Ordenagailuak, seme-alabak eta internet: bizirauteko gida

Atzo, nire jarioak irakurtzen ari nintzenean, Alzado.org-eko artikulu honetara iritsi nintzen. Artikulua Josep Casanovasek (blogaren laguntzailea) eta bere emazteak sinatzen dute.

Guk, iazko Guraso Eskolan, gurasoek eskatuta, gai hori jorratu nahi izan genuen, baina, azkenean, ez genuen lortu gaia ikuspegi errealista batetik azalduko zuen inor. Arantza hori gelditu zitzaigun, baita aurtengo ikasturtean konpontzeko asmoa ere. Nolanahi ere, hori guztia zehazten eta lotzen dugun bitartean, irakurritako artikulua euskaratzea erabaki dut. Bertan, guraso horiek euren seme-alabekin bizi izan dutena guztiokin partekatzen dute. Aldi berean, hainbat jarraibide proposatzen digute. Ea zuentzat baliagarria den.

Behatu eta ikasi

Gure seme-alaben garapen pertsonala nola gauzatzen den behatzea gauza zoragarria da eta, ordenagailuen alorrean, beraiengandik ikasteko aukera paregabea ematen digu. Zalantzarik gabe, guk erakutsi diezaiekeguna baino gehiago ikasiko dugu.

Baina, seme-alabengandik ikasteak joko eta ordenagailuen inguruan dugun hainbat aurreiritzi atzean uztea eskatzen du; umeen benetako lana jokatzea eta esperimentatzea baita, eta hori helduon edozein jardun bezain errespetagarria da.

Umeek ordenagailuaz ezer gutxi dakite

Nahiz eta ordenagailua gure seme-alaben eguneroko bizitzan ohiko tresna bilakatu den, erabiltzaile hutsak besterik ez dira. Hori dela eta, gure etxean sartzen diren aparatu guztien konfigurazioa, konponketa, zabalkuntza, babesa, kudeaketa… gure ardura da.

Jendeak kontrakoa pentsatzen duen arren, gaur egungo umeak ez dira informatikari adituak, erabiltzaileak besterik ez dira, onak edo txarrak, baina erabiltzaileak besterik ez. Etxean ordenagailua duten umeek ordenagailuaz dakitena guk, gure haurtzaroan, telebistaz edo estereoaz genekienarekin pareka daiteke, hau da, ezertxo ere ez; erabiltzen dakite eta kitto.

Umeek beti OK klikatzen dute

Umeek ez dute pazientziarik. Zerbait nahi dutenean, berehala nahi dute. Ez da harritzekoa, beraz, umeek beti OK botoia sakatzea aurrera jarraitu ahal izateko. Gainera, pantailan azaltzen diren mezu horiek ulertezinak egiten zaizkie eta, kasu gehienetan, OK botoia zuzena dela barneratu dute.

Jokabide horrekin, desegokiak diren edukietara iristeko arriskuan jartzen dira eta gure etxeko sistema informatikoaren segurtasuna arriskuan jartzen dute. Hori saihesteko, gure etxean, gisa horretako mezu bat azaltzen zaien bakoitzean guri abisatzeko eskatuko diegu.

Umeek dena instalatzen dute

Oso ohikoa da umeak edozein programa edo joko instalatzen saiatzea, batez ere, beste lagunek baldin badute. “Besteek badute, nik zergatik ez?” euren betiko leloa bilakatzen da. Gehienetan, lagun batek uzten die eta eskolatik itzultzean, instalatzen saiatzen dira.

Arriskuak, arestian aipatutakoen antzekoak dira; horregatik, komenigarria da ezer instalatu aurretik gurekin kontsultatzea.

Umeek espazio guztia jaten dute

Duela urte pare bat 150 Gb-eko disko gogorra erosi nuen. Bi urterako izango nuela pentsatu nuen. Oker nengoen: lau hilabete baino ez zuen iraun. Erruduna, ahal izango balu, Internet osoa disko gogorrean izango lukeen nire seme bat izan zen. Egia esan, bera da etxean daukagun sistema informatikoari etekin gehien ateratzen diona eta ez genion inongo zigorrik ezarri.

Gauza guztiak gordetzeko ohitura horrek familiako gainontzeko kideentzat zuen eragina azaldu genion eta guztion artean adostutako irtenbide bat onartu genuen: 50Gb eskaini genizkion partizio batean eta gainontzeko 100 Gb gainontzekoentzat gelditu ziren, ez baikenuen gehiago behar.

Sistema honek oso ongi funtzionatu du eta oso baliagarria gertatu zaio bere espazioa kudeatzen ikasteko.

Messenger-en agurtzea amaiezina den “minutu bat” bihurtzen da

Nerabezarora iristen direnean, seme-alabei une oro lagunekin harremanetan egoteko beharra iristen zaie. Talde bateko partaide direla sentitzen dute eta adin horretako aldaketak ongi eramaten laguntzen die.

Afaria guztiok partekatzeko une bat bezala izendatuta daukagu gure etxean. Denok lagundu behar dugu mahaia prestatzen eta guztiok batera afaltzen dugu. Ordua iristean, modu argi eta ozen batez “mahaia prestatzera” esaten diegu. Messenger-en konektatuta daudenak gorrak bihurtzen dira eta katalepsian daudela dirudi. Ez dugu amore ematen eta “mahaia prestatzera” errepikatzen dugu. Une horretan, euren lozorrotik esnatu eta “agurtzen ari naiz, minutu bat” esaten dute. Minutu hori amaiezina egiten da.

Gisa honetako egoerek seme-alabekin familiako beste kideekiko errespetuaz, ardurak hartzeaz, norberaren denbora antolatzeaz… hitz egiteko aukera ematen digute.

Inprimatzea dohain da

Nerabeak eta gazteak lehenak dira ingurunearekiko errespetua aldarrikatzen eta, askotan, jarrera ekologista erradikalena azaltzen dute. Horregatik, harrigarria da ikustea nola agortzen dituzten folioak eta dagokien tinta kopurua eskolako ez dakit zer motako lanerako frogak egiten.

Umeak eta nerabeak ez dira jabetzen euren ekintzek ingurugiroan eta ekonomian duten eraginaz. Eurentzat, tinta, papera, CDak, bateriak eta, oro har, suntsikor guztiak etxean dauden objektuak besterik ez dira.

Gurasoon esku dago, adibidea emanez, euren erabakien ondorioaz oharraraztea eta, aldi berean, euren kontsumoa murriztuz, etxeko ekonomia eta gure planetaren osasuna zaintzen lagundu dezaketela ikusaraztea.

Interneten, errealitatea eta fikzioa bereiztea ez da erraza izaten

Arratsalde batean, etxeko egongelan irakurtzen ari nintzela, nire alaba gazteena barrez lehertzen ari zen Youtubeko bideo bat zela eta. Barre pixka egiteko asmotan hurbildu nintzenean, ohartu nintzen bideoan benetako istripuak azaltzen zirela. Istripu horietan jendeak benetako mina hartu zuela ba ote zekien galdetu nionean, oso garbi ez zeukala konturatu nintzen.

Telebistan programazio bat dago eta gurasook zer ikusi eta zer ez erabakitzeko ahalmena daukagu. Interneten horrek ez du funtzionatzen: Youtuben, adibide bat jartzearren, denetik aurki dezakegu. Fikzioa eta errealitatea kanal batean nahasten dira eta adin batzuetan hori bereiztea ez da gauza xamurra.

Horregatik, oso garrantzitsua da topa ditzaketen edukiaz eta hauek bultzatzen dituzten baloreaz gure seme-alabekin hitz egitea.

Babestu edo gehiegi babestu?

Internet eta seme-alabaz hitz egitean, saihestezina da guraso guztioi kezkatzen gaituen gai batez ez hitz egitea. Nola babestu gure seme-alabak desegokiak diren edukiengandik eta indarkeria, pornografia eta pedofiliarekin loturiko kanpoko erasoengandik? Guk baino askoz ere gehiago dakitenak badaude eta honako gune hauek bisitatzea aholkatzen dizuegu:www.protegeles.com, chaval.red.es eta www.asociacion-acpi.org.

Gurasook tresnak eskaini behar dizkiegu gure seme-alabei euren gaitasunak gara ditzaten eta hauek estimulatu. Ordenagailua horietako bat da. Euren jakin-minak jolasaren bidez esperimentatzera daramatza eta hori kalte larriengandik babestuko dituen testuinguru seguru batean egin behar dute.

Gure seme-alabei mugitzeko askatasuna ematen badiegu ere parke publiko batean jolasten ari direnean, jarraibide batzuk ere eman ohi dizkiegu, mugak jartzen dizkiegu, adi egoten gara eta sartu egiten gara arrisku baten aurrean daudela sumatzen dugunean. Berdin-berdin jokatu beharko dugu gure seme-alabak Internetera konektatzen direnean: zer eta norekin egoten diren jakin behar dugu, beraz, hainbat muga eta arau jarri beharko ditugu muturreko jokabideak saihestuz; alde batetik, izutu gabe eta, bestetik, gehiegizko babesa eman gabe.

Arauak eta mugak Interneten

Hauek dira guretzat baliagarriak izan diren arauak:

  • Inork ez du ordenagailurik izango bere logelan. Ordenagailuak beti partekatutako eremuetan jarriko ditugu, hala nola, egongelan.
  • Seme-alaba bakoitzaren adinaren arabera, konexio ordutegi bat bete beharko da.
  • Etxerako lanek eta beste eginbeharrek lehentasuna izango dute txata eta horrelakoen aurrean.
  • Afaria deskonektatzeko eta biltzeko une bat da.
  • Interneten, sekula ez dute datu pertsonalik emango.
  • Inoiz ez dute ezezagun batekin hitzordu bat adostuko.
  • Susmagarria egiten zaien edozein proposamenaren berri eman beharko digute.

Nola jakin zer egiten duten eta norekin

Ordenagailua etxeko eremu partekatu batean kokatzen badugu, nahiko erraza da.

Aholku batzuk:

  • Mesenger-eko kontaktuen irudiak aitzakia polita izan daitezke elkarrizketa bati hasiera emateko. Gisa honetako galderak egin daitezke: Norena da irudi barregarri hori?, Ez dut ezagutzen, eskolakoa da?
  • Euren emozioak irribarrez, ozenki hitz eginez edo tekleo frenetiko batez adierazten dituztenean, une egokia da eurengana hurbiltzeko eta galderak egiteko.
  • Messenger, Myspace edo Youtube bezalako aplikazio eta zerbitzuen funtzionamendua ezagutzen ez baduzu, ikasi. Jakin-mina azaldu, seme-alabei erakusteko eskatu, alta eman probak egitearren besterik ez bada ere. Errazagoa egingo zaizu zure seme-alabekin horretaz hitz egitea eta kontaktatzea.
  • Kuriositatea azaldu, saiatu euren mundu soziala eta komunikatiboa ulertzen. Bloga, fotologa edo antzekorik badu, sar zaitez, baina ez espioiarena egiteko, partekatzeko baizik. Zure jakin-mina azaldu eta beraiengandik ikasi.

Gure ordenagailuak nola babestu gure seme-alaben ekintzengandik

Nire alaba zaharrenak hiru urte zituela nire Apple Macintosh SEaren aurrean utzi nuen. Marrazkiak egiteko KidPix izeneko programa bat instalatuta nuen eta horrekin izugarri ondo pasatzen zuen. Normalean baino lasaiago zegoen, isilik. Bere marrazkietan murgilduta zegoelakoan, lasai utzi nuen. Baina isiltasun hura ez zen normala eta bere marrazkiak ikusteko asmoz hurbildu nintzaion.

Mac-en pantaila begiratu eta, hura ezustekoa hartu nuena! Nire Mac harren pantailan ez zegoen ezertxo ere. Ia karpeta guztiak desagertuta zeuden. Bera konturatu zen objektuak desagertzen zirela karpeta batera eramaterakoan eta marrazkiak egitea baino atseginagoa egin zitzaion.

Zorionez, susto bat besterik ez zen izan, karpeta guztiak beste batean sartuta baitzeuden. Hortxe ohartu nintzen umeek, inozentziaz beteriko izaki zoragarri horiek, buruhauste bat baino gehiago eman dezaketela ordenagailua erabiltzean. Guk prebentzio neurriren bat hartzea aholkatzen dizuegu, adibidez, guk etxean hartu ditugunak:

Erabiltzaile bat sortu bakoitzarentzat

  • Norberak bere mahaigaina pertsonala izango du, bere konfigurazioa, bere karpetak eta fitxategiak…
  • Nabegatzailearen historiala erabiltzaile bakoitzarentzat ezberdina izango da, berrikusteko aukera emango dizu behar izanez gero.
  • Norberak “Nire dokumentuak” izeneko karpeta izango du eta erabiltzaileen fitxategiak ez dira nahastuko.

Erabiltzaileen baimenak

  • Erabiltzaileek ez dute pasahitzik izango edo, izanez gero, gurasook ezagutu beharko dugu; bestela, ezinezkoa izango da ordenagailuaren kontrola izatea beharrezkoa denean.
  • Administratzailearen profila eman edo ez erabaki beharko duzu. Administratzailearen profila izan ezean, ezin izango dute programarik instalatu; dena den, horrekin euren autonomia ordenagailuaren erabilerara mugatuko duzu
  • Ordenagailu bat baino gehiago baldin baduzu, gorde bat non gurasoek bakarrik izango duten administratzaileen profila. Honek ordenagailu bat beti kontrolpean izango dugula ziurtatuko digu.

Segurtasun kopiak egin

  • Datuen segurtasun kopiak egin. Nire etxean denek dakite “Nire dokumentuak” karpeten segurtasun kopia egiten dugula, ez besteena.
  • Kopia inkrementalak egiten uzten duen programa bat erabil ezazu. Guk kopia integrala urtean behin egiten dugu, gainontzeko guztiak inkrementalak.
  • Segurtasun kopiak gordetzeko, praktikoena kanpoko disko bat erabiltzea da. Honela, edozein fitxategi edozein ordenagailuan berreskuratu ahal izango dugu.

Antibirusa, firewall eta antiespioiak

Zure antibirusa beti eguneratuta mantendu, sistema eragilearen FireWall-a aktibatu edo beste bat instalatu eta, tarteka, programa antiespioia pasatu

Gure sistema errebisatzeko modu sinpleak

Instalatutako azken programak errebisatu

Ezagutzen ez duzun programaren bat instalatuta ikusten baduzu, Google-en sartu eta egiaztatu zertarako den.

Errebisio mota hori eginez, euren interesak ezagutzeaz gain, kaltegarriak izan daitezkeen programak desinstalatu ahal izango ditugu, beraiekin hitz egin eta gero eta arrazoiak eman ondoren.

Diskoaren espazio librea berrikusi

Ariketa sinple honekin, operazioen hazkuntza normala duen edo ez jakingo dugu. Hazkunde handiegia bada, baten bat gauzak jaisten ari dela adieraziko digu.

Jaisten ari denaren berri izan

Errebisio hau beharrezkoa da gure ordenagailuan zein motako edukiak egongo diren jakiteko, konexioaren zabalera bermatzeko eta diskoaren espazioa kontrolatzeko.

Konklusioak

Ordenagailua gure seme-alaben garapen intelektuala eta euren gaitasunerako baliabide ezin hobea izateaz gain, aprendizaia kolaboratiboa jorratzeko aukera pilo bat ematen digu. Aholku hauen bitartez, gure seme-alabek jolasteko eta esperimentatzeko testuinguru seguru bat lor dezakegu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.