Gaur bertan WordPress-en, 2.5 Sneak Peek izeneko mezu batean, ikusi dut lehen Release Candidate (1,3 MB ZIP) eskura jarri dutela. Hori ikusita, berehala jaitsi eta instalatu egin dut frogak egiten hasteko. Ohikoa denez, argitaratutako bertsio hau ingelesez dago, baina ziur 2.5 bertsioa atera eta berehala Librezaleko lagunek euskarako bertsioa guztion esku jarriko digutela.
Garbi dago WordPress-en inguruan lanean dabilen jendea lan ikaragarria egiten ari direla CMS hau geroz eta ahaltsuagoa bihurtzen dutelarik. Orain arte pluginak erabiliz egin behar izaten genituen gauzak, poliki-poliki ezartzen ari dira (etiketak, multimedia, editorea…), baina oraindik ez dut ulertzen nola arraio ez dituzte beste inplementazio batzuk burutzen, batez ere lokalizazio eta internalizazioaren inguruan. WordPress komunitateak lokalizazio lan handia egin du eta edozein hizkuntza topa dezakegu WordPress, baina gune eleanitza edo elebiduna ekoiztu nahi duenak pluginekin “borrokan” hasi behar du eta informatika kontuetan oso aditua ez bada (horixe da nire kasua), erotuta ibiltzeko arrisku bizia du.
Globalizatutako mundu honetan, geroz eta gehiago dira sortzen ari diren gune eleanitzak eta behar hori geroz eta nabarmenagoa da. Euskaldunon kasuan, gune asko hizkuntza ezberdinetan garatu behar izaten ditugu (Euskara-Gaztelera edo Euskara-Frantsesa oso ohiko konbinazioak dira gurean). Horregatik, itxaropentsu nengoen bertsio berri honekin eta gai horren inguruan zer edo zer egingo zutela konbentzituta nengoen, batez ere Lorelle-k mezu hau idatzi zuenean. Dena den, bertsio berri honetan, ez dut ezertxo ere topatu eta nire dezepzioa handi xamarra izan da. Izan ere, webgune elebidun bat (euskara-gaztelera) martxan jarri nahi dugu eta frogatu ditugun pluginekin ez dugu asmatzen eta beti atal dezente hizkuntz bakar batean gelditzen zaizkigu.
WordPress-ek aukera hori inplementatzen duen arte itxaroterik ez dugunez, lehenbailehen irtenbide bat topatu beharrean gaude. Ziur gaude zuetako askok jakingo duzuela nola arraio konpon dezakegun arazo hori eta zuen laguntza estimatua izango da. Orain arte, Joomla, Drupal eta WordPress izan dira frogatu ditugun CMSak, baina oraindik ez dugu topatu gure beharrak asetuko dituen irtenbiderik. Zuen laguntzaren zain.