Euskaljakintza berria: euskaljakintza.com

Euskaljakintza.blogsome.com zena euskaljakintza.com izango da hemendik aurrera. Bi ikasturte, 454 artikulu, 826 iruzkin eta 265.190 orri kargatu ondoren, Blogsomeri agur esateko garaia heldu da. Iazko ikasturtean, jada, sumatu genuen bloga gure hosting propiora pasatzeko beharra. Alde batetik, sortuak genituen hainbat eduki gure babespean gordetzeko egokitasuna ikusi genuen eta, bestetik, irudiak eta argazkiak igotzeko muga aspaldi gainditua genuen honek zekarren lan bikoizketarekin (artikulua Blogsomen idatzi, irudiak Flickreko kontu batean gorde…). Gauzak honela eta gure proiektuarengatik Foru Aldunditik lortutako diru-laguntzari esker, ikasturte bukaeran migrazioari ekitea erabaki genuen.

Aurretik ere ibiliak gara Elurnetekoekin elkarlanean eta informatika lanetan eskarmentu handia eta eskaintza zabala dituztenez, beraiekin harremanetan jarri eta bertako Gorka Julio “Teketen” apartak ekin zion euskaljakintzaren migrazioari. Ilusio handiz (eta tristura apur batez nire aldetik, egia esateko) ekin genion uztailean lanari. Zenbat buelta tarte honetan! Eskerrak Gorkaren pazientziari! (Zer iruditzen zaizu hau kentzea, beste hori mugitzea, hango hura aldatzea…? Nola egiten da…?). Mila esker, Gorka, izugarri ikasten dut beti zurekin (gustatuko litzaidake informatikaria izatea!) :-)

Bestalde, behin aldaketekin hasita, edukia txukuntzeko garaia ere bazela garbi zegoen. Magicek beti esaten zidan euskaljakintzak “El bazar de la coja” ematen zuela. Informazio guztia -gehiegi- dena begi bistan, kaotikoki antolatuta. Egia esan, ikasleek eta lankide batzuek ere esan izan didate hainbat eduki topatzeko arazoak izan dituztela noiz edo noiz…Beraz, bere iradokizunari jarraiki (beti bezala :wink: ), edukiak atal orokorretan banatu eta azpiatalak orri nagusitik kendu ditut. Atal horiek zabalduz, eduki-zerrendak azaltzen dira. Badirudi, orain erosoago dagoela bilaketak egiteko. Gainera, magici kritika konstruktiboa eskertzeaz gain, txantiloi edo theme berriaren proposamena ere eskertu behar diot; izan ere, Gorkak eta biok bi egun oso sarean zehar dauden wordpress theme guztiak behin eta berriz ikusten pasa ondoren, magicek proposatutako lehenengoarekin gelditu naiz, dezinerfolio delako bat. Orain txukunagoa dagoela iruditzen zaizu, magic? :smile:

Luzamendutan ibili gabe, onena antolaketa berriaren azalpentxo bat ematea izango da:

euskaljakintza berria

Goiko aldean:

      1. EGA: EGAko azterketa prestatzeko gune berria (azalpenak, ariketak, egutegia…).
      2. ARAUAK: Euskaltzaindiaren arauak ikasi edo errepasatzeko ikastaroa (azalpenak eta ariketak online).
      3. HAUTAPROBA: Hautaproba edo selektibitateko euskarako azterketa prestatzeko wikia.
      4. HIZTEGIAK: Hiztegia.net-era lotura
      5. BALIABIDEAK: Euskaljakintza euskara baliabide-bilduma
      6. ENTZUN: Euskaljakintzako entzun-irakurtzeko gunea. Autore ezberdinen ipuin, poesia eta eleberrien grabazioak eta informazioa.

Eskuineko aldean (aldatzen joango da):

euskaljakintza berria 2

      1. BILATU: euskaljakintza barneko bilatzailea.
      2. ARIKETAK: euskararen hainbat arlo lantzeko euskaljakintzakook sortutako ariketak (ortografia eta arauak, esaldiak berridatzi, sinonimoak, esamoldeak, atsotitzak, lokailuak)
      3. KONTSULTATEGIA: bat-bateko kontsultak (aditzak, ahozko erdarakadak, “a” itsatsia, antolatzaileak, deklinabidea, , interjekzioak, konparazioak, lokuzioak, perpaus motak…)
      4. 2.0 BALIABIDEAK: Zer da web 2.0?, baliabide-bildumak, blogak, galde-sortak, Moodle, Podcasting, webquestak, wikiak… Horiei guztiei buruzko informazioa eta esteka interesgarriak.
      5. GURE TXOKOA: euskaljakintzakook gure lanerako beharko dugun informazio eta material guztia (programazioa, egutegia, dokumentazioa, gure lan-koadernoak, irratia, irakurlearen txokoa…)
      6. TXAT
      7. AZKEN MEZUAK
      8. ATALAK
      9. ARTXIBOAK
      10. JAKINTZA IKASTOLA: Jakintza Ikastolako gune ezberdinetara loturak.

Artikulu guztien ondoren, zabilduko ikurra topatuko duzue. Zabildu Alex Kingen Share This WordPress gehigarriaren euskal lokalizazioa da. Ikur bakar bat gehitzen du zure blogeko sarrera guztietan, edukiak zenbait markadore sozialetara bidaltzeko (bildu, zabaldu, delicious, google bookmarks, digg, technorati…).

Amaitzeko, hementxe dituzue euskaljakintzako helbide berriak. Ea gustuko duzuen!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.