Beste enpresek dena itxita eta ongi itxita uzten duten bitartean, Google-ek bere API-en bitartez, euren aplikazioen garapena erabiltzaileen esku uzten du. Horren adibide garbia da Google Maps-erako sortu dituen Mapplet-ak.
Zer dira Mapplet-ak? Bada, norberaren Google Maps eremuan gehituko diren widget-ak. Dagoeneko, zerrenda luze bat dago, hauetako batzuk Google-ek egindakoak, baina arestian esan dugun bezala, API bat dago Mapplet hauetako bat sortu nahi duen edonorentzat.
Ni, Mapplet dirktoriora joan naiz eta hauetako batzuk jarri ditut frogak egiteko. Era guztietako mapplet-ak topatuko dituzue, baina niri asko gustatu zaizkit distantziak neurtzeko balio duena (Distance Measurement Tool) eta koordenatuak ikusteko balio duena (Position Finder). Bi irudi horietan mapplet hauek funtzionamenduan ikus ditzakezue, irudi handian distantziak neurtzekoa (kasu horretan gure ikastolako bi eraikinen arteko distantzia) eta irudi txikian gure ikastolako koordenatuak.
Nire hamar urteko ikasleek, Google Maps erabiliz, lan batzuk burutu zituzten eta tresna honek izan dezakeen erabilera didaktikoaz hobeto jabetzeko hemen jarriko dizkizuet:
Eta Google Earth-en ikusi nahi badituzue, hona hemen KML fitxategiak:
Adibide hauekin ikus daiteke ohiko mapak erabiltzeaz gain, tresna hauek erabiliz, gauza oso erakargarriak ere egin daitezkeela. Gainera, iazko ikasle horiek eginiko lana hortxe gelditzen da datorren ikasturtean osatzen jarraitzeko. Nik, datorren ikasturterako 8 urteko ikasleekin Ordiziako Mapa osatzeko helburua jarrita daukat: lan sektoreak, pertsonaiak, ohiturak… jarriko ditugu eta, dagoeneko jarrita dauden puntuetan, argazkiaz eta bestelako baliabideaz osatuko ditugu.
Orain Mapplet hauekin zer egin dezakegun pentsatzen hasita nago. Gehiago arakatuko ditut ea zerbait interesgarria bururatzen zaidan.