Albiste pare bat ditut kontatzeko, bat ona bestea, ordea, txarra. Zeinekin hasiko naiz? Bada, azken honekin hasiko naiz, txarrarekin alegia.
Euskalduna Jauregian Euskal Herriko, Estatuko eta beste lurraldeetako mila berrehun irakasle eta adituak, gutxi gorabehera, bildu dituen kongresu honek “Ofline” bakarrik funtzionatu du. WiFi konexioa bazegoen ere, itxita eta erabili ahal izateko Euskalteli ordaintzeaz gain, prozedura nahiko korapilatsua. Hori lehenengo ustekabea. Bigarrenarekin txundituta gelditu naiz: IKTak Ikas Komunitateetan izeneko hitzaldian, hizlariek erakutsi nahi zituzten interneteko helbideak erakusteko ez zuten konexiorik. IE6 penagarria hortxe ibili da bere mezu triste hori behin eta berriro azalduz. Ez naiz gehiegi sartuko administrazioak horrelako jardunaldietarako hizlarien esku jartzen dituen ordenagailuak eta hauen Sistema Eragileak eta Softwarearekin, baina sare konexioa ez jartzearena oso larria iruditzen zait.
Zein motako ikas komunitateak eraikitzen ari gara? Gure ikastetxeetako hormetara mugatzen diren horietakoak? Akaso Internetek eskaintzen dituen aukerak Ikas Komunitateak sortzeko eta gizartean eragiteko ez dira hemen sartzen? Nik uste dut antolatzaileek aspektu hauek gehiago zaindu beharko lituzketela.
Oraindik ez dut ulertzen, gisa honetako ekintzetan, nola xahutzen den dirua horren erraz gauza anekdotikoetan: karpetak, axotak, koadernoak… denak logoa grabatuta, panelak logoarekin, catering kafea hartzeko… Hori bai, Internet bezalako “asiar luxua” nahi duenak ordaindu dezala eta kitto. Beharbada, jendea ez despistatzeko egingo dute.
Alderdi ezkorrarekin jarraituz, penagarria izan da Aragoiko AriƱo-Alloza ikastetxeko irakasleen hutsegitea. Azken unean adierazi omen dute ezin zutela etorri. Izugarrizko ilusioak egin zidan beraiek zetozela jakiteak, aspalditik jarraitzen baitugu euren lan bikaina, batez ere Tablet PC eta Arbela Digital Interaktiboak erabiliz egiten dutena, baina horren ordez, hortzak zorrozteko moduko informazioa jaso dugu Lekeitioko Eskola Publikoaren eskutik. Sekulako baliabide pila (beste gauzen artean, 21 arbel digital 15 gela dituen LHko ikastetxe batean), hori bai, aitortu dutenez, egiten dutena gordeta dute Hori ez dut uste Ikas Komunitatearen kontzeptua eta ideiarekin bat datorrenik, baina tira, horixe izan da IKTen inguruan kongresu honetan egin den aipamen bakarra. Etorkizuneko hezkuntza (eta ez naiz epe luzeaz hitz egiten ari) oinarri hauekin eraiki nahi badugu, berriro hankamotz geldituko garelakoan nago.
Beno, dena ez da txarra izan kongresu honetan eta, horregatik, bukaerarako alderdi positiboa utzi nahi izan dut.
Oso gauza interesgarriak entzuteko eta ikusteko aukera izan dugu. Esperientzia zoragarriak aurkeztu dira, oinarri teoriko sendoak azaldu zaizkigu. Baina zerbait goraipatu behar badut, nik azpimarratuko nuke Euskal Hezkuntza Sisteman lankide asko dagoela bere lanbidea maite duena, gauzak hobeto egiteko asmoa duena, zailtasunen aurrean etsipenean erori gabe irtenbideak bilatzen dituena… Hau da, askotan kritikatzen den irakasleon profesionaltasuna oso maila altuan uzten dutenak.
Izugarriak dira ikastetxe batzuetan egiten ari diren saiakerak eta horiek aurrera ateratzeko irakasleek erakusten duten grina eta kemena. Eskola demokratikoak, zentzu zabalenean, eraikitzeko xedez, eskolen funtzionamendua irauli nahi duten irakasleekin topatu gara eta aldaketa hori aurrera eramateko guztion konpromisoa bilatzen dutenak, baina euren burua aurretik jarriz eta adibidea emanez.
Giza baliabide hauekin, itxaropentsu egoteko arrazoi asko dago. Arantza bakarra, gisa honetako ekimenetan, oso gutxi dira lizentziatuen eremutik konprometitzen diren irakasleak. Akaso hauek ez al dute ikusten aldaketa horren beharra? Nik uste dut irakasleen eremu horretan gogoeta sakon baten beharra dagoela eta kalitatezko hezkuntza guztiontzat bermatzeko beste bide batzuk egon, badaudela, ikusi eta ezagutu beharko lituzketela. Eta horretarako, beste gauzen artean, honelako jardunaldietara joatea beharrezkotzat jotzen dut.