Ez da erraza IKT dinamizatzaileon lana. Gure ikastoletako IKTen inplementazioak suposatzen digun lanari ekin behar diogu, gure ohiko irakasle lanaz gain (hori gutxi balitz, tutorea izatea ere “tokatu” zaienak ezagutzen ditut). Eginkizun berri honetan, asko dira menperatu behar izaten ditugun arloak. Nagusiena, zalantzarik gabe, teknologia berrien inguruko ezagutza da. Nahiz eta arlo teknikoa ez izan gure ardura nagusiena, izugarrizko garrantzia dauka teknologia berrien identifikazio eta ezagutzari eskaintzen diogun denbora. Mota guztietako tramankuluak eta aplikazioak erabiltzera derrigortuta gaude eta honek, esparru honetan esperientzia gehiegi ez duen irakasle batentzat (hori baita gutako gehienon kasua), beti suposatzen du lan karga inportante bat.
Baina ez du soilik informatika kontuetan trebatu behar dinamizatzaile batek. Teknologia berrien presentzia gure curriculumetan errealitate bat izatea nahi badugu, gure burua busti beharreko beste hainbat arlo ere badira:
- Ezinbestekoa dugu zuzendaritza taldearekin harreman estua izatea, gure ikastolan hartzen diren erabaki estrategikoetan IKTek ekar ditzaketen abantailak baloratu eta hauek aurrera eramateko planifikazioa gure ardura da.
- Derrigorrezkoa dugu administrazioarekin komunikazio kanalak izatea. Ikastolako egoera ekonomikoaren inguruko datu orokorrak ezagutu eta, hauen arabera, inbertsio plan errealistak diseinatu eta adostea gure lana da ere. Zoritxarrez, IKT baliabideak ez dira merkeak; horregatik, proiektuetan oinarritutako diru iturri alternatiboak (hala diru-laguntza ofizialak nola beste hainbat esparruetakoak) lortzeko beharrezkoa den informazioa izateak ere badu bere garrantzia.
- Irakaskuntza-aprendizaia prozesuen ildo nagusiak ulertu eta menperatu behar ditugu, izan ere, IKTak curriculumean arrakastaz txertatzeko lehenik eta behin prozesu hauek sakon ezagutu behar ditugu. Horrela, Unitate Didaktikoak sortu eta egokitze prozesuak, saio lektiboa eta ebaluazio prozesuen antolaketa eta garapena gure ikastolan nola gauzatzen den garbi izan behar dugu.
- Aurreko guztia gure lankideekin elkarlanean burutu beharreko zerbait da. Harreman pertsonalak, sentsibilitate desberdinen aurrean dugun jarrera, komunikaziorako gaitasuna… ondo zaindu beharreko atalak dira. Nahiz eta kasu gehienetan atal honi behar duen garrantzia ez eman (agian konplikatuena delako ere), giza-baliabideen kudeaketa eta pertsonalaren asebetetzearen inguruan behar bezala jokatzen ikasi behar dugu.
Ikasketak amaitu eta irakasle lanari ekiten diogunean, aurrekoak bezalako eginkizunak noizbait gure ardura izango direla ez zaigu burutik ere pasatzen. Bizitzan zehar jaso dugun formazioa, irakasle lana arrakastaz burutzeko nahikoa izaten dela pentsatzen dugu maiz. Baina gutxien espero dugunean, horrelako ardura bati heltzeko proposamena heltzen zaigu. Eta honen aurrean, hauxe izaten da gure lehenengo kezka; nola demontre egiten diot nik aurre gainera datorkidan guztiari? Modu batera edo bestera gure gain hartzen dugun lehenengo erabakia hauxe izaten da: nire eginkizunak aurrera ateratzeko ondo prestatuta egotea derrigorrezkoa da. Prestaketa hau kanpotik etorri daitekeen arren, denborarekin segituan konturatzen gara etengabeko autoformazioa dela guztiaren muina. Eta horrelaxe, prestakuntza ikastaroetara joanez, tailerretan parte hartuz, web 2.0 tresna berriak erabiliz, ondokoarengana laguntza eske joanez… eguneroko lanari modu apal eta eraginkorrenean erantzuten ahalegintzen gara.
Urte batzuk pasa dira eginkizun honetan hasi nintzenetik. Bitarte honetan ikastola ezberdinetako IKT dinamizatzaile asko ezagutu ditut. Batzuk lan honetan urte mordoxka egindakoak ziren ni hasi nintzenerako; beste taldetxo bat elkarrekin hasi ginen 2001. urte inguruan; beste batzuk, azken urte honetan hasi dira dinamizatzaile lanetan. Denok hartu dugu gure gain aurrean aipatutakoak eta denok dakigu zenbat estimatzen den, arazoen aurrean topatzen garenean, ondokoaren laguntza izatea. Elkarlana gure lanbidean dagoen balore garrantzitsuenetako bat dela oso garbi daukagu guztiok.
Halere, elkarlan hori gauzatzerakoan zerbaitetan ez dugu asmatu: gogo falta, bitartekoen falta, antolatzeko zailtasunak… ez dakit zer izan den baina kontua da, bitarte honetan, denon artean bildu dugun jakituria hori guztiengana zabaltzeko orduan kale egin dugula. Honen inguruan, duela aste batzuk, dinamizatzaile talde bat elkartu ginen eta gauzak beste modu batera egin zitezkeela pentsatu genuen. Auzolanean aritu garen egun hauetako esperientzia oso emankorra izan da, oso esperientzia polita bizi izan dugu. Denok denongandik ikastea errealitate bat izan daitekeela egiaztatu dugu: denok dugu zerbait besteoi eskaintzeko modukoa eta, bide batez, denok daukagu zerbait besteengandik ikasteko. Eta hori guztia, baliabide sinpleak erabiliz bermatu daitekeela ikusi dugu.
Esperientzia honen ondoren, gure esperientzia beste kide guztiei zabaltzea erabaki genuen. Horixe da pasa den asteazkenean egin genuena. Gure proposamenean hiru elkarlanerako foro ezberdin proposatzen genituen:
- Foro presentzialak, alegia, gertutik bizi ditugun arazoen inguruan hitz egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzeko bilerak izango lirateke.
- Foro praktikoak, ikastola ezberdinen arteko praktika honen trukaketa modura. Jarduera hauek tailer modura aurkeztuko dira, alegia, irakasleok bertan aurkeztutakoa praktikatzeko aukera izango dugu
- Foro birtualak. Gure arteko komunikazioa eta informazio trukaketa modu sinple eta eraginkorrean izatea ahalbidetuko duten aplikazioak erabiltzeko proposamena luzatu genien taldekideei.
Azken atalari dagokionez web aplikazio sinple eta erabilerrazak erabiltzea pentsatu dugu. Komunikazio tresna nagusi gisa Google Groups-en posta zerrenda bat sortu dugu. Eduki biltegi bezala wiki bat sortu dugu eta ezagutza partekatzeko tresna bezala ZirIKTeroak izeneko ataria jarri dugu abian. Azken hau Ning plataforman oinarrituta dago eta, Facebook-en antzera, bere oinarria sare sozialen filosofian datza. Une honetan, antzeko aplikazio ugari daude sarean; hauetako batzuekin frogak egin ondoren, Ning izan da gehien gustatu zaiguna. bere ezaugarri nagusienak hauek dira:
- Tresna sinplea eta erabilterraza da
- Partaide bakoitzeko orri pertsonal bat eskaintzen du (bloga izanik orri honen muina)
- Atari nagusia blog pertsonal guztien agregatzaile modura funtzionatzen du
- Galdera-erantzunetarako foroa du
- Lan-taldeak definitzeko aukera sinplea ematen du
- Mota guztietako fitxategiak igotzeko eta partekatzeko aukera ematen du.
- Modu errazean euskaratu daiteke. Oraindik atari osoa euskaraz egotea lortu ez badugu ere, euskaratze prozesua bide onetik doa.
Ataria publikoa izan behar duela pentsatu dugu. Arrazoia bikotza da: alde batetik, gure ekarpenak besteentzat baliagarriak izan daitezkeela pentsatzen dugu, gu bezala euren eskoletan IKTekin lan egiten duten askorentzat. Eurentzat ere baliagarria bada, askoz hobe. Bestetik, dagoeneko garai badelako gurearen berri interneten ere zabaltzeko. Iritzi asko irakurri ditut sarean zehar ikastolok software librearekiko aurkezten dugun jarrerarekiko, adibidez. Hauetako askok ez dute benetan islatzen ikastoletan bizi duguna. Horrelako atari batek zertan ari garen, zeintzuk diren gure lehentasunak, gure kezkak, gure baloreak… azaltzeko balioko du, benetan ikastolon errealitatea islatzeko tresna garrantzitsua izango dela zalantzarik ez daukagu.
Ea honen bitartez ingurukoak zirikatzea lortzen dugun. Hori bakarrik lortzen badugu, ekimen honek merezi izango du.