta askoz demokratikoagoa den egitura horizontal batera pasa ginen. Partaide guztiok kanalak dauzkagu gure ekarpenak egin, erabakiak hartu, hobekuntzak proposatu, gabeziak identifikatu…, azken finean, eragile aktiboak izateko. Zalantzarik gabe, guztion konpromisoa ez da maila berekoa izango eta hobetu beharreko gauza asko izango dugu, baina gure funtzionamendu sistemak berak lagundu egiten digu horiek identifikatzen eta zuzentzen. Konpromiso horren lekuko azken urteotan burutu ditugun auto-ebaluazioak eta hiru kanpo ebaluazioak, gaizki egiten ditugun gauzak onartzeari beldurra galdu diogu, besteek guk baino hobeto egiten dituzten gauzak onartu eta beraiengandik ikasi ohikoa bihurtu da, esperientziak trukatu eta ezagutza partekatu geroz eta zabalduagoa dugun jarduera bilakatu da… Hori guztia, hobekuntzarako eta berrikuntzarako akuilu gertatu da gure ikastolan eta zin dagizuet gure jardunaren hartzaileak diren ikasle eta gurasoek biziki estimatzen dutela emandako aldaketa. Gauza bera esan dezakegu gurekin harremanak dituzten erakunde, aliatuak, hornitzaileak eta gainontzeko guztien iritziari buruz.
Bukatzeko, beste arrazoi bat eman nahiko nuke ebaluazio sistema hauek gure hezkuntza sisteman ezartzeko. Izan ere, Euskal Herriko hezkuntza sistemaren ikastetxe gehienok diru publikoarekin finantzatuta gaude; titularitate publikokoek erabateko finantzazio publikoa dute eta kontzertatuek, portzentaje handi batez, finantzazio publikoa dute. Gure zergekin mantentzen diren ikastetxe horien funtzionamenduaren berri ba al dugu? Batzuek zein besteek gizarteari eskaintzen dioten zerbitzua nolakoa den jakiteko eskubiderik ez al dugu? Administrazioak ez al luke guztion diruaren erabilera zuhurra eta gardena bermatu beharko? Nik uste dut baietz eta, horretarako, ebaluazioari ezinbesteko tresna deritzo.