Zoritxarrez, Euskal Hezkuntzaren inguruan sumatzen dugun giroa ez da oso erakargarria. Ohiko gatazka laboralak batetik, sareen arteko eztabaidak bestetik eta, tamalez, oso jende gutxi ikusten dut benetako aurrerapausoak emateko konpromisoa hartuta.
Gaur bertan, Meneamen albiste hori irakurri dudanean, jatorrizko albistea irakurtzera joan naiz. Ezin nuen sinistu bertan irakurri dudana. Guraso Elkarte batzuk eta sindikatu bat atera dira Ikastolek eta Kristau Eskolek eginiko finantziazio hobe baten aldeko eskaerari ezezko borobila ematera.
Ni ez naiz hemen hasiko eztabaidatzen eskaera hori zilegi den edo lekuz kanpo dagoen, baina deigarria egiten zait batzuek erakusten duten adorea eta kemena horren aurrean duten iritzi plazaratzeko, batez ere, gure eskolak (eta eskola zentzu orokorrean esanda) dituen erronken aurrean azaltzen duten immobilismo patetikoa ikusita. Non daude erakunde horiek Curriculum Berriak aipatzen dituen gaitasunen lorpenerako ikastetxe guztietan (publiko eta pribatuak) egiten ari garena (egiten ez duguna esan beharko nuke) ez salatzeko? Non arraio ezkutatzen dira Euskal Hezkuntzaren Komunitatea eraikitzeko egiten ari garena (egiten ez duguna esan beharko nuke) inon ez salatzeko? Non demontre daude urtero sare guztiek Microsofti sekulako dirutza ordaintzen diotela (milaka ikasleei software pribatiboa erabiltzera behartuz) ez salatzeko? Zergatik ez dute salatzen ezagutza eraiki, partekatu eta zabaltzeko ikastetxeok erakusten dugun jarrera ezkorra?…
Horrela jarrai nezakeen arren, beste gauza bati heldu nahiko nioke. Deigarria egiten zait ikustea, beste esparruetan, langileen eskubideak aldarrikatzen diren bitartean eta “Lan berdina, soldata berdina” bezalako sloganak botatzen diren bitartean, hezkuntzaren munduan hori nola ukatzen den. Baina deigarriena, zalantzarik gabe, ukazio horretan sindikatu batzuk ikustea. Ikastoletan eta kristau eskolatan lan egiten dugunok soldata baxuagoak eta lanordu dezente gehiagorekin lan egiten dugu. Hori onartu behar al dugu?
Badakit zuetako askok esango duzuela, oposaketarik ez ditugula pasatu eta arrazoia daukazue. Baina etengabeko prestakuntza derrigorrezkoa den gizarte honetan, nola arraio justifika dezakegu bizi osorako ahalmen bat ematen duen azterketa bat? Ez al da logikoagoa beste sistema bat ezartzea, irakaskuntzaren izaera aldakorra aintzat harturik? Ez al da logikoagoa irakasleen promoziorako antzinatasunaz gain, eginiko formazioa, proiektu kolaboratiboetan izandako partaidetza, burututako ikerketa lanak, ezagutza zabaltzeko eginiko ahaleginak… bezalako irizpideak aintzat hartzea? Nik uste dut sare publikoko eragileek horrenbeste aldarrikatzen dituzten kalitate irizpideak benetan ezarri nahi badituzte, oposaketen sistemaren amaiera berehala eskatu beharko luketela.
Bestalde, ahoa bete hortz, Eskola Publikoaren alde hitz egiten duten horiek, inoiz planteatu al dute zein den izaera publikoaren esanahia? Publikotasunaren kontzeptua erakunde baten titularrarekin lotzea hanka sartze itzela iruditzen zait niri. Hau da, erakunde baten titularra administrazio publikoa izateak ez du esan nahi zerbitzu publiko bat eskaintzen duenik eta, alderantziz, erakunde pribatu bat izateak ez du esan nahi zerbitzu publiko bat eskaintzen ez duenik. Adibide ugari dago hori frogatzeko eta nik uste dut badela garaia “publiko vs pribatua” dikotonomia faltsu eta antigoaleko horrekin amaitzeko. Eska diezaiegun erakundeei eskatu beharrekoa eta eman diezaiegun merezi dutena, baina ez titularraren arabera, gizarteari eskaintzen dioten zerbitzuaren arabera, baizik.
Nik uste dut administrazioak irizpide garbi batzuk ezarri beharko lituzkeela ikastetxeen finantziazioa bermatzeko eta hezkuntza politika sustatzeko. Adibidez, euskalduntze prozesuari ikastetxeak egiten duen ekarpena, eleaniztasunaren aldeko konpromisoa, etorkinen eskolatze prozesuan duten jarrera, berrikuntza pedagogikoaren alorrean egindako ahaleginak, ikas komunitatearekiko jarrera, kontuen gardentasuna eta kontrola, benetako partaidetza eta egitura demokratikoaren sustapena, etengabeko hobekuntzaren bidean emandako urratsak… bezalako irizpideak ez al lirateke justuagoak izango? Eta hori guztia udalen partaidetza eta jarraipena erabiliz, ez al litzateke posible izango? Nik uste dut baietz.
Oraindik ere, ikastetxe asko dago, publiko nahiz pribatuak, euren ezagutza, instalazioak bezala, gordetzen dutenak; giltzapean. Beste asko, euskalduntze prozesuan ezer gutxi egiten dutenak. Asko eta asko dira egitura demokratiko eta funtzionamendu garden batetik oso urruti daudenak. Hori bai, ikasle kopuru jakin bat dutenez, egundoko ahaleginak egiten dituen beste edozein ikastetxe batek bezala diru laguntza jasotzen dute.
Amaitzeko, hezkuntzaren inguruan dabiltzan eragile guztiei gauza bat eskatu nahiko nieke, XIX. mendeko formulak alde batera utzi eta XXI. menderako baliagarriak izango diren soluzioen bila lanean jar daitezela. Urte hauetan, sare ezberdinetako ikastetxeetan ibiltzea egokitu zait eta bertan bizi izan dudana, jaso dudana eta entzun dudana oso-oso urruti baitago irudikatu nahi diguten sareen arteko enfrentamendutik. Nire aldetik, euskal hezkuntzaren komunitatea indartzeko ahaleginarekin segituko dut.