Aste osoa daramat buruari bueltaka, gaurko eguna dela eta, zer idatzi ez dakidala. Iragana eta oraina alderatzen pasa dut denbora. 2004-2005eko ikasturte hartan, blog hau martxan jarri aurretik, nolakoa zen nire egunerokoa, nire eginkizuna irakasle bezala gogoratu dut eta gaur bizi dudan errealitatearekin alderatzen ahalegindu naiz. Buff, zenbat aldatu diren gauzak hiru urte hauetan
Garai hartan hementxe nenbilen, jo ta su IKTekin erlazionaturiko prozesuen definizio eta egituratzearekin. Urrezko Qrako kanpo ebaluaketa bat izan behar genuen eta hantxe nenbilen fluxu diagramak, indikatzaileak… eta abar definitzen. Gogoan dut Mikel eta biok denbora luzez ibili ginela “Teknologia berrien identifikazioa eta ezagutzaren kudeaketa prozesua” definitu nahian; orduko eztabaida eta solasaldi luzeak gogoratu ditut eta nola, lehenengoz, komentatu genuen blog bat martxan jartzearen prozesu honen bitarteko bat bezala. IKT taldeko bilerak etorri zaizkit ondoren burura. Zeinen gustura sentitzen nintzen nire lankideekin bilera haietan; orduko gaiak gaur egungoak baino sinpleagoak baziren ere, taldeko dinamika, bileren giroa, gaur egungoak baino biziagoak izaten ziren. Bilera horietako batean informatika gelara igo ginen; bakoitzak bere ordenadorea hartuta, lehenengoz ezagutu genuen gure taldeko bloga, alegia, ikastolan deitzen ziguten bezala, IKTeroen bloga. Harridura, lotsa… eta batzuen kasuan, kuriositatea antzematen zen nire kideen aurpegietan. Baina, denek egokia iksuten zuten, aurretik definitu genutuen helburuak lortzeko, tresna baliagarria izan zitekeela bloga. Ikastolatik etxera (oraindik bajan nengoela gogoratzen dut) pozik joan nintzen, lankideekin esperientzia polita eta aberatsa izan ondoren.
Ez ziren egun asko pasa, IKT dinamizatzaile bilera batera deitu gintuztenerarte. Orduan ikastolok gure intranetaren garapenean buru-belarri murgilduta genbiltzan eta bilera horretan proiektua garatzeko Foru Aldundiak ematen zizkigun diru-laguntzen inguruko informazioa eskaini behar zitzaigun. Ikastolen Elkarteak, Carmelo Balda frontoiaren ondoan zeukan egoitza zaharrean egin genuen bilera Gipuzkoako dinamizatzaile talde batek. Esan bezala, egun gutxi ziren gure blogan argitaratzen hasiak ginenetik eta, hain ilusionatuta nenbilen ni garai hartan, bileraren amaieran honen berri ematea otu zitzaidala. Desilusio txiki bat jaso nuen, izan ere, nire kideek apenas eskaini zioten arreta minimo bat azaldutakoari. Gogoratzen dut han zeudenetako batzuk “blog” hitzak zer esan nahi zuen jakin ez eta zer zen galdetu zidatela. Ezagutza partekatzeko tresna oso baliagarria izan zitekeela esan nien (aurrean aipatuta prozesuarekin nola lotu genuen esplikatu nien), gure ikastoletako paretetatik irten eta komunitate osoari gure ezagutza zabaldu eta bide batez, komunitatetik informazioa biltzeko balioko zuela esan nien. Tira, ez zidaten ulertu eta onartu beharrean, desilusio puntu batekin atera nintzela bilera hartatik. Ikastolan nire kideekin batera hartutako erabaki hark zerbaitetarako balioko ote zuen pentsatzera ere heldu nintzen. Donostiatik Ordiziarako bidean aurrera egitea merezi zuela erabaki nuen eta horrelaxe eman genion hasiera honi guztiari.
Gaur gure blogak hiru urte bete ditu. Hiru urte hauetan bizitakoak eragin zuzena izan du nire formazio profesionalean eta pertsonalean, nire lanerako filosofian, arazoak enfokatzeko moduan, harreman pertsonaletan, autoestimuan… Eta garrantzitsuena, nire motibazioa lanean eta gauzak hobe egiteko nahia izugarri hazi dira. Eta norbaitek pentsatzen badu esaten ari naizena gehiegizkoa dela nire ingurukoekin hitz egitea besterik ez du egin behar.
Baina zentratu gaitezen blog honek epe honetan izan duen bilakaeraz. Hiru urte hauetan gure blogan 459 bidalketa argitaratu ditugu eta hauetan, guztira, 793 iruzkin idatzi dira. Ekarpenak erabiltzaile askok egin badituzte ere (Axularreko Larre eta Xarneguk, adibidez, 22 bidalketa idatzi dituzte), nagusiki Maite (80 ekarpen), Mikel (168 ekarpen) eta ni (182 ekarpen) izan gara bloga hornitzen lan gehien hartu dugunok. Guztira, 62417 bisitari izan ditu blogak eta hauen artean 119.372 orri bisitatu dituzte. Azken urtean, bisitarien kopuruan igoera nabarmen eman da, azpian ikus daitekeen bezala. Epe honetan, asteko 647 bisitariko batezbestekoa izango dugu, alegia, 90 bisitatik gora eguneko.
Denbora honetan euskal blogosfera izugarri handitu da. Eta horrelakoetan gertatzen ohi den bezala, asko dira sarean aurki daitezkeen rankingak. Denok dakigu sailkapen hauek ez dutela balio gehiegirik baina, gure kasuan badira datu batzuk nahiko harrigarriak direnak, irakaskuntza mundutik sortu den webgune batentzat. Alianzo etxeak kudeatzen duen zerrendan, adibidez, gure bloga Euskal-Herriko blogen artean 19. aurkitzen da. Euskaraz idazten diren blogen artean gurea bigarrena agertzen da Sustaturen atzetik. Baina, datu guztien artean harrigarriena iruditzen zaidana, estatu espainolean argitaratzen diren hezkuntzarekin erlazionaturiko blogen zerrendan IKTeroak zazpigarren postuan aurkitzea, juxtu Planeta Educativoren ondoren eta estatuan izen eta ospe handia duten blog askoren aurretik. Ez didazue ukatuko, datu hau nahiko esanguratsua dela kontutan izanik gure soilik euskaraz idatzitako bloga dela. Tira, horrelakoak ikusteak satisfazio puntu bat ematen duela ezin dizuet ukatu.
Satisfazio asko ematen digun bezala, azken urte hauetan sarean izan ditugun errekonozimenduak, zuzeneko aipamenen bitartez nahiz sarien bitartez. Blogarekin hasi ginenetik kontaezinak dira Maite, Mikel eta hiruok eman ditugun hitzaldiak, egin ditugun aurkezpenak, azken finean, bizi izan ditugun esperientzia berriak. Lan asko egin dugu azken urte hauetan, agian gehiegi (galdetu bestela nire emazte eta semeari ;-p) baina esfortzua merezi izan duela garbi daukat.
Tira, amaitu baino lehen eskerrak eman gure ekarpenen jarraitzaileak zareten guztioi. Topikazo bat esatera noa baina egi galanta da. Blog batekin umetxo batekin bezala gertatzen da, bere geneak gurasoengandik jasotzen ditu baina hezi eta hazi ingurunearen baldintzen menpe egiten da; bada blogak ere berdin, atzean dauden blogarion geneekin jaiotzen da baina heldutasunera heltzeko irakurle eta jarraitzaileak behar ditu eta tarteka, zergatik ez, goxokiren bat edo beste behar izaten da. Gu jarraitzaile eta lagunez inguratuta sentitzen gara eta zorroa goxokiz beteta daukagu. Zer gehiago eskatu daiteke? Mila esker guztioi.