Bada bai, horrelaxe da. Eta berriro Euskaljakintza dugu albistearen protagonista, nola ez. Izan ere, atzo gauen pertsona/elkarte web orri onenaren Diariovasco.com saria irabazi zuen.
Erraz ahaztuko ez dugun gaua izan zen atzokoa. IKTeroon komando batek (Mikel eta biok) gure proiektuaren berri Zamudion ematen genuen bitartean, EnpresaDigitalak antolatutako azken jardunaldian, bigarren komando bat ere (Maite eta Manu, ikastolako zuzendaria eta, martxa honetan, etorkizuneko IKTeroa) Donostiara desplazatu zen ikasle talde batekin batera. Bai Zamudiora baita Donostiara ere joateko aukera izan bagenuen, dudarik gabe, azken urteotan egindako lanaren ondorio zuzena izan da. Eta zalantzarik gabe esan dezaket, bietatik Ordiziara bueltatu ginela gauzak ondo egiten ari garen sentsazioarekin. Mikelek egun hauetako “tournĂ©”an azaldutakoaz aurrerago idatziko dut. Gaur Maitetaz soilik hitz egin nahi dizuet.
Harrigarria bezain polita izan da bi urte pasatxo hauetan Maitek izan duen bilakaera bere irakasle eginkizunean. Zer dira, bada, bi urte irakaslearen bizitza profesional osoari erreparatuz gero? Zoritxarrez, irakaskuntzan aldaketak oso motel ematen dira, ziklo luzeak behar izaten dira irakasle lanean aldaketa esanguratsuak gertatzeko. Horregatik diot, apenas bi urte pasa direnean, Maitek egindako lanak horrelako oihartzuna izatea harritzeko modukoa dela. Nik uste dut ez Maitek ezta gutako optimistenak ere, 2005eko uda hartan Maitek bere eguneroko jarduna goitik behera aldatzea erabaki zuen egun haietan, ez lukeela imajinatu ere egingo erabaki harrek horrelako ondorio pozgarriak ekarriko lituzkeenik. Teknologiari esker, irakaskuntza aro berri batean sartzen ari garela garbi dago: teknologia irakaskuntza metodoen aldaketaren eragile nagusia izateaz gain, aldakuntza hauen komunikazioa eta partekatzea inoiz baino azakarragoa gertatzea bermatzen du. Maite eta bere lana, horren eredu garbiak dira.
Maiteren esperientzia oso oso polita izan da ere. Izugarrizko lana egin du Euskaljakintza aurrera ateratzeko. Oso ondo dakigu hori bere esfortzua gertutik jarraitu dugunok; ni pertsonalki erabat harrituta nago Maitek duen lanerako kapazitatearekin. Baina, nondik atera du Maitek lanerako behar duen “gasolina” hori? Nik esango nuke bere ikasleengandik jasotzen duela. Hiru ikasle promozio desberdin pasa dira dagoeneko Euskaljakintzatik eta ikustekoa da, urte batean bai bestean ere bai, zenbat ilusiorekin hartzen duten ikasleek Euskaljakintza bizirik mantentzearen ardura, zeinen identifikatuta dauden denak Maiteren proiektuarekin. Eta ez didazue ukatuko hori dela irakasle batek bere eguneroko lanean jaso dezakeen satisfaziorik handiena. Maitek erakutsi digu, irakaslea motibatuta sentitzeko ez direla beharrezkoak soldatak altuagoak, dirulaguntzak, formazioa, edo ez dakit nik zer beste aitzaki. Irakasle batek gauzak ondo egiteko behar duen gauza bakarra ikasleak engantxatzea da eta helburu horretan, gure lana eta gogoa da giltzarri bakarra. Eta Maitek hor bete-betean asmatu du.
Beti esan dugu gure filosofia elkarlanean eta partekatzean oinarrituta dagoela. IKTeroon ezaugarri nagusiena dela esango nuke nik. Baina ez dugu ahaztu behar ikastola barruan baditugula lankide mordoa filosofia horrekin ere bat egiten dutenak. Euren animo, laguntza eta bultzada ematen ahalegintzen dira behin eta berriro (nik behintzat horrela bizi dut). Etapa pozgarria bizitzen ari gara gure lanbidean eta uste dut, neurri batean behintzat, badela euren meritua ere (Mikelek aipatzen duen “iceberg” hori etortzen zait burura). Horregatik, uste dut barrura gehiago begiratu behar dugula eta gure lankideek eskaintzen diguten laguntza, gure lana behar bezala burutzeko, gehiagotan eskertu beharko geniekeela. Izan daitezela horrelako sariak ere, gure lankideei merezi diegun esker ona adierazteko eta taldeko espiritua sendotzeko aitzakia
Nire aldetik ez daukat besterik. Zorionak Maite, ondo merezitako saria jaso duzu, seguru ez dela azkenekoa izango. Disfrutatu eta parteka ezazu zure poztasun hori zure inguruko guztiekin.