Genoom Batxilergoko Giza eta Gizarte arloan

Ordiziako Epaitegian liburuak kontsultatzen
Gure ikastolako Giza arloko Batxilergo 1ean urtero saiatu gara dokumentu historikoak aurrez aurre ikusten. Garai batean laguntza ezin hobea zen bideoa horretarako, baina gaur egun sarera jotzen dugu maiz aspaldiko dokumentu horiek ikus ahal izateko eta argazkia edo transkripzioa ikus dezakegu horrela: Gerra Zibilaren amaieraFelipe II.ak Urdanetari idatzitako gutuna

Historiako asignaturan egin izan dugun ariketa bat genealogia zuhaitza da.

  1. Ikasle bakoitzak bere zuhaitza hasten du etxekoei galdetuz edo familiako datuak kontsultatuz. Ahalik eta datu zaharrenetara iristen gara horrela eta hurrengo helburuak markatzen ditugu: Zein zen aitonaren aita? Noiz ezkondu zen berraitona?
  2. Hori egin ondoren, Ordiziako epaitegian hartzen dugu ordua eta hara joan ohi gara, ikasle bakoitzak bere arbasoaren izena liburu orijinalean inskribaturik ikusteko. Ordiziako arbasoak ez dituzten ikasleak, bere kasa egiten dute inbestigazioa dagokien herrian. Hemen ere topera iristen gara, ezin datu berririk aurkitu… Berriro markatzen ditugu hurrengo helburuak: Zein izan zen nire berraitonaren aita? Eta ama? Nongoak ziren?
  3. Ondoren Eliz Barrutiko datuak behar ditugu. Orain arte, konplikatu samarra zen puntu hau, txanda gutxi lortzen baitira eta nekez. Orain lana asko erraztu da, http://mendezmende.org/eu/partidas helbidean 1901 arterainoko bataio, ezkontza eta heriotzak kontsulta baititzakegu. Garai haietan datu hau fidagarrienetakoa zen, umeak ez baitziren beti-beti inskribatzen zerrenda zibiletan, eta bai, ordea, elizarenetan! Webgune honen laguntzaz, gure helburuak askoz ere errazago lor ditzakegu. Berriro egin dugu tope, berriro galderak. Zorte apur bat izan badugu, miatu beharreko  mikrofilmaren zenbakia eta orrialdea badakizkigu. Aurten lan hau Ordiziako Barrena liburutegian egin dugu, epaitegian izan ondoren denbora sobran genuelako eta bertan geratu ginen. Horrela, esperientziaren berri emateko aukera ere izan genuen.
  4. Irteera egiteko garaia da: Donostiako Elizbarrutian txanda hartu eta Donostiara egun pasa! Goizeko 9:30etatik eguerdiko 13:00ak arte egongo gara lanean, mikrofilmatutako orri zaharrak ixil-ixilik miatuz, markatutako helburuaren atzetik. Zenbaitek zorte izugarria izango du eta pentsatutako guztia aurkituko du, gauza harrigarriak deskubrituko ditu… Beste zenbait triste samar geratuko da, ez baitu ezer aurkituko… (Horregatik joaten gara  norabaitera bazkaltzera, ea jendea animatzen den!). Koldo Mitxelenara joaten gara eta hango ordenagailu batean gure eguneko esperientzia idatzi. Hemen kontsulta ditzakezue iazkoak: Boskote1, Boskote2
  5. Eta horixe izaten zen dena.
Barrenan Liburutegian

Aurten Genoomen erabilera erantsi diogu urteroko ekintza honi. Eraiki berria zenean egin nintzen partaide eta oso lan txukuna burutzen ari dira egileak. Ezinbestekoa da usuario bihurtzea. Norberak egin dezake hori, izena eta pasahitza asmatu ondoren. Ez da atari publikoa, familiakoek bakarrik konpartitzen baitute dena, erret familiakoa edo horrela ez bazara behintzat.

Erraz-erraza da gure arbola egitea, Googleren mapan kokatzea, argazki karpetak konpartitzea, familiakoen artean mezuak bidali eta jasotzea, urtemugak jakitea eta notifikazioak jasotzea… Gainera, ez dira derrigorrezkoak bikote “formalak” eta onartzen ditu sexu berekoak, ezkongabeak eta abar. Partaide bakoitzak bere fitxa propioa du eta bilaketa errazak egin daitezke: Klara izena dutenak, Mujika abizenekoak, Zaldibitarrak…

Genoom

2008. urtea ondo hasi dute katalan hauek, bigarren postuan geratu baitira Web RevelaciĆ³n 2007, Yahook antolatutako lehiaketan. Gainera, orain arte bezala jarraitzen badute, geratu gabe ari dira webgunea hobetzeko ahaleginetan. Nire zuhaitza egiten hasi naizenetik hainbat iradokizun egin dizkiet eta berehala erantzuten dute bere iritzia emanez edo zuzenean aldaketa burutuz. Irakasle bezala, ikasleen lana ikusteko aukera eskatu nien eta, handik gutxira, behaketa hori egiteko era erakutsi zidaten. Batxilergoko Giza taldean egin beharreko lanketarako tresna oso aproposa delakoan nago!

Genoom

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.