Ikastolen jatorria eta Freineten eskola

Askotan aipatu dudan kontu batekin nator berriro ere baina, azpiko bideoa ikusi ondoren, berriro ere pentsatzen jarri naiz zeinen desberdinak diren nik ikasle bezala ezagutu nuen ikastola eta gaur egun ezagutzen dudana.

70. hamarkada osoa egin nuen nik Jakintza ikastolan. Garai hartatik ditudan oroitzapen asko eta asko azpiko bideoan islatuta ikusi ditut. Ez dakit orduan nire maixu eta andereƱoak zirenak Freineten berri ba ote zuten baina ikastolan egiten genituen gauza asko bere eskola ereduarekin lotura handia zutela esango nuke nik. Proiektuaren jatorri ideologikoa, gurasoen inplikazioa proiektuan, gela barruko dinamika parte-hartzailea, gelatik kanporako irteerak gure ondare sozial, kultural eta naturala ezagutzeko, testu eta material libreak (Saioka testu-liburuak agertu aurretik), egiteari zuzendutako eskola dinamika, irakasle eta ikasleen arteko harreman horizontala, gizarte hobeago bat bilatzeko irakasleek transmititzen zuten ilusioa, esku-lanek orduan zuten garrantzia… Benetan zerrenda luzea.

Tristura ematen dit orain, hogeita hamar urte pasa direnean, ikastolen mugimendua nola “estandarizatu” den ikustea, zeinen “ofiziala” bihurtu den egiaztatzea, zeinen urruti dagoen orain orduko eredu horretatik ikustea. Eta pena gehien ematen didana da ikustea nola ikastolen hasierako mugimendu hartan nire maixu eta andereƱo izan zirenetako asko eta orain nire lankideak direnak, eredu horren aurka egiten duten; orduko autonomia ukatzen digute, egiten dugun lanari balioa kentzen diote ez garelako pedagogian adituak eta horrexegatik, eskura ipintzen diguten materiala (testu-liburuak eta bestelako material pedagogikoak) erabiltzea egokiena dela planteatzen digute. Pena.

EGUNERAKETA 2012-12-4: Xabier Huitziren ekarpenari esker jakin dut Jabier Goena segurarra izan zela ikastolen ideiaren sortzailea. Badirudi Goenaren asmoa euskal eskola sortzeaz gain, honek metodologia berritzailea izatea nahi zuela, Freineten eredua, alegia. Badirudi Kataluina aldean izan zirela bertako irakasteko metodoa aztertzen eta hori hona ekartzea erabaki zutela. Interes handia daukat gai honen inguruan, alegia, zein izan zen ikastolen jatorrian eredutzat hartu zen eredu pedagogikoa. Norbaitek informazio interesgarririk izango balu gai honi buruz, eskertuko nioke iruzkinetan erreferentzia uztea.

Argitaratzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.